Maialen Martija Diez: "Atmosferaren eta ozeanoen arteko erlazioa oso estua da"
2024ko martxoaren 6a

Maialen Martija Diez (Bilbo, 1981) deustuarrak Fisika ikasi zuen Leioan (lizentziaturako lehenengo 3 urteak, lehenengo zikloa) eta gero Madrilera joan zen (UCM, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsea) Meteorologia (Airearen fisika) ikastera. Bukatu eta berehala, Tecnalian (Euskalmet) hasi zen lanean eta geroago tesia egiten hasi zen Madrilen. 2022ko urrian defendatu zuen tesia: Europako mendebaldeko udako klima-aldakortasunean ENSOk duen inpaktua. Gaur egun EHUko irakaslea ere bada, Fisikako departamentuan, Leioako Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Egindako ikerketaz gehiago jakiteko izan gara berarekin.
Fisikako ikasketak egin ostean ikerketaren mundurako urratsak eman zenituen. Zergatik Fisika? Zergatik ikerkuntza?
Batxilergoa ikasi nuenean argi neukan zientziako ikasketak egingo nituela. Nire garaian Ingeniaritza ikastea zen ohikoena eta “gomendatuena”, baina nik ez neukan interesik ingeniaritzetan. Txikitatik argi neukan gertaeren arrazoia jakin eta ulertu nahi nuela eta, beraz, Fisika egitea erabaki nuen. Hasiera baten astrofisikak erakartzen ninduen, baina hirugarren mailako hautazko ikasgai bat egin nuenean (Hodeien fisika), segituan konturatu nintzen hori zela nik ikasi nahi nuena.
Ikasketak bukatuta, Tecnalia-Euskalmeten hasi nintzen lanean. Iragarpena egiten eta batez ere hedabideetan kontatzen. Baina lan hori txandaka egiten da, 3 txanda (goiz-arratsalde-gau) eta urteko egun guztietan (jaiegunetan barne). Beraz, seme-alabak izan nituenean txanda horietatik kanpo lan egitea eskatu nuen eta ikerketa-munduan murgildu nintzen Tecnalia-Euskalmeten bertan.
Europa mendebaldeko udako klima-aldakortasuna izan duzu jomugan. Nola sortu da ikertzeko aukera?
Komentatu bezala, Madrilgo UCMn bukatu nuen karrera. Beraz, ikertzen hastea erabaki nuenean hango irakasle batzuekin jarri nintzen harremanetan eta haien taldeetan nire interesak izan zezakeen tokia aztertzen hasi nintzen/ginen (irakasleen laguntzarekin, noski). Gaiak Tecnalia-Euskalmetentzat interesgarria izan behar zuen eta beraz, Euskal Herriko klima-aldakortasuna ikastea erabaki genuen. Hasiera batean, ikerketa-taldeak Europa mailarako zituen ondorioak Euskal Herrian aztertzea izan zen ideia, baina lortutako emaitzak berritzaileak ziren eta aurretik ikerketa-munduan topatu izan ez zirenak. Beraz, Europako lurralde handiago batera zabaltzea erabaki genuen.
Aldaketa horietan ENSOk duen eragina aztertu duzu. Zer fenomeno da baina?
ENSO (El Niño eta Hegoaldeko Oszilazioa) Ozeano Barearen ekuatorean gertatzen den fenomeno naturala da. Zenbait garaitan, Ozeano Barearen itsas azaleko ura berotu egiten da eta beste batzuetan hoztu egiten da. Berotu egiten denean, El Niño fenomenoa dugula esaten da, eta hoztu egiten denean, La Niña.
Ozeano Barearen ekuatorean alisioak dabiltza, ekialdeko haizea. Bertan ekialdeko haizea da batez bestean daukaten haizerik ohikoena. Alisioen ondorioz, itsas azaleko ur beroa Peruko kostaldeetatik Ozeaniarantz desplazatzen da. El Niño garatzen hasten denean, alisioek indarra galtzen dute eta, ondorioz, itsas azaleko ur bero hori ez da Ozeaniarantz mugitzen eta Peruko kostaldean pilatzen da. Ondorioz, bertako itsas azaleko uraren tenperatura igo egiten da eta ohikoa baino beroagoa da. Eta La Niña fenomenoa justu kontrakoa da. Alisioak indartu egiten dira eta, beraz, Peruko kostaldeko itsas azaleko ur beroa Ozeaniarantz desplazatzen da ohikoa baino gehiago, eta hortaz, Peruko itsas azaleko ura ohikoa baino hotzagoa da.
El Niño eta La Niñaren eraginez gertatzen diren itsas azaleko uraren tenperaturaren aldaketak batez besteko tenperaturarekin alderatuz ez dira oso handiak, 2-3 gradu gehienez jota, baina beroketa edo hozketa horiek izugarrizko eragina daukate bai bertako kliman eta baita munduko beste hainbat tokitako kliman ere.
