Benetan inklusiboa al da gure hezkuntza ikasle gorrentzat? Interpreteaz haratago, hizkuntza, identitatea eta komunitatea erdigunean.

Aurkezpena
TALDEA BETE EGIN DA (25-06-09, 15:30). Itxaron zerrenda zabaldu da.
.
Inklusioaren diskurtsoak gero eta presentzia handiagoa du hezkuntzan, baina oraindik erronka asko daude gainditzeko. Praktikan gauzatzen ari garen inklusio-ereduak erantzuten al die ikasle gorren behar eta eskubideei? Eredu horri buruz hausnartuko dugu jardunaldi honetan. Gaur egun eskaintzen zaizkien baliabideak —hala nola zeinu-hizkuntzako interpreteak eta PT irakasleak— beharrezkoak eta baliagarriak dira, baina ez dira nahikoak haien hezkuntza-eskubideak guztiz bermatzeko. Horrek, gainera, ikasle gorren hezkuntza eta gizarteratze-bidean oztopoak sortzen ditu. Horrela, inklusio erreal baterako kontuan hartu beharreko gakoei buruz arituko gara. Halaber, profesional gorraren rola eta beste toki batzuetan garatutako ekimen berritzaileak aztertuko ditugu. Helburua: ikasle gorren eskubideei eta beharrei erantzuteko hezkuntza-sistema hobea eraikitzea. Etorri eta parte hartu hausnarketa kolektibo honetan!
Jardunaldi hau elkarlanean antolatu dute UEUk eta ESHIE.ZHIE elkarteak.
Helburuak
- Ikasle gorren hezkuntza-beharrei erantzuten dieten eredu berritzaileak ezagutzea.
- Ikasle gorren beharrei buruzko hausnarketa egitea.
- Egun EAE eta Nafarroan dagoen hezkuntza-ereduari buruz hausnartzea, ikasle gorrei eskaintzen zaien hezkuntza-ereduan sakonduz.
Nori zuzenduta
Jardunaldi hau hezkuntzan lan egiten duten guztiei zuzenduta dago, batez ere ikasle gorrekin lan egiten duten profesional eta adituei. Horretarako, irakasleak, bitartekariak, aholkulariak eta zeinu-hizkuntzako interpreteak parte hartzera animatzen ditugu. Halaber, ikasle gorren erreferente diren zentroetako zuzendaritzako kideentzat eta erabakiguneetan parte hartzen dutenentzat ere interesgarria izango da. Azkenik, gorren familiei eta gor-komunitateari ere zabaldu nahi zaie, hezkuntzaren inguruko ikuspegi gehiago eskuratzeko eta euren eskubideak eta beharrak hobeto ulertzeko.