Martxel Ensunza UEUkide lasai eta alaia

2025eko irailaren 5a

Martxel Ensunza UEUkide lasai eta alaia
Martxel Ensunza Lekunberri 1984. urteko Udako Ikastaroetan

2025eko abuztuaren 23an hil zaigu Martxel Ensunza Lekunberri. Loiun jaioa zen 1952an eta handik Bilborako bidea hartu zuen gaztetan. Ziurrenik ere, gaur egungo UEUkide gazteentzat ezezaguna izango da, baina 1977tik aurrera UEUk Iruñerako bidea hartu zuenenean, eta bertako Larraona ikastetxean udako hamabostaldiko ikastaroak barnetegi gisa antolatzen hasi ginenetik, UEUkide bikaina bihurtu zen, boluntario militanteen kemenez parte hartu baitzuen eukarazko unibertsitate jaioberri hartako azpiegiturako lanetan. Martxelen ohorez idatzi dut artikulu hau, beraren ekarpen batzuk aipatzea merezi duelakoan, oraingo UEUkide gazteek nondik eta nola hasi ginen jakin dezaten, eta orduko aitzindarien memoria ezagutu eta gorde dezaten.

Martxel ingeniari euskaltzalea. Martxelek Bilboko Ingeniaritza Eskolan egin zituen ikasketak, eta bertan zela garatu zuen euskaltzaletasuna, halako moldez non, karrera-amaierako proIektua euskaraz aurkeztea erabaki baitzuen. Orduan ezagutu nuen, mesede-eske etorri baitzitzaidan Leioara, lagunduko ote nion proiektuaren testua Zientzietako Euskal Kultura Taldean (ZEKT) Elhuyar taldean eta Unibertsitate Zerbitzuetarako Ikastetxean (UZEI) lantzen ari ginen eredura egokitzen. Zer gehiago nahi nuen! Une hartatik aurrera hurrengo hamarkadetako lankidetza emankorra abiatu zen gure artean.

Martxel Euskara Teknikoa irakasgaiko irakasle EHUn. Laurogeiko hamarkadan hautazko irakasgai ofizial bat onartu zen izen horrekin Leioako Zientzia Fakultatean, zehazki Fisika, Kimika, Matematika, Biologia eta Geologiako ikasleei zientzia eta teknikarako euskara lantzeko aukera emanez. Martxelek lortu zuen irakasgai horretarako irakasle-kontratua. Buruz buru aritu ginen elkarrekin programa, materialak eta behar ziren osagaiak prestatzen. Beti ere, orduko utopia hura errealitate bihurtzeko asmoz. Eta bidean Martxel UEUko langile boluntario bihurtu zen hurrengo hamarkadetan, bi milako urteen mendeko lehen hamarkadako erdialdera arte.

Martxel UEUko ikastaro-emaile eta liburugilea. Hasteko, EHUko irakasgaiarekin buru-belarri zegoela, haren propaganda egiten saiatu zen bertan, euskara teknikoaz interesaturik zeuden UEUkideentzat. Hainbat urtez, ikastaro eta hitzaldi asko eman zituen Larraonan, bide batez apunte gisako eskuzkribuak prestatuz, gerora liburu formatuan argitaratuko zituenak UEUn bertan. Oker ez banago, dozena bat liburu argitaratu zituen, unibertsitateko irakaskuntzan erabiltzeko.

Martxel UEUko argitalpen-zerbitzuko arduradun eta marrazkilari tekniko. Euskarazko liburugintzarekin kezkaturik, 1980ko hamarraldian parte hartu zuen UEUko argitalpengintza-zerbitzuaren sorreran, eta bertako batzordeko kide izan zen hainbat urtetan.Garai hartan oraindik ez zegoen zabaldurik ordenagailu eramangarrien erabilera, eta liburuen testu originalak eskuz idatzita jasotzen ziren. UEUn Mari Karmen Meñika idazkari-mekanografo bikainak idazmakina elektrikoz berridazten zituen testuak liburu formatuan, tartean hutsuneak utziz sinbolo matematikoak, ekuazioak eta formulak geroago eskuz txertatzeko, baita irudi teknikoak ere marrazteko. Idazmakinaz idatzitako orrialdeak Martxeli pasatzen zizkion eta berorrekRotringbolaluma bereziaz eta marrazketako tresneriaz betetzen zituen hutsuneak. Martxelek marraztu zituen nik idatzitako fisikazko liburuetako irudi gehienak.

Martxel Larraonako musikazale, gitarrajole eta kantaria. Martxelen zaletasunik handienetakoa musika zen. Txukun jotzen zuen gitarra eta harekin harmonian kantatzea gustatzen zitzaion. Euskal kantak maite zituen, eta zer esanik ez,Ez dok hamahiru mugimenduaren jarraitzailea zen. Larraonako aisialdiko tarteetan, ikastaroak bukatutakoan, zenbat kantaldi ez ote genuen egin beraren arrimuan, gero etorriko ziren herrietakoKantu jiraetaKantari herritarren aitzindari.

Martxel Larraonako txistularien atabalaria.Txistu-doinuen zale ere bazen; eta, bereziki, atabala jotzea gustatzen zitzaion. Hain zuzen, Larraonako barnetegian, egun osoa baliatzen zen mota askotako ekintza ludikoak prestatzeko. Afalosteko orduak ez ziren nolanahikoak. Antzerki, bertsosaio edo kantaldi antolaturik ez bazegoen, erromeria antolatzen genuen bat-batean, kafetegiko egongela handian. Klasikoa zen sistema: nahikoa genuen txistulari-talde txikiaren soinuarekin: Joxe Ramon Arbe eta Luis Mari Bandres txistulariak eta Martxel atabalaria. Zenbat kalejira, aurresku, fandango, arin-arin… ez ote genituen dantzatu, biharamunerako ikastaroetara umore onez joateko bezperan. Horretaz, Martxelen umorearen anekdota txiki bat. Luis Mari Bandres, UEUkide fina izateaz gain, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Sailburua ere izan zen 1980ko hamarkadako amaiera-aldean. Haren lagun mina zenez, Martxeli gustatzen zitzaion esatea, “Sailburuaren atabalaria” zela; harro.

Baina horien guztien gainetik, Martxel adiskide ona izan zen niretzat.Nola ez dut, ba, Martxel gogoan gordeko? Gu bion bizitzen hainbat urtetan zehar izandako harremana ez da heriotzarekin amaitu. Hortarako dugu memoria, bizi garen artean iraun dezakeena. Eta nik horrelaxe daukat gordeta.

Jose Ramon Etxebarria Bilbao