Marije Bidaguren: "Gure egunerokoan euskaraz ikertu, lan egin, ikasi eta bizitzeko tresnak behar ditugu; eta Inguma da horietako bat"

2023ko martxoaren 23a

Marije Bidaguren: "Gure egunerokoan euskaraz ikertu, lan egin, ikasi eta bizitzeko tresnak behar ditugu; eta Inguma da horietako bat"

Marije Bidaguren Ajuria-Auzokoa (Gernika 1976) UEUko dokumentalista da. Bibliotekonomia eta Dokumentazioan diplomatua, gaur egun, UEUk gidatzen duen Inguma datu-basearen arduraduna da. Berarekin egitasmo honen garrantziaz eta egin dituzten berrikuntzez hitz egin dugu.

Euskal komunitate zientifikoa biltzeko eta ezagutarazteko erreminta da Inguma. Zer aurkitu dezakegu bertan?

Euskaraz egiten den zientzia, ikerketa eta produkzio intelektuala dago. Azken 55 urteetan argitaratu edo ekoitzi diren liburu, artikulu, itzulpen, doktorego-tesi... eta ahaztu gabe ahozko produkzioa, ikastaro, hitzaldi eta irakasgaiak. Mende erdiko euskal aditu eta arituen goi-mailako produkzioa. 206 erakunderen produkzioa, 13.000 egile, 46.000 erregistro baino gehiago... Zenbakietan galdu gabe, Inguman, euskaraz sortzen den jakintza dago. Ikertzaile, zientzialari eta pentsalari euskaldunek beren lanaren emaitzak euskaraz partekatzen dituzte ikasle, irakasle edo profesionalen eguneroko jakintza-beharretan euskaraz bizi eta aritzeko.

Bilgunea bai, baina komunitatea elkar ezagutu eta harremanetan jartzeko espazioa ere bai.

Gure datu-basean aurkitzen dira bestela sakabanatuta dauden euskarazko goi-mailako jakintza-arlo guztietako lanak eta haien egileak. Euskaraz produzitzen duten egileak, aditua eta arituak, aurki daitezke, haiekin kontaktuan jarri, posta elektronikoz mezua bidaliz edo Artizarra sare sozialaren bidez zuzenean.

Zergatik da garrantzitsua Inguma?

Euskarazko goi-mailako idatzizko eta ahozko ekoizpenaren bilgunea da. Ekoizpen horri ikusgarritasuna ematen dio eta aldi berean euskararen prestigioan laguntzen du, goi-mailako zientzia euskaraz ere egiten dela erakutsiz eta horren adierazleak plazaratuz.

Gaur egun zientzia eta ikerketaren garrantzia ez du inork ezbaian jartzen, gizarteak produkzio zientifikoa eskuragarri izan behar du. Inguman euskaraz egiten den zientzia dago, euskaraz ari diren zientzialari, ikertzaile eta pentsalariak.

Gure egunerokoan euskaraz ikertu, lan egin, ikasi eta bizi ahal izateko tresnak behar ditugu. Inguma tresna horietako bat da. Zientzia eta ikerketa, produkzio zientifiko-kulturala, euskaraz badago, eta, Inguman biltzen da. Horregatik egunero hobetzen ari gara zerbitzu eraginkorrago bat emateko, euskaldun gehiagoren beharretara egokitzeko.

Horrez gain, Ingumak euskarazko produkzio zientifikoaren egoera eta argazkia ematen digu. Zer egin den, zer arlotan, kopuruak, ezaugarriak... Pixkanaka garatzen ari garen eremua da Ingumako Datuak atala, baina jada ikus ditzakegu esanguratsuak diren zenbait irudi: gizon eta emakumeen arteko produkzio kopuruaren desberdintasunaren garapena, jakintza-arlo desberdinek duten pisua euskarazko produkzioan... Zientzian eta ikerketan azken 55 urteetan egin dena nola garatu den aztertzeko parada ematen digu Ingumak, euskarazko produkzio zientifikoaren argazkia, gauzak nola dauden jakiteko eta hobetzeko ekintzak garatzeko ezinbestekoa.

Berrikuntzekin dator Inguma. Bilaketa-sistema erraztu nahi izan zaio erabiltzaileari. Nola?

Kontsulta egiten denean makinak kontsulta-hitz horiekin egiten duena hobetzen ari gara. Atzetik lanean dabilen bilaketa-motorra aldatu dugueta motor berri horrek eremu gehiagotan bilatzeaz gain,hitzak lematizatzen ditu: hitza errora eraman eta erro horretatik abiatzen du bilaketa. Adibidez, "mendietako" hitza "mendi" bihurtuko luke. Emaitza kopurua handitzen da kointzidentzia zehatza bilatzen zuen sistemarekin alderatuta.

Hobekuntza hau bilaketa sinpleetan eta aurreratuetan egin da. Bilaketa aurreratuetan, horrez gain ,eragile boolearrak gehitu ditugu. Eragile logikoak dira horiek, hala nola "eta", "edo" eta "eta ez" (ingelesezko aldaeran, agian, ezagunagoak AND,OR, NOT): bilaketa egitean zer hitz bilatu nahi den, zein ez, hitz-elkarketak... bilaketak murrizteko edo zabaltzeko tresnak dira. Ingumak dituen milaka erregistroetan bilaketa landuagoak egiteko erabilgarriak.

Azkenik, iragazkien funtzionamendua hobetu dugu. Bilaketa-emaitzak murrizteko oso erabilgarria da tresna hau eta emaitza gure beharretara egokitzen lagunduko digu.

Emaitzak erakusteko eran ere hobekuntzak egin dira. Zeintzuk?

Erabiltzaileari erosoago eta intuitiboagoa egingo zaion formatu bat eskaini nahi dugu. Emaitzaren erregistroetan informazio gehiago eman eta aldi berean modu erraz batean identifikatu ahal izatea. Horretarako erregistro bibliografiko klasikoaren eredua erabili dugu, orokorrean formatu horretara ohituak gaudelako: Izenburua, Egilea, Urtea... Horretan ez dugu aldaketa nabarmenik egin, ordena pixka bat jarri besterik ez.

Aldaketa ikusgarriena bilaketa-hitzen nabarmentzea izan da, eta erregistro bat emaitza-zerrendan zergatik agertzen den begirada batez jakin dezakegu. Gure kontsulta zein izan den momentu guztian ikus dezakegu eta iragazkien aukeraketa eta bistaratzea hobetu ere. Azkenik,emaitzak kudeatzekotresnak hobetu ditugu:bistaratzeko, inprimatzeko eta gordetzeko.


Jakintza-arloak