"Ikusmen-desgaitasuna duten ikasleei behar den arreta emateko etorkizuneko irakasleak prestatzea nahi dugu"

2024ko urriaren 1a

"Ikusmen-desgaitasuna duten ikasleei behar den arreta emateko etorkizuneko irakasleak prestatzea nahi dugu"
Mª Purificación Mugiro Sorabilla eta Leire Lareki Sanchez

UEUk eta Nafarroako Gobernuak elkarlanean antolatutako "Oinarrizko braillea ikasteko ikastaroa" ematen ari dira Iruