Josune Rodriguez Negro: "Jolasak baliabide interesgarriak dira hezkuntzan erabiltzeko, baina maiz haien eraginkortasuna zalantzan jartzen da"

2025eko apirilaren 29a

Josune Rodriguez Negro: "Jolasak baliabide interesgarriak dira hezkuntzan erabiltzeko, baina maiz haien eraginkortasuna zalantzan jartzen da"

Josune Rodriguez Negro (Bilbo, 1992) ikertzaileak sei mezutan laburtu zuen bere tesia Txiotesia lehiaketan: Gorputz hezkuntzako irakaskuntza metodologien ondorioak Lehen Hezkuntzako ikasleen garapen integralean. Jarduera Fisikoan eta Kirolean da doktorea eta harekin izan gara bere nazioarteko tesiaz hitz egiteko.

Gorpuz Hezkuntzako irakasle-ikasketak egin zenituen eta nazioarteko tesia egitera animatu zinen gero.

Betidanik maite izan ditut kirola eta ariketa fisikoa, baita hezkuntza ere, eta argi nuen Gorputz Hezkuntzako maistra izateko ikasi behar nuela. Gradua amaitu nuenean aukera desberdinak begiratzen egon nintzen eta Hezkuntza eta Kirol Fakultatean ikerketa-masterra aurkitu nuen. Masterrak tesia egiteko interesa piztu zidan eta aukera nuela ikusita nire zuzendariarekin tesia egitera animatu nintzen. Nazioarteko tesia egin nahi nuen eta horretarako 4 hilabete pasa nituen Finlandian eta beste 4 hilabete Italian.

Gorputz Hezkuntzaren irakaskuntzan erabiltzen diren metodologiek ikasleen garapen integralean duten eragina aztertu duzu. Nola sortu zen aukera?

Jolasak baliabide interesgarriak dira hezkuntzan erabiltzeko, baina maiz haien eraginkortasuna zalantzan jartzen da. Nire tesian aztertu nahi izan nuen zein diren jolasek ikasleen garapen integralean (garapen motorrean, sozialean, kognitiboan…) dituzten ondorioak. Hezkuntzan, batzuetan, tradizioz erabiltzen dira metodologiak oinarri zientifikorik izan gabe, baina, nire ustez, garrantzitsua da gure erabakiak eta irakaskuntza-ekintzak ebidentzia zientifikoan oinarritzea.

Bi metodologia desberdinen eraginkortasuna frogatu zenuten. Zeintzuk? Zer berezitasun dituzte?

Nire tesian bi irakaskuntza-metodologiak (bat jolasetan oinarritua eta bestea tradizionalagoa) haurren garapen integralean izan zituzten eraginak konparatu ziren. Lehenengo metodologia jolasetan oinarrituta zegoen, eta ikasleek ikasten zuten guztia taldeka ikasten zuten eta ikaskuntza jolas-jardueren barruan txertatuta zegoen. Bigarren metodologia tradizionalagoa zen, kasu honetan trebetasunak modu isolatuan irakasten eta praktikatzen ziren eta ikasleek banan-banan lan egiten zuten.

380 ikaslek parte hartu zuten ikerketan. Zein izan zen prozedura?

Lehen Hezkuntzako eskola publiko bateko haur guztiek parte hartu zuten nire tesiaren ikerketan. Eskola publikoa izanda, baimenak lortzeko bidea luzea izan zen: etika-batzordea eskatu, zuzendaritza-taldearen oniritzia, ikuskaritzarena, Eusko Jaurlaritzarena, gurasoena…

130 ikaslek metodologia tradizionala erabili zuten Gorputz Hezkuntzako saioetan, beste 130ek jolasetan oinarritutako metodologia, eta beste 120k inolako esku-hartzerik gabeko kontrol-taldea osatu zuten. Urte oso bat eman nuen eskolan datuak jasotzen.

Zein da metodologiarik egokiena? Zer diote emaitzek?

Doktorego-tesi honetan lortutako emaitzek erakusten dute Gorputz Hezkuntzako saioetan erabilitako irakaskuntza-metodologiak eragina izan dezakeela Lehen Hezkuntzako ikasleen garapen integralean, zehazki oreka estatiko eta dinamikoan, hautemandako ahaleginean (RPE), ariketa fisikoaren mailan, irakaskuntza-denboran, irakaskuntza aktiboki ikasteko denboran, sormenean, arretan eta oldarkortasunaren kontrolean.

