Nor gara
Historia
Lantaldea
Kontaktua
2025eko irailaren 17a
Irene Galarraga Arrieta (2000, Mutriku) Historia Garaikideko doktorego-tesia egiten ari da Eusko Jaurlaritzaren Doktorego Aurreko Bekarekin (EHU). Euskal nortasuna euskal zinemaren bidez nola transmititzen den ikertzen dihardu. 2025ean hasi berri du tesia eta aurretik Komunikazioa eta Ikus-entzunezko eta Multimedia Komunikazioko Teknologien (TCAM) Gradua egin zuen Deustuko Unibertsitatean, eta Historia Garaikideko Masterra EHUn. Hasi berri duen ibilbideaz hitz egiteko izan gara berarekin.
Komunikazioko Gradua bukatu, Historia Garaikidean masterra egin eta ikerketarako saltoa eman zenuen gero. Zergatik Komunikazioa? Zergatik ikerketa?
Komunikazioko Gradua egiten ari nintzela nahiko argi izan nuen (batez ere azken urtean) gehien gustatzen zitzaizkidan ikasgaiak historia kutsua zutenak zirela. Irakasgai horietan egiten genituen lanetan nengoen erosoen eta, bertan, nire pentsamendu kritikoa garatzeko eta ikertzaile-sen hori lehen aldiz bizitzeko aukera izan nuen. Beraz, gradua amaitu nuenean, komunikatzen jarraitu nahi nuela argi banuen ere, ikerketa-mundutik jarraitu nahi nuela erabaki nuen, ez ordea kazetaritzaren mundutik, adibidez. Horrela, Historia Garaikideko Masterrean sartzea erabaki nuen. Master horretako amaierako lanean, historia eta komunikazioa uztartzea erabaki nuen, zeinak gaur egun esku artean dudan doktorego-tesia jarri zuen martxan.
Doktoretza-tesian euskal zineman euskal nortasuna erakusten duten ikurrak ikertzen zabiltza. Nola sortu da aukera?
Esan dudan bezala, bi jakintza-arloak uztartu nahi izan nituen nire ikerketan eta, noski, komunikazioaren mundutik nentorrenez, aukera paregabea iruditu zitzaidan nire ikerketan zinema iturri historiko gisa erabiltzea. Horretaz gain, argi nuen euskal kulturari eta ikerketari ekarpen bat egin nahi niela eta horregatik aukeratu nuen nire ikergaiak euskal zinema, euskal nortasuna, euskal mitologia eta euskal ikurrak barne hartzea. Gainera, nahiz eta euskal zinemari buruzko hainbat ikerketa egin diren, orain arte ez da bere osotasunean ikerketarik egin aipatu berri ditudan elementu guztiak bateratzen dituenik. Horregatik, iruditu zitzaidan ikerketa-hutsune horretan banuela zerbait ekartzeko eta, bide batez, etorkizunerako ikerketa-lerro berriak irekitzeko.
Zein da abiapuntua? Zeintzuk dira erantzun nahi dituzun galderak?
Azken urteotan euskal zinema (baita euskal ikurrak ere) hainbat ikuspegitatik aztertu den arren, ikerketa horietako gehienak Euskadi Ta Askatasuna (ETA) eta hark sortutako indarkeria pantailan nola irudikatu diren aztertzera bideratu dira. Dena den, doktorego-tesi proiektu honen helburu nagusia da euskal nortasuna euskal zinemaren bidez nola transmititzen den ikertzea, non ikergaia euskal sinboloak, mitologia, elezaharrak eta kondairak izango diren. Gure hipotesi nagusia da film hauetan hizkuntza sinboliko espezifiko bat erabiltzen dela euskal identitate jakin bat definitzeko/eraikitzeko. Hau da, filmetan euskal ikurrak erabiliz euskal identitateari buruzko diskurtso bat edo batzuk eraikitzen direla. Hauek dira erantzun nahi ditugun galdera nagusiak: zer sinbolo erabiltzen dira euskal identitate hori irudikatzeko? zer tratamendu ematen zaie sinbolo horiei? nola irudikatzen dira? zer esanahi ematen zaio sinbolo bakoitzari? nola interpreta daitezke?; eta, azkenik, zer ezaugarri ditu transmititu nahi den euskal nortasunak?
