Manex Mantxola Urrate: “Ezinbestekoa iruditzen zaigu euskararen normalizazio prozesuan lan eremua euskalduntzeko neurri ausartak hartzea”

2024ko ekainaren 14a

Manex Mantxola Urrate:  “Ezinbestekoa iruditzen zaigu euskararen normalizazio prozesuan lan eremua euskalduntzeko neurri ausartak hartzea”

Euskalgintzaren Kontseiluak eta UEUk Tolosan antolatutako “Lan eta bizi euskaraz. Eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko estrategia berriak arnasguneetatik” jardunaldiaren biharamunean Manex Mantxola Urrate (1991, Urretxu) Euskalgintzaren Kontseiluko koordinatzailearekin izan gara. Eremu sozioekonomikoaren estrategikotasunaz eta jardunaldiko ondorio nagusiez hitz egiteko

Lanean egiten dugu denborarik gehiena. Hortik eremu sozioekonomikoaren estrategikotasuna?
Bai. Eremu sozioekonomikoa estrategikoa da. Azken finean gure bizitzaren parterik handiena lanean pasatzen dugu edo beste norbaiten lanaz baliatzen. Horrek agerian uzten du lan munduaren izaera egituratzailea, baita hizkuntzei dagokienean ere. Lan munduan egiten den hizkuntza hautuak norabide batera edo bestera eraman dezake edozein hizkuntzaren egoera; kasu honetan, euskararen normalizazioa.

Eskubideak errealak eta benetakok dira bizitzako eremu guztietan bermatuta daudenean. Kasu honetan, lan eremuan barne. Horregatik, ezinbestekoa iruditzen zaigu euskararen normalizazio prozesuan lan eremua euskalduntzeko neurri ausartak hartzea eta horretarako hizkuntza politika eraginkorrak bideratuko dituen akordio soziopolitiko berri eta zabal bat behar dugu.

Tertziarizazioak, hirugarren sektorearen nagusitasunak, zein eragin du?
Ekonomiaren tertziarizazioak eragin zuzena dauka hizkuntzengan. Azken finean XIX-XX mendeetan bigarren sektorea izan da nagusi eta orain hirugarrenak hartu du postu hori. Adituek adierazi izan duten bezala, neurri batean manufakturatik logofaktura delako batera igaro gara, zeinetan hizkuntzek aktibo ekonomiko gisara pisu gehiago hartu duten. Ondasunak edo merkantziak saltzeko garaian, hizkuntza baten bitartez egin behar da eta, sarri, hizkuntza bera da salgai. Testuinguru horretan, hizkuntza hautu bat egin beharra dago, noski. Hori guztia merkatuaren logikaren eta ahalik eta etekin handiena lortzeko helburuarekin. Horrek, argi eta garbi, hizkuntza hegemonikoen aldeko desoreka areagotzen du.

Desoreka horri erantzuteko edo hori orekatzen saiatzeko eskura dauzkagun mekanismoak politika publikoak dira eta alor horretatik ere eragin behar da., baina ez hori bakarrik: hiztun komunitate bati dagokionean frogatuta geratu delako norbere hizkuntzan lan egiteak dakartzan onurak: aukera berdintasun aldetik, hurbiltasun aldetik, fideltasun aldetik, talentua erakartzeko... Neurri handi batean, euskararen balio erantsi horren aldeko diskurtsoa garatzeko eta egituratzeko lan hori ere badaukagu, beti ere, eskubideak oinarri hartuta.

Zeintzuk dira atzo ateratako ondorio nagusiak edo azpimarratu beharrekoak?
Sekulako lana egin dela lan eremua euskalduntzeko, baina azkenaldiko dinamikek erakusten dutela mantentze edo agortze fase batera heldu direla eta, ondorioz, errezeta berriak behar ditugula. Euskararen normalizazioan sekulako lana egin da euskalduntze arloan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa gazteenen artean ia ia ezagutzaren unibertsalizaziora heltzeraino. Hala ere, lan guzti hori hankamotz geratzen da erdaldunduta dagoen lan eremu batera heltzen denean belaunaldi euskaldundu hori. Pertsonok egokitzeko joera dugu, 2017ko Arrue ikerketan azaldu bezala, konbergentziarako joera bat. Jende euskalduna lan eremu erdaldundu batean txertatzen denean, erdaldundu egiten da.

Hala, esan dezakegu lan mundua badela euskararen normalizaziora bidean daukagun erronka nagusienetako bat eta argia dela aurkako korronte bat dagoela, hizkuntza hegemonikoen aldekoa, eta hor eragiteko neurri ausartak behar ditugula, hizkuntza politika eraginkorrak, sustapenetik eta sentsibilizazio kanpainetatik harago doazenak. Arautuko dutenak, genero auzian egin den bezala. Genero zapaldu bat baldin badago, bigarren mailan ezarria, horri erantzuteko neurriak ezartzen diren bezala, zergatik ez dugu berdina egingo diglosi egoeran dagoen hizkuntza batekin?

Jauzi hori egituratzeko akordio soziopolitiko berri, zabal eta adostu baten beharra ikusten dugu eta Kontseiluak ildo horretan jarraituko du lanean. Nahiz eta oinarri batzuk baditugun eta hori posible dela erakusten duten ereduak ere, euskaraz lan eta bizi nahi badugu, aurretik lan handia daukagu.

Jakintza-arloak