Maider Itoiz: "Eskola askok psikogela daukate eta hori eskertzekoa den arren aurrerapausoak eman behar dira formakuntzan"

2023ko maiatzaren 4a

Maider Itoiz: "Eskola askok psikogela daukate eta hori eskertzekoa den arren aurrerapausoak eman behar dira formakuntzan"

Psikomotrizitatea eskola barruan jardunaldia: esperientzietatik etorkizunera jardunaldia egingo da ekainaren 3an Iruñean. UEUk eta Amane Elkarteak antolatu dute elkarlanean eta Maider Itoiz Orozekin (Iruña, 1978) izan gara jardunaldiaren inguruan hitz egiteko. Itoiz, Arte Ederretan lizentziatua da eta formatua da arte-terapian, sormen-hezkuntzan, Montessori pedagogian, psikomotrizitate-hezkuntzan eta terapia-praktikan eta sistemikan. Psikomotrizista espezialista da eta pedagogia berritzaileak helburu dituen Amane Elkarteko kidea.

Psikomotrizitateak haurtzaroaren garapenerako duen garrantzia azpimarratu nahi duzue jardunaldian. Ez zaio behar besteko garrantzirik ematen?

Gure ikuspegitik ez; ez instituzio-mailan, ez sistemaren aldetik, ezta modu sakon batean ere. Orain dela urte batzuk berritze pedagogiko indartsu batean sartu zen eskola (konfiantzaren pedagogia, txokoak, zirkulazio librea, pedagogia aktiboak, psikomotrizitatea...), eta, egia da ikastetxe-mailan, zuzendaritza-mailan, irakasleria-mailan aldaketak egin direla, aurrerapausoak ere bai, baina hezkuntza-sistema oso konplexua da eta sustraiak eraldatzeko oraindik urrun gaude.

Haurrek dituzten beharrak asetzeko eta irakasleen berrikuntzarako behar diren baliabideak edukitzeko estrukturalki aldatu behar da eskola, eta gure ustez, oraindik bidea dago egiteke, psikomotrizitatearen alorrean barne.

Hau oso ikuspegi pertsonala da, eskolan gorputzak eta arteak leku handiagoa izan beharko lukete alde batetik, eta ratio txikiagoak bestetik.

Eskola barruan psikomotrizitateak dituen onurak jarriko dituzue balioan.

"Haurrak psikogelara deskargatzera eraman", hau izan daiteke ikastetxe batean entzun daitekeen esaldi bat. Ikastetxe askotan psikogela dago baina espezialistarik gabe, hortaz gure ikuspegitik ez da psikomotrizitate-praktika berez egiten. Musika, gorputz-heziketa eta ingeleseko eskoletan espezialista bat egongo da, baina psikomotrizitatea espezialistarik gabe egiten da, eta askotan, bakarrik Haur Hezkuntzako haurrentzat. Orokorrean jolas eta mugimendu askearen garrantzi sakona ez da ezagutzen, hau da gorputzak duen garrantzia. Horregatik jardunaldien helburuetako bat da psikomotrizitateak dituen sekretuak eta onurak ulertaraztea eta prebentzio-mailan izan ditzakeen probetxuak jakinaraztea.

Zein da gaur egun eskoletan duen tokia?

Egia esan komunitateen arabera, ikastetxeen arabera, zuzendaritzaren arabera eta irakasleen arabera, pixka bat denetarik, segun eta non begiratzen dugun. Nire lanagatik tutoreekin kontaktuan gaude eta psikomotrizitatea inoiz entzun ez duten irakasleak daude, adibidez. Beste puntan daude prebentzio-mailan sartu diren eskolak edota orientazio terapeutikoa duten ikastetxeak. Hala ere, egia esan, azken horiek gutxiengoa dira. Eskola askok psikogela daukate eta hori eskertzekoa da, baina aurrera egin behar da formakuntzarekin edo espezialistak sartu.

Psikomotrizitatearen praktika profesionala beharrezkoa dela diozue. Zergatik?

Psikomotrizistok haurren zailtasunekin eta gaitasunekin lan egiten dugu. Gure kasuan, eskola barruan zein arlo pribatuan egiten dugu lan, haurrekin, familiekin eta irakasleekin.