Zeintzuk dira horretarako hautatu dituzun filmak? Zergatik aukeraketa hori?
1980 eta 2025 artean ekoiztutako filmak aztertuko dira. Guztira 20 film izango dira, horietatik 10 marrazki bizidunak direnak. Hautatutako film guztiek dute modu batera edo bestera euskal mitologiarekin, euskal kondairekin edo euskal elezaharrekin lotura. Alde batera utzi ditut kutsu “politikoa” duten filmak, eta kutsu “kulturalagoa” duten film horietan zentratuko naiz. Aztertuko diren filmen artean hauek aurki ditzakegu: Errementari (2017), Handia (2017), Akelarre (1984, 2020), Ilargi Guztiak (2020), Gartxot (2011) eta Irati (2023) besteak beste.
Non jarriko duzu fokua? Zein izango da lan-dinamika?
Behin zati teoriko, kontzeptual eta metodologiko guztia lantzen eta barneratzen dudanean, baita testuinguruen zatia (testuinguru soziopolitikoa eta produkzio-testuingurua) ere egina dagoenean, analisian sartuko naiz. Analisirako, filmak behin eta berriz ikusi beharko ditut eta jada proposatuta izango dudan metodologiari jarraitu beharko diot analisia nola egin eta egituratu behar dudan jakiteko. Filmak ikustean, ikurrak, mitoak, kondairaketa abar identifikatzen izan behar dut fokua, eta aldi berean, hizkuntza zinematografikoaren beste elementu batzuei ere arreta jarri (musika, planoak, dekoratuak, etab.). Analisi luzea izango da esku artean dudana, film bakoitza ez baitut behin bakarrik ikusi beharko, ezta filmak jarraian ikusiko ere. Behin elementu guztiak identifikatuta, koherentzia eta zentzua duen analisi-egituraketa apropos bat egin beharko dut, non erabaki beharko baitut analisia ikurka egin edo filmka.
Irati filma aztertu zenuen Master Amaierako Lanean. Zeintzuk izan ziren ondorio nagusiak?
Atera nuen ondorio nagusiaeta argiena izan zen Paul Urkijoren Irati filma kontsidera genezakeela gaur egungo diskurtso gisa. Euskal mitologia bizirik mantentzearen aldeko aldarrikapena da; Urkijoren begietatik begiratuta egin nahi izan den euskal mitologiaren, gure berezko izatearen, omenaldi moduko bat da. Ondorioztatu nuen Irati filma diskurtso jakin bat duen obra dela: euskal identitate nazionalaren eraikitzean eragina izan dezakeen filma delako eta, aldi berean, Euskal Herriko identitate nazionala ulertzeko modu zehatz bat transmititzen duelako. Guztira hamahiru izan ziren euskal identitatea irudikatzen duten antzemandako eta ondoren aztertutako ikurrak: Nafarroako Erresuma, mendia, Orreagako Gudua, Eneko Aritza, lauburua, eguzki-lorea, odola, Mari, mitologiako pertsonaiak, euskara, abarkak, txalaparta eta alboka. Antzemandako ikur bakoitzak euskal nortasuna modu batera edo bestera irudikatzen duela esan genezake; filmak nortasun hori eraikitzeko ikur horien erabilera egiten duela, alegia. Filmeko ikurrek euskal identitateak historia komun bat, lurralde bat, sineste konpartitua, elkarrekiko konpromisoa, kultura berezi eta bereizgarria izatea helarazten zutela ondorioztatu genuen. Filmeko leloak, izena duena bada, primeran laburtzen du nire analisia. Filmaren arabera, onar dezakegu badirela "gauza" jakin batzuk norbaitek existitzen direla uste duelako. Izendatzen dugun