Inguma datu-basea, 25 urtez euskarazko produkzio zientifikoa zainduz eta aldarrikatuz

2025eko azaroaren 6a

Inguma datu-basea, 25 urtez euskarazko produkzio zientifikoa zainduz eta aldarrikatuz

UEUren INGUMA datu-baseak 25 urte bete ditu unibertsitate mailako euskarazko produkzioaren bilgune eta erakusleiho izaten. Urteurrena ospatzeko egindako ekitaldian, UEUko ordezkariek euskarazko ekoizpen zientifikoa areagotzeko politika eraginkorrak behar direla aldarrikatu dute.

2000. urtean sortu zuen UEUk INGUMA euskal komunitate zientifikoaren datu-basea, azken 60 urteotan unibertsitate mailako zientzia eta jakintza-alor bakoitzean euskaraz ahoz eta idatziz ekoitzi denari buruzko oinarrizko informazioa jasotzeko asmoz. Proiektu honen helburua euskara batuaren arauak finkatzen hasi zirenetik gaurdainoko produkzio zientifiko-intelektual osoa jasotzea izan da (unibertsitate mailakoa eta euskaraz), eta gizartearen esku jartzea. Une honetan 14.217 egile, 48.395 dokumentu eta 220 erakunderen erreferentzia topatu ditzakegu bertan. Zerbitzu hau doan eskuratu daiteke www.inguma.eus helbidean.

Iñaki Alegria Loinazek, UEUko zuzendari-ohiak eta datu-basearen sortzaileetako batek Ingumaren helburuak azpimarratu ditu Bilborocken egindako ekitaldian. Berak azaldu du Inguma datu-baseak hiru helburu nagusi dituela: komunitate zientifiko-intelektualaren euskarazko ekoizpena bildu, aztertu eta zabaltzea; euskal komunitate zientifikoari ikusgarritasuna ematea eta euskarazko ikerketa zabaltzeko baliabide bat eskaintzea, eta, euskal hiztunen artean ezagutza sustatuz eta euskarazko jakintza-sarea indartuz, goi-mailako euskara teknikoa eta akademikoaren prestigioa eta ikusgarritasuna areagotzea. Ekoizpen zientifikoa euskaraz sortzearen balioa aldarrikatzen dugu eta esparru akademikoan aintzakotzat hartua izateko lan egiten dugu. Euskarazko Ekoizpena eta komunitatea identifikatzeko tresna izateaz gain, Lankidetzarako eta komunitatea trinkotzeko baliabide bat da, bai eta Kultura zientifikoa hedatzeko ere. Kazetariek, irakasleek, hezkuntza-komunitateak eta kultur-programatzaileeklik batera milaka aditu euskaldun dituzte”, esan du Alegriak.

Amaia Torrrealday Galarreta

Amaia Torrealday Galarreta HUHEZIko ikertzaileak ekitaldian aurkeztu ditu “Euskal ekoizpen zientifikoaren bilakaera Ingumaren 25 urteen bitartez ikuspegi bibliometriko batetik” ikerketaren emaitzak. Lan honen helburuak euskarazko ekoizpen zientifikoaren bilakaera historikoa ezagutzea, eragina neurtzea, lankidetza- patroiak identifikatzea eta etorkizuneko aukerak esploratzea izan dira, eta ondorio hauek aurkeztu ditu:

  • Inguma da euskarazko ekoizpena neurtzeko tresnarik osatuena.
  • Euskarazko ekoizpenak beheranzko joera du, gero eta gutxiago argitaratzen da euskaraz (2000. urtetik aurrera).
  • Argitaratzen dena, Giza eta Gizarte Zientzien arloetan egiten da (%78), batik bat, artikulu formatuan.
  • Euskal egile eta erakundeen arteko lankidetza baxua da.
  • Nazioarteko datu-base handietan, euskarazko ekoizpenek neurgarritasun eskasa dute eta ia ikusgaitza da.

Inguma, baliabide estrategiko gisa, ezinbesteko pieza da eta izaten jarrai dezake ezagutza euskaldunaren transmisioa eta biziraupen akademikoa bermatzeko” , ondorioztatu du Torrealdayk.

Azkenik, Oskia Agirre Orbegozo UEU Talde Eragileko kidea aurrera begira jarri da. Teknologiari dagokionez, datu-basearen bilaketak gehiago hobetu behar direla, eta ikus-entzunezko ekoizpena katalogatzen hasi nahi dutela aipatu du UEUko zuzendaritzako kideak. Erronken artean, berriz, gizarteratzea dago: “Ingumaren erabilera zabaldu nahi dugu ikertzaile, irakasle eta kazetarien artean. Horretaz gain, Ingumako datuetan oinarritutako ikerketak bultzatu nahi ditugu eta nazioarteko sareetan gure parte-hartzea areagotu”, aipatu du Agirrek. Euskarazko ekoizpen zientifikoa sustatzeko gako batzuk ere azaldu ditu: “aldizkari zientifikoak bultzatu behar ditugu kalitatea areagotu dezaten eta egileei horren araberako aitorpena eman. Horretaz gain, liburu zientifikoak bultzatu behar dira eta irekian argitaratzea sustatu behar da”.

Amaitzeko, Agirrek Inguma komunitate baten isla dela azpimarratu du. Hala ere, euskarazko produkzio zientifikoa gutxitzen doa, euskararen garapen zientifikorako politika baten gabeziaren ondorioz datorrena. “UEUk Inguma datu-basea Euskal unibertsitatearen aldeko aldarriarekin lotzen duEta 25 urte hauetan bezala, euskarazko produkzio zientifikoari dagokion garrantzia emateko lanean jarraituko dugu”, bukatu du UEUko ordezkariak.