Madrilgo UCMko ikerketa-talde garrantzitsu batek ENSOk mundu-mailako kliman duen eragina aztertzen duenez, Euskal Herriko eta Europa mendebaldeko klima-aldakortasunean fenomeno horrek duen inpaktua aztertzea erabaki nuen.
El Niño eta La Niña eragiten dituzten uhinek badute zerikusirik aldaketa horietan.
Bai. ENSOk mundu-mailan klima-aldakortasuna azaltzen duen fenomeno garrantzitsuena da. Ozeano Barea erraldoia da eta, beraz, ur-azaleko tenperatura apur bat aldatuz gero, bertan metatzen edo disipatzen den energia izugarri handia da. Ozeanoek bero-ahalmen handia daukate, urak berak bero-ahalmen handia duelako. Eta beraz, ozeanoek energia handia hartu edo askatu behar dute beren tenperatura gradu pare bat igo edo jaisteko, eta energia hori atmosferatik hartu edota atmosferara askatu egiten dute. Elkarrekin banatzen duten energia hori atmosferak uhin moduan garraiatzen du munduko beste tokietara. Atmosferaren eta ozeanoen arteko erlazioa oso estua da, interakzioa oso handia da eta etengabe ari da gertatzen. Horregatik esaten da atmosfera eta ozeanoak akoplatuta daudela.
Nola iristen dira uhin horiek Europara?
Sortzen diren uhin horiek uhin-tren bat garatzen dute eta atmosferaren goi-geruzetatik hedatzen hasten dira. Europara heltzeko biderik ohikoena errepide moduan jokatzen duen jet korrontea erabiltzea da.
Jet korrontea lurrazaletik 10 km ingurura kokatzen da, eta atmosferan dagoen mendebaldeko haize-korronte indartsu bat da. Hegazkinek erabiltzen dute korronte hori Ameriketatik Europara arinago heltzeko (kontrako bidaia luzeagoa izaten da).
Eta horrela, ENSO eta Europa artean gertatzen diren erlazio hauei telekonexioak deritze.
Jet korronteak uhinen hedapenean urteetan zehar izan duen eragina aztertu duzu. Zer diote emaitzek?
Jet korronteak uhin-trenentzako errepide moduan jokatzen duela komentatu dugu. Beraz, errepide hori aldatu egiten bada, formaz edota norabidez, uhin-tren horiek era desberdinetan helduko dira helmugara, eta helmuga hori ere desberdina izan daiteke. Hori da ENSOren telekonexioekin gertatzen dena.
Urteetan uste izan da ENSOk eragin murriztua zuela Europako klima-aldakortasunean. Are gehiago, kontrako emaitzak topatzen ziren, hamarkada batzuetan El Niño garai euritsuekin erlazionatzen zen, eta beste hamarkada batzuetan, aldiz, El Niñok berak lehorteak eragiten zituen. Ez zen azalpenik aurkitzen itxurazko kontraesan horretarako. Azkenik, azken urteotan, jet korrontearen ezaugarriak aztertzea funtsezkoa dela ikusi da. Haren eragina telekonexioetan izugarria baita.
Beraz, ezin da udako klima aurreikusi?
Bueno, apur bat bai. ENSOk Euskal Herriko klima-aldakortasunaren ia % 50 azaltzen du udan. Beraz, bai aipa daitezke orokortasun batzuk.
Orain, Ozeano Barean, El Niño daukagu eta litekeena da ondorengo hilabeteetan erabat ahultzea eta datorren udan La Niña garatu liteke. Horrela balitz, La Niñak uda beroagoak dakartza gurean. Horri berotze global antropenikoa gehituz gero, uda benetan beroa izatea gerta liteke.
Txiotesian parte hartu zenuen. Zer-nolako esperientzia izan zen?
Oso esperientzia polita izan zen. Tesia bukatu eta berehala izan nuen parte hartzeko aukera eta, beraz, aurkezpenerako prestatutako baliabideak erabili nituen tesia 6 txiotan laburbiltzeko. Benetan erronka zaila da hori. Hainbeste urtetan egindako lana hain era laburrean kontatzea. Baina argi daukat hori dela gakoa. Jendea zientzi mundura hurbildu nahi badugu, gure ondorioak argi eta era labur batean kontatzeko gaitasuna izan behar dugu.
Zeintzuk dira esku artean dituzun erronkak?
Muturreko fenomenoetan ENSOk duen eragina aztertzea da nire ondorengo helburua. 1983. urtean, udan, Euskal Herrian izan diren uholde kaltetsuenak gertatu ziren. Uda horretan El Niño zegoen Ozeano Barean, inoiz izan den El Niño indartsuenetariko bat gainera. Bateragarritasun horretatik abiatuta, El Niñok muturreko euri-jasetan izan dezakeen eragina aztertzen hasi gara. Baina, tira, ikerketa-munduan gertatu ohi den bezala, baliteke inora ez eramatea ideia horrek. Ikusi/ikasi/ikertu beharra dago.