guztia existitzen da, beraz. Honako hau da mezu nagusia: euskal mitologia mantendu beharko genuke, ez da inoiz hil eta ez litzateke sekula hil beharko, mantendu behar dugu gure izaeraren parte den heinean, eta bizitza errealean kristautasunak “irabazi” bazuen ere, Iratiko oihanean gaude, zuhaitzen, kobazuloen eta erreken artean, filmak erakusten duenez, izena duena badelako. Babesteko mezu bat helarazi nahi da: euskal mitologiaren babesa, pertsonaien babesa, naturaren babesa, gure sinesmenaren betikotzea. Guztia dago lotua eta lotura hori guztia zirkularra da: Iratiko oihana Nafarroako Erresumarekin, Nafarroako Erresuma lurraldetasunarekin, lurra Orreagako Guduarekin, Orreagako Gudua Eneko Aritzarekin, Eneko Aritza euskal leinuarekin, leinua konpromisoarekin, konpromisoa odolarekin, odola naturarekin, natura mendiekin, mendia mitologiarekin; mitologia lamiekin, Sugaarrekin, basajaunekin eta jentilekin; hauek Marirekin, Mari amatasunarekin, familiakotasunarekin; familiakotasuna komunitatearekin, komunitatea euskararekin, euskara folklorearekin, txalapartarekin, albokarekin, abarkekin; folklorea ohiturekin, ohiturak iraganarekin, iragana historia komunarekin, historia komuna lurrarekin, lurra mapekin, mapak izenekin, izena Iratirekin. Elementu hauekin jokatuz irudikatzen du aztertu dugun filmak euskal komunitatea, euskal identitatea, euskal izatea. Irati da gure izen, izate eta lurralde: izena duena bada.
Tesiaren zein fasetan zaude?
Hasierako fasean nago orain, hau da, nire ikergaiari buruz ikertu den guztia (edo kasik guztia) irakurtzen, lantzen eta barneratzen. Urte honetako (2025) urtarrilean hasi nuen ikerketa eta ia lehen sei hilabete osoak lanak irakurtzen pasa ditut; marko teoriko, kontzeptual eta metodologikoan oinarritu naiz, alegia. Esango nuke zati garrantzitsuena dela lehen fase hau, bertan ohartzen baitzara zer dagoen jada ikertuta eta zer ez. Laster, irailean zehazki, nire doktoregoko atzerriko egonaldia egingo dut eta han ere lehen fase honetan jarraituko dut, eta beste zenbait autoreren ikerketak irakurriko eta landuko ditut. Hori amaitzean, testuinguru soziopolitikoan eta produkzio-testuinguruan zentratuko naiz. Eta ondoren, analisian, noski.
Zeintzuk dira esku artean dituzun erronkak?
Esango nuke, epe luzera begira, nire erronka nagusiaetengabe motibatuta jarraitzea dela. Doktorego-tesi bat egitea bide luze samarra da, baita bakartia ere. Ikerketa egiteko urteak dituzunez, zaila izaten da momentuko emaitzak ikustea, ez dago momentuko estimulurik edo saririk. Beti izan behar duzu buruan prozesu motel baten parte zarela eta lasai hartu behar dela ikerketa bikain bat egin nahi bada. Epe motzera begira, ordea, izan dezakedan erronka da tesia egiten ari naizen bitartean beste gai batzuei buruzko artikuluak ere egin behar izatea, azken finean, ikertzaile baten curriculum vitaea publikazioen bidez osatzen delako. Horrek eragina izan dezake ikerketan, artikuluei denbora eskaintzean tesiari eskaini beharreko denbora gutxitzen delako. Dena den, egutegiaren eta ordutegiaren antolakuntza on bat egitea da erronka honetarako irtenbidea.