Jon Jimenez Martinez: "Unibertsitateak euskal pentsamenduaren transmisioa bermatu beharko luke"

2024ko martxoaren 5a

Jon Jimenez Martinez: "Unibertsitateak euskal pentsamenduaren transmisioa bermatu beharko luke"

Jon Jimenez Martinez (Tafalla, 1986) Filosofian lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV-EHU). Filosofia Garaikideko Masterra egin zuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan (UAB) eta Irakasleen Prestakuntzako Unibertsitate Masterra Udako Euskal Unibertsitatean (UEU). Andoni Olariaga Azkaraterekin batera Modernitatearen auziaz (Jakin, 2010) liburua idatzi zuen. 2010ean, eta Olariagarekin batera ere, Udako Euskal Unibertsitatean "Modernitatearen auziaz" ikastaroa antolatu zuen. Hamar urte baino gehiagoz editorea izan da Nafarroako Txalaparta argitaletxean eta 2023tik Joxe Azurmendi Katedran ikertzaile dabil.

Batxilergoko Filosofiaren Historia euskal pentsamendutik landu duzu. Nola sortu da ideia?

Batxilergoan ezagutu nuen filosofia lehenbizikoz eta han argi ikusi nuen hura ikasi nahi nuela, beraz, Filosofian lizentziatu nintzen. Hezkuntzaren bi maila horietan, institutuan eta unibertsitatean, ordea, oso gutxi izan zen euskal pentsamenduari edo Euskal Herrian egin den filosofiari eskaintzen zitzaien tartea. Unibertsitatetik atera eta Andoni Olariagarekin batera, mendebaldar filosofian zehar ibilbide bat den Modernitatearen auziaz (Jakin) liburua argitaratu nuen, eta ordudanik izan dut arantza iltzaturik, zeren eta atzerriko pentsalari guziak ezagutzen baititugu, eta bertakoak? Ingeles batek edo alemaniar batek ezagutzen ditu bere historia eta bere filosofia. Eta euskaldunok? Euskaldunok ezagutzen ditugu Greziako Platon edo Aristoteles, Frantziako Descartes edo Prusiako Kant, baina bertakoetatik ezer gutxi. Bere doktoretza-tesian Joxe Azurmendik kezka hau bera azaldu zuen jada 80ko hamarkadan. "Caro Barojak inoiz esan du euskaldunek historia egin dutela idazteaz arduratu gabe". Baina "historia egiten zuten bitartean, zerbaitetan ere pentsatuko zuten". Jakina pentsatu zutela, baita idatzi ere!

XII-XVIII. mende arteko 10 pentsalari bildu dituzu. Zergatik horiek?

Alde batetik, garai zehatz baten hautua dago. Nire Master Amaierako Lanaren zuzendari izan den Haritz Azurmendirekin batera, argi ikusi genuen XIX. mendetik honako pentsamendua, karlismoa, nazionalismoa, XX. mendeko Zubiri edota Unamuno, eta 56ko belaunaldia dei dezakeguna –Azurmendi, Txillardegi, etab.– eta pentsamendu garaikidea aski landurik zeudela. Baina hortik atzerakoa monografiko eta artikulu batzuetan bakarrik azaltzen zela.

Bestetik, eremu geografiko zehatz batekin erlazioa duten pentsalariak bildu ditut. Gaur egungo zazpi euskal lurraldeetan jaio, bizi, lan edo eragina izan zuten pertsonak. Aldi berean, egungo EAEko eta Nafarroako Batxilergoko curriculumean azaltzen diren edukiak lantzeko baliagarriak izan behar zuten eta, horretarako, erabiltzen ahal ziren testuak egotea ere aintzat hartu nuen. Gaien artean ere oreka bat bilatu dut: metafisika, erlijioa, zientzia, etika, politika… garai ezberdinetan lantzeko proposamenak daude. Lurralde ezberdinetakoak izan zitezen ere saiatu naiz, hor agertzen dira adibidez Erdi Aroan bertan Erriberan egon ziren pentsalari arabiar eta juduak edo Iparraldean Garat bera, Frantziar Iraultza ulertzeko gakoak ematen dizkiguna. Eta emakumeak ere badaude: Simone de Beauvoir-ek feminismoaren aitzindaritzat hartzen dituen nafar erregina bi, bi Margarita.

Posible da euskal pentsalarien ekarpenak Batxilergoko Filosofiaren Historia irakasgaian txertatzea?

Bai, ehunetik ehunean. Hori izan da ondorio nagusia. Eta ez da batere erreza izan, EAEn eta Nafarroan hezkuntzako eskumenak ditugun arren, Batxilergoan lantzen diren eduki gehienak Espainiatik inposatzen direlako. Ez denak, eta hor irekitzen da zirrikitua. Azken hamarkadan izan dira Agora bezalako elkarteak borrokatu direnak gure pentsalariak kontuan har zitezen Bigarren Hezkuntzan ere. Lortu dute: Azurmendi, Txillardegi eta Mari Luz Esteban landu behar dira orain Filosofiaren Historian. XX-XXI. mendekoak hirurak. Baina neure helburua horien atzetik egon direnak ere kontuan hartzea zen eta legearen arabera jokatzea, beraz, zailagoa zen. Horregatik, jada indarrean den curriculuma hartu eta, horko eskakizunak kontuan hartuta, aztertu dut nola txertatu hor aurretik aipatutako hamar-hamaika pentsalariak.

