Laura López Espejo: "Ikasgelan bi figura egoteak —zeinuzkoa eta ahozkoa— ikusgarri egiten du hizkuntza biek berdin balio dutela"
2025eko uztailaren 1a

"Benetan inklusiboa al da gure hezkuntza ikasle gorrentzat? Interpreteaz haratago, hizkuntza, identitatea eta komunitatea erdigunean" jardunaldia egingo da gaur Eibarren UEUren Udako ikastaroen barruan. Bertan hartuko du parte Laura López Espejok (1990, Madril). Haur Hezkuntzako Goi Zikloa egin ondoren, Haur Hezkuntzan graduatu zen eta gerora Espainiako Zeinu Hizkuntzan espezializatu (LSE). Hezkuntza emozionalean graduondokoa ere badu. Gaur egun, Gaudeum ikastegian lan egiten du zeinu-hizkuntzan aditu legez. Ikastetxe elebiduna eta intermodala da, zeinu-hizkuntza eta ahozko hizkuntza integratzen dituena. Haur gorrei akonpainamendua egiten die beren lehen hizkuntzaren garapenean eta komunikazio oso baterako sarbidean. Haur horien familiekin ere lan egiten du, etxeko lotura eta komunikazio naturalerako lagungarri diren estrategiak sustatzen.
Zeinu-hizkuntzaren eta ahozko hizkuntzaren arteko elkarbizitza posible da ikasgeletan?
Bai; eta elkarbizitza hori erreala da, ez da bakarrik teorikoa. Ikasgelan bi erreferentek egon behar dute: pertsona bat zeinu-hizkuntzarako eredu izango dena eta beste bat ahozko hizkuntzan, biak batera lanean, berdintasunean. Era horretan, haurrek —gorrek eta entzuten dutenek— ikus dezakete hizkuntza biek balio bera dutela eta batean edo bestean ikasteak ez dakarrela inolako hierarkiarik.
Pertsona gor baten edo zeinu-hizkuntzan (LSE) maila altua duen signante baten presentzia oinarrizkoa da haur gorrek erreferente linguistiko natural bat izan dezaten, berarekin identifikatu ahal izateko eta beren hizkuntza bere osotasunean garatzeko. Hori da oinarria benetako hezkuntza elebidun eta intermodala ziurtatzeko.
Nola artatu ikasle gorren hezkuntza beharrizanak?
Funtsezkoa da lehen egunetik hizkuntzara sarbidea bermatzea. Haur gor askorentzat zeinu-hizkuntza da beren lehen hizkuntza, eta hau inguru aberats, irisgarri eta natural batean garatu behar dute. Horregatik, zeinu-hizkuntzan espezialistaren perfila oinarrizkoa da. Figura hori giltzarria da komunikazioa errazteko, emozionalki akonpainamendua egiteko, irakasle taldeari laguntza emateko eta familiak gidatzeko. Familia asko galduta sentitzen dira eta segurtasuna, orientazioa eta erreferente argiak behar dituzte. Gainera, ikasgelan gorra den norbait egotea —irakasle gorra, zeinu-hizkuntzan (LSE) erakusten duena zuzenean— nahitaezkoa da. Ez bakarrik eredu linguistiko moduan, baizik eta identitatearen, berdintasunaren eta harrotasunaren erreferente legez. Ikasgelan bi figura egoteak —zeinuzkoa eta ahozkoa— ikusgarri egiten du hizkuntza biek berdin balio dutela eta haur gorrek ez dutela eredu bakarrera moldatu beharrik. Beren hizkuntza propiotik haz daitezkeela eta ikas dezaketela.
Haur gorrei arreta ematea ez da materialak egokitzea, haien hizkuntzan ikasteko eskubidea bermatzea da, benetako erreferenteekin eta komunitate gorra ulertu eta errespetatzen duten profesionalekin.
Zein dira erronkak?
Begirada aldatzea. Zeinu-hizkuntza bakarrik euskarri bat dela pentsatzeari uztea eta hizkuntza oso legez errekonozitzea, gramatika propioarekin eta izugarrizko kultur eta hezkuntza-balioekin.
Ondo formatutako profesionalak bermatzea. Zeinu-hizkuntzan (LSE) maila altua duten espezialistak, gorren komunitatea ezagutzen dutenak eta familiei akonpainamendua egiteko gaitasuna dutenak. Prestatutako talderik gabe ez dago benetako hezkuntza elebidunik.
Berdintasun linguistikoaren eredua ikusgarri egitea. Kontua ez da dena ikasle gorrentzat “egokitzea”, zeinu-hizkuntza eta ahozko hizkuntza estatus berberarekin elkarrekin bizi diren inguruneak sortzea baino. Horrek giza errekurtsoak eskatzen ditu, erakundeen aldetik borondatea eta ikastetxeen konpromisoa.
Espainia osora zabaltzea ikastetxe elebidun intermodala. Gaur egun badira esperientziak zenbait hiritan, baina salbuespena dira oraindik ere. Erronkarik handiena ikastetxe horiek biderkatzea da, edozein familiak, bizi den lekua bizita, erraztasun osoz sarbidea izatea benetan intermodala den hezkuntza batera.
Hizkuntza propioa izateko eskubidea defendatzea. Azken helburua da haur gorrak beren hizkuntzarekin haztea, erreferenteekin eta harrotasunez, ikusten ez dituen sistema batera egokitu behar izanik gabe.
Zer espero duzu jardunaldi honetatik?
Benetako hausnarketarako espazioa izatea espero dut. Esperientziak konpartitzeko, galderak zabaltzeko eta dibertsitate linguistikotik hezkuntza ulertzeko modu berriak eraikitzeko aukera ematen digun espazio bat.
Gustatuko litzaidake jardunaldi honek ikusgarritasuna ematea zeinu-hizkuntzari, eredu elebidun intermodalari eta profesional gor edo zeinu-egileen nahitaezko paperari hezkuntza-zentroetan.
Eta, batez ere, espero dut familiak eta hezkuntza-taldeak segurtasun gehiagorekin ateratzea, erreminta gehiagorekin eta bestelako hezteko modu bat —errespetuzkoagoa, irisgarriagoa eta justuagoa— posible bakarrik ez , beharrezkoa delako ziurtasunarekin.