Haur Hezkuntzako ikasgeletan ikusten diren hezkuntza-premien hazkundea esanguratsua izan da eta mende honetako hezkuntza-erronka garrantzitsu bat ahalbidetzea zaildu egiten du: aniztasunarekiko arreta berdintasunaren eta justizia sozialaren balioekin artikulatzea. Are gehiago, Haur Hezkuntzan, ikasleek banakako arreta eta garatzeko ingurune eta giro segurua behar dutenean.

Testuinguru horrek gero eta konplexuagoa bihurtzen du lan profesionala eta hezkuntza-kalitatea kolokan jartzen du. Horregatik, haur eta familiek dituzten zailtasunei aurre egiteko praktika psikomotrizeko esku-hartzearen beharra dagoela uste dugu. Egungo testuinguru konplexuari eragiten dioten arrazoien artean egon daitezke muga falta duten hezkuntza-ereduak, autoritate-figura hauskorrak, atxikimendu-harremanen arazoak, gehiegizko estimulazio motak (digitalak, akademikoak, sozialak)... haurrarentzat integratzeko zailak direnak. Azken batean, haurrak behar duen segurtasuna eragozten dute, haren barneko bizipenean eragin negatiboak izango dituzte eta bai gorputzaren bai mugimenduaren bitartez adieraz ditzake. Hala ere, gure esperientziatik jakin badakigu zailtasun hauek guztiak arintzen laguntzea posible dela haurren garapenerako eta familien orientaziorako doikuntza eta egokitzapenak sustatuta.

Gure ibilbide profesionalak aukera eman digu haurren inguruan errepikatzen diren zailtasunak aztertzeko. Alde batetik, inhibiziorako joera duten eta talde handian moldatzeko zailtasunak dituzten haurrak ikusten ditugu. Haur horiek, agitazioan kokatutako beste haur batzuen asaldurak inbadituta, beren garapenean eta autoestimuan arazoak azaleratzen dituzte. Bestalde, gehiegizko mugimenduan errefuxiatuta dauden haurrak daude, funtzio sinboliko eskasa dutenez esparru segurua behar dutenak. Kasu batean zein bestean adierazpen psikomotorraren bidez laguntza behar dute. beren buruaren ikuspegi positiboa eta berdinekiko errespetuzko harremana berreskuratzeko, nortasuna eta autonomia lortzeko funtsezko helburuekin haurraren prozesuan bidelagun izanik.

Psikomotrizitatearen alorreko esperientzia desberdinak partekatzeko gunea ere izango da jardunaldia.

Bai, ikastetxe eta proiektu ezberdinei egin genien gonbidapena eta ikastetxe bi eta elkarte bat etorriko dira jardunaldira. Bertan izango ditugu psikomotrizista espezialistak eskola barruan sartu dituen ikastetxe bat, prebentzio-proiektu bat hasi berri duen ikastetxe bat eta psikomotrizitate-praktika hezkuntza-mailan aurrera eramaten duen beste bat.

Esperientziak eskaintzen dizkigun hausnarketetatik abiatuta, etorkizunean izan ditzakegun aukera berriak elkarrekin proiektatzea elkartruke honen ondorioetako bat izatea nahi dugu. Gure eskola-ereduan eta konkretuki psikomotrizitatearen alorrean gure hazitxoa erein nahi dugu gure haurren beharrak eta eskubideak asetzen dituen beste geroaldi aberatsago eta osoago bat eraikitzeko.

Nori dago zuzenduta?

Psikomotrizistei, irakasleei, ikasleei, zuzendariei, hezkuntza-teknikariei, gurasoei, hezkuntza-komunitatean parte hartzen duten guztiei eta konkretuki pedagogia-berrikuntzarekin konpromisoa duten pertsona guztiei dago zuzenduta.

Zer da jardunaldiarekin lortu nahi duzuena?

Hezkuntza-komunitatea sentsibilizazio-prozesu batean sartzea eta psikomotrizitateak daukan pisuaren zergatia ikuspegi sakon batetik ikusaraztea. Horrekin batera prebentzio-mailan psikomotrizitateak dauzkan baliabideak ulertzea eta, hortaz, hezkuntza-alorrean behar duen lekua eta garrantzia ematea eta profesionalen beharraren zergatia argitzea.

Jakintza-arloak