Ikerketan, baita hezkuntzan ere, gehienetan erantzunak ez dira zuriak edo beltzak, gris-tonalitate askotakoak baizik. Hau da: norentzat eta zertarako diren. Garapen motorrean zentratzen bagara, Lehen Hezkuntzako lehen urteetako haurrek gehiago hobetu zuten metodologia tradizionalarekin, eta haur nagusienek (> 8 urte), aldiz, jolasetan oinarritutako irakaskuntza-metodologiarekin. Adin guztietako ikasleek irakaskuntza-metodologia tradizionalarekin aztertutako Gorputz Hezkuntzako saioetan ahalegin handiagoa (RPE) hautematen zuten, eta gogobetetasun altuagoa erregistratu zen 11 urteko ikasleetan jolasetan oinarritutako irakaskuntza-metodologiarekin. Gainera, 8 urte baino gehiago zituzten ikasleetan, irakaskuntza-metodologia tradizionala izan zen metodologia egokiena ariketa fisikoaren maila handiagoa izateko Gorputz Hezkuntzako saioetan. Instrukzio eta aktiboki ikasteko denboran jartzen badugu arreta, ordea, ikasle gazteenek (6-8 urte) instrukzio-denbora gehiago izan zuten jolasetan oinarritutako irakaskuntza metodologiarekin, eta ikasle helduenek instrukzio-denbora gehiago irakaskuntza-metodologia tradizionalarekin (9-11 urte). Azkenik, garapen kognitiboan zentratzen bagara, doktorego-tesi honen aurkikuntzek erakusten dute jolasetan oinarritutako irakaskuntza-metodologiak efektu positiboak izan zituela sormenean, oldarkortasunaren kontrolean eta arretan. Irakaskuntza-metodologia tradizionalarekin, ordea, ikasleek ez zuten funtzio kognitibo bat ere hobetu.

Metodologia egokitu egin beharko litzatekeela diote emaitzek... Zeintzuk dira Gorputz Hezkuntzaren irakaskuntzaren erronka nagusiak?

Gaur egun, hezkuntzak, baita gorputz-hezkuntzak, erronka asko ditu. Gorputz Hezkuntzako irakasleek kontuan hartu beharko lukete zeri eman nahi dioten lehentasuna haien saioetan (hau da, ikasleen gogobetetasuna handitzea, ikasleen arreta hobetzea, ikasleen sormena garatzea...), eta hori lortzeko irakaskuntza-metodologia egokiena aukeratu. Tesiaren emaitzek erakusten dute irakaskuntza-metodologien eraginak desberdinak direla aipatutako aldagaietan, ikasleen adinaren arabera. Hori dela eta, irakasleek metodologia desberdinetako esku-hartzeak garatu beharko lituzkete garatu nahi duten aldagaiaren eta ikasleen adinaren arabera. Amaitzeko, Gorputz Hezkuntzan aplikatutako esku-hartzeek ikasleen garapen integralari eta ikasleen ariketa fisikoaren mailari lagundu diezaieketela kontuan hartuta, Gorputz Hezkuntzako irakasgaiaren karga didaktikoa handitzea aproposa izango litzateke.

Txiotesia lehiaketaren 6. edizioan parte hartu zenuen. Zer-nolako esperientzia izan zen?

5 urteko tesia hain hitz gutxitan laburtzea arlokoak ez diren pertsonentzat nahiko erronka zaila eta aberasgarria izan zen. Aukerarik izanez gero, parte hartzera animatzen zaituztet!

Zeintzuk dira esku artean dituzun erronkak?

Gaur egun irakasle-ikertzailea naiz UPV/EHUn, Hezkuntza eta Kirol Fakultatean, eta Gorputz Hezkuntzarekin erlazioa duten arloetan ikertzen jarraitzen dut. Azken urteetan bi liburu publikatu ditut La gestion del aula en educación física (Gorputz Hezkuntzako irakasleentzat) eta Claves para una gestión del aula eficaz (gelan lan egiten duten irakasleentzat), eta hirugarren liburu bat publikatzea gustatuko litzaidake.

Jakintza-arloak