Jone Areta: "Psikomotrizitateak eskola barruan tokia izan dezakeela ikusarazi nahi dut"

2023ko maiatzaren 22a

Jone Areta: "Psikomotrizitateak eskola barruan tokia izan dezakeela ikusarazi nahi dut"

Psikomotrizitatea eskola barruan: esperientzietatik etorkizunera jardunaldia egingo da ekainaren 3an, Iruñean, UEUk eta Amane Elkarteak antolatuta. "Psikomotrizitatea, esperientzia bide bezala" mahai-inguruan parte hartuko du Jone Areta Urrestaratzuk (Lakuntza, 1976), Atarrabiako Paz de Ziganda Ikastolako Haur Hezkuntzako koordinatzaileak. Ikastetxean psikomotrizitateak duen garrantziaz eta jardunaldiaz aritu gara berarekin.

Atarrabiako Paz de Ziganda Ikastolako Haur hezkuntzako koordinatzailea zara. Zer garrantzi du psikomotrizitateak zuen ikastetxean?

Gurean psikomotrizitateari betidanik garrantzi handia eman izan zaio. Jakin badakigu psikomotrizitateak funtsezko zeregina duela nortasunaren garapen harmonikoan eta hauxe da gure xedea, haur bakoitzaren garapen harmonikoa ahalbidetzea, bidelagun izatea.

Mugitzen ari den gorputzak bere ingurunearen, munduaren pertzepzio-eskemak sortzen ditu. Ingurunearekin elkarreraginean ikaskuntza berriak sortzen ditu, mugimenduaren bidez bere gorputz-eskema kognitiboetan integratzen dituenak. Hortaz, psikomotrizitatea Haur Hezkuntzan ikaskuntza globalizatuak, esanguratsuak, iraunkorrak eta kalitatezkoak sortzeko oinarrietako bat da.

Zure esperientziatik, zeintzuk dira eskola barruan psikomotrizitateak dituen onurak?

Orokorrean psikomotrizitateak hiru mailatan ditu onurak, maila motorrean, maila kognitiboan eta maila sozioafektiboan. Eskola barruan, bizitzan bezalaxe, onurak ditu maila horietako edozeinetan.

Nola bultzatu psikomotrizitatea ikastetxeetan? Zer aholku emango zenieke beste ikastetxe batzuei?

Beste edozein arlotan bezala, ikastetxean egin beharreko lehenengo gauza helburua argi definitzea da. Psikomotrizitatea eskola barruan sartu nahi dugu? Zergatik? Zertarako? eta askotan buruhauste asko ekartzen digun azken galdera bati ere erantzun behar diogu, nola?

Guk psikomotrizitatea eskola barruan sartzeko hautua hartu genuen ezinbestekoa iruditzen zaigulako haurraren garapenean eta altxor bat delako prebentzio-mailan. Orduan nola eginen genuen pentsatzen jarri ginen. Ikasturte honetan Amane Elkarteko bi psikomotrizista aritu dira gurekin lanean, baina argi dugu barruan ere hezitzaileen artean psikomotrizitateari buruzko formazioa zabaldu behar dela, eta bide horretan jarri gara martxan. Aurten Haur Hezkuntzako hezitzaile guztiok formazioa jaso dugu eta hurrengo ikasturteetan ere psikomotrizitateak tokia izanen du formazio-planean.

Psikomotrizitatea eskola barruan” jardunaldiko mahai-inguruan parte hartuko duzu. Zer da egin nahi duzun ekarpena?

Nire aldetik egin dezakedan ekarpen garrantzitsuena psikomotrizitateak eskola barruan tokia izan dezakeela ikusaraztea da. Gurea adibide erreal bat da, gauzagarria. Eskola-errealitatea aldatzeko ezinbestekoa da eredu zaharrekin hautsi eta proposamen ausartak egitea. Haurra erdigunean duen komunitate bat modu askotara eraiki daiteke. Batzuetan guk geuk jartzen dizkiogu mugak geure buruari eta eraldaketa ezinbestean barrutik kanpora eman behar da.

Zer balio dute honelako topaketek?

Mota honetako topaketek ezagutza eta praktika elkarri banatzeko aukera eskaintzen dute. Ezagutza teorikoa jasotzeaz gain, oso lagungarria da praktika desberdinak ezagutzea. Agian norberaren errealitatean ezin izango dira modu berean aurrera eraman, baina proposamen berriak, desberdinak, planteatzeko ideiaren bat eman diezagukete. Partaideen arteko elkarlana ere piztu dezakete norberaren praktika aberasteko bide bat zabalduz.

Jakintza-arloak