Jone Amuategi: "Kolesterolaren presentziak Adenilato Ziklasa Toxinaren jarduera indartzen duela frogatu dugu"
2023ko ekainaren 21a

Jone Amuategi Aulestiarte (Eibar, 1996), Bioteknologian graduatua da. Biologia Molekularra eta Biomedikuntzan egin zuen masterra eta, une honetan, Biologia Molekularra eta Biomedikuntzan doktorego-tesia egiten ari da. Ikergazte kongresuan Donostiako Udalak banatzen duen aurkezpen onenaren saria lortu zuen Zientziak eta Natura Zientziak alorrean "Mintzeko kolesterola: bakterio-toxinen aspaldiko laguna" lanarekin.
"Mintzeko kolesterola: bakterio-toxinen aspaldiko laguna" ikerlana landu zenuen Ikergazte kongresurako. Nola sortu zen gaia ikertzeko aukera?
UPV/EHUk doktorego-tesia egiteko eman zidan dirulaguntzari esker daukat proiektu hori garatzeko aukera. Ikergazten aurkeztutako artikulua lan luzeago baten parte da. Doktorego-tesian zehar lortutako emaitzetako batzuk bildu eta laburtu nituen.
Bordetella pertussis bakterioak jariatzen duen toxina izan duzu ikergai. Zer eragin du toxina horrek giza gorputzean?
Bakterioak gure gorputza infektatzeko hainbat tresna erabil ditzake eta horietako bat adenilato ziklasa toxina (ACT) da. Proteina horrek gure immunitate-sistemako zeluletako batzuei erasotzen die eta, horri esker, bakterioa gure gorputzean errazago hazi eta zabaltzen da. Bordetella pertussisek kukutxeztula izeneko arnasbideetako gaixotasuna eragiten du gizakiengan, zenbait populaziorentzat infekzio larri eta kutsakorra izan daitekeena. Helduetan sintoma arruntak eragiten ditu (eztul-gertakari zakarrak, arnasa hartzeko zailtasuna, sukarra…). Halere, haur jaioberrientzat oso arriskutsua izan liteke. Kasurik larrienetan, okerrera eginez gero, heriotza eragin lezake.
ACT toxinak eta mintzeko kolesterolak loturarik duten frogatu nahi izan duzu. Zergatik?
Gure zelulen mintzek kolesterola dute eta, ehunaren arabera, haren kontzentrazioa desberdina da. Gradu-amaierako lana egiten ari nintzela jada, toxinak kolesteroldun mintzetan aktibitate handiagoa zuela eta, beraz, kaltegarriagoa zela ikusi genuen. Horrez gain, beste bakterio patogeno batzuek ekoiztutako hainbat toxinak ere antzeko portaera izan dezaketela deskribatu dute zenbait ikerketatan. Beraz, gaian sakontzea erabaki genuen. Kolesterolaren eta toxina horren arteko harremana zein den ulertu behar dugu lehenbizi, lotura hori nola oztopatu asmatu nahi baldin badugu. Horrek toxinaren aktibitatea murrizteko moduak asmatzera eraman gaitzake. Ekarpen handia litzateke gaixotasunari aurre egiteko orduan.
Nolakoa izan da laborategiko lana?
Gure arloa oso esperimentala da, hau da, laborategian egindako esperimentuak dira gure ondorioen oinarri nagusia. Halere, hasi aurretik, lehenbizi galderak planteatzen ditugu: zer da ulertu edo erantzun nahi duguna? Ondoren, hori nola iker dezakegun, zer metodologia erabili, hain zuzen ere, pentsatzen dugu. Gehienetan, literaturan topatzen ditugu erantzunak. Esaterako, beste ikerketa batzuetan erabilitako metodoak aztertu eta gure laborategira moldatzen saiatzen gara. Askotan, metodologia ezagutzen ez dugunean, laguntza ere eskatu behar izaten dugu. Gehienetan taldean egindako lanak izaten dira, bakoitzak lanari bere ekarpena egiten dio. Horrez gain, batzuetan hainbat talderen arteko elkarlana ere behar izaten da.
Zer erakutsi dute emaitzek?
Laburbilduz, toxina horrek kolesterolaren mendeko portaera duela eta haren presentziak haren jarduera indartzen duela frogatu dugu. Era berean, toxina horrek kolesterolarekin elkarri ekiteko eskualde zehatzak erabiltzen dituela ikusi dugu eta horiek zeintzuk diren deskribatzeko gai izan gara.
Toxina horren aktibitatea murrizteko moduak identifikatu dituzue?
Hori asko esatea da. Baina, une honetan martxan dugun ikerketa horrantz doa. Modu sinplean esanda, proteina zatitxotan banatu eta peptido deritzegun zati laburragoekin lanean ari gara. Arestian aipatu ditudan eskualdeetako batzuk aukeratu ditugu eta bakoitza bere aldetik aztertzen ari gara. Momentuz, peptido horiek proteina osoaren jarduera gutxitzeko gai direla ikusi dugu, zenbait zelula motatan. Uste dut interesgarria dela, toxinaren beraren zatiak erabiltzea toxinaren aurka egiteko. Beraz, pixkanaka bagoaz aurrera.
Zeintzuk izango dira emango dituzun hurrengo urratsak?
Ikertzaile askoren urte askotako lanari esker informazio asko bildu dugu proteinaren jarduerari dagokionez. Baina egia da molekularen egiturari lotutako datu gutxiago dauzkagula. Egitura eta funtzioa oso estuki lotuta dauden bi kontzeptu izan daitezke, batak bestea azaltzen lagun dezakeelako. Horrexegatik, alderdi horretan sakontzea gustatuko litzaidake. Oso polita litzateke giza zelulei erasotzen dienean proteinaren 3D egitura zein den jakin ahal izatea.
Zientziak eta Natur Zientziak alorreko ahozko aurkezpen onenaren saria eskuratu zenuen Ikergazte kongresuan. Atzerrian zeunden momentu horretan... nola bizi izan zenuen?
Egia esan, oraindik Stockholmen nago, baina gutxi gelditzen zait itzultzeko. Ikergazten lana aurkeztea erabaki nuen, nahiz eta ezin nintzen bertaratu. Lankide bati, Amaia Gonzalez-Magañari, eskatu nion lana aurkezteko mesedea eta oso eskertuta nago. Berak eman zidan berria eta asko poztu ninduen. Ez nuen espero. Gure ikerketa-arloa oso espezifikoa da eta ez da erraza dibulgaziorako lan bat argitaratzea, guztiontzat ulergarria izan dadin. Uste dut zientzialariok erronka handia dugula oraindik alderdi horretan.
Zeintzuk dira eskuartean dituzun erronkak?
Une honetan Stockholmeko Unibertsitatean egiten ari naizen egonaldian eta proiektuan nago buru-belarri sartuta. Bertan egin dudana interpretatzen eta ulertzen saiatzen ari naiz. Itzuli eta berehala Eskoziara goaz kongresu batera, beraz, han aurkeztu beharrekoa ere prestatu behar dut. Horiek dira nire momentuko erronkak. Baina, epe laburrean tesia idazten hasi beharko nuke, datorren urtean aurkeztu beharko nuke eta.