Hala, frogatu dut horien obra eta bizitzari esker garai oso bat azaldu daitekeela eta, era berean, konturatzen zara gurea ez dela irla bat izan, non kanpora eta barrura apenas sartu edo atera zen ideiarik. Horixe gertatzen da Joanes Uharte Donibanekoarekin eta Miguel Servetekin, Errenazimentuko eta Aro Modernoko iraultza zientifikoa, Inkisizioa edota erlijio-gerrak azaldu nahi baditugu. Lehena psikologia modernoaren aitzindaritzat hartua da eta bigarrena, berriz, odol-zirkulazioa deskubritu zuena. Galileo Galilei edo Giordano Brunoren parean jartzen dituzte ikertzaile askok eta erabat ezezagunak dira guretzat. Beste batzuetan, konturatzen zara gerora hedatu diren kontzeptuak eta ideiak aurretik landu dituela euskal herritarren batek. XIV. mendean Atarrabiako Petrik Kantek baino bost mende lehenago hitz egiten zuen jada, Kanten bide beretik, filosofian giltzarri izan diren bi kontzeptuez, intuizioaz eta abstrakzioaz alegia.

Zein da erronka nagusia?

Filosofiaren Historia Batxilergoko bigarren mailako ikasgaia izanik, unibertsitatera sartzeko ebaluazioak erabat baldintzaturik dago. Gaur egun curriculumak jasotzen dituen egile asko ere eskoletatik kanpo geratzen da, denbora faltagatik. Beraz, gai eta filosofo berri gehiago sartzea nahiko utopikoa da. Baina ez ezinezkoa. Idealena, noski, curriculumaren beraren aldatzea litzateke. Hala ere, horiek ur handiak dira.

Instituzioek ere bertako pentsamenduaren historia garatzeko baliabideak jarri beharko lituzkete abian. Nire ikerketan ikusi ahal izan dudanez, euskarara, baina, baita ere espainolera edota frantsesera, ekarri beharko lirateke zenbait testu eta, horietatik abiatuta, testuliburuak eta hezkuntza-materiala garatu.

Horrekin lotuta, datozen hamarkadetako Filosofiako irakasleak formatzen dituen heinean, unibertsitateak euskal pentsamenduaren transmisioa ere bermatu beharko luke.

Ikerketa-lanaren nondik norakoak sare sozialetan zabaldu dituzu. Dibulgazioa garrantzitsua da zuretzat?

Hamar urte baino gehiagoz Txalaparta argitaletxeko editore izan naiz eta hori ongi baino hobeki ikasi dut jardunean: zerbait idaztea aski erreza da, baina zailagoa da idatzitako hori zabaltzea eta gizarteratzea. Unibertsitateak, askotan, zirkuitu itxiak dira, bertan produzitzen denak ez du gizartean eraginik eta hori UEU bere sorreratik mugitu duen printzipioa izan da. Hortaz, nire MALa ere erabilgarri izateko pentsatuta dago. Bertan azalduta dago zer eduki lantzeko aproposa den egile bakoitza, bilduta daude testu-proposamenak eta lagungarria izan daitezkeen zenbait obra ere.

Zeintzuk dira esku artean dituzun erronkak?

Master Amaierako Lan hau hazia izan da nolabait. Joxe Azurmendi Katedrari eta Gipuzkoako Diputazioari esker, Euskal Herriko pentsamenduaren historian sakontzen arituko naiz lau urtez, doktoregai moduan. Pentsalari solte batzuen bilduma egitetik, horiek eta beste asko historiaren harian txertatzea da helburua, historia oso bat, garai bakoitzaren berariazkotasunarekin, kontatzea alegia.

Zer-nolakoa izan da Irakasle Masterra egitearen esperientzia?

Hasi aurretik banuen, lagunengatik, beste Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Prestakuntzarako masterren berri. Eta aitortu behar dut ez zirela oso iritzi onak izan entzun nituenak. Batetik, gizartean txertatutako ideia bat da master honen balio bakarra gutxi batzuen aberastasuna areagotzea baino ez dela. Eta kasu askotan hala da, 7.000-9.000 euro eskatzen dituen unibertsitate pribaturik bada Estatu espainolean. Bestetik, masterraren beraren eraginkortasuna eta baliagarritasuna jartzen da zalantzan, irakasle izan nahi duenarentzat tramite huts bat baino ez izatearena. UEUk, EHUrekin batera, antolatutako master honek, aldiz, hasieratik izan du praktikotasun grina bat, gaur egungo eskolak dituen arazo eta erronkak modu praktikoan aztertzeko eta garatzeko tresnak ematearena. Eta hori guzi hori, gainera, online egitea lagungarria izan da oso, batez ere aldi berean lanean edo ikasten dabilenarentzat.

Jakintza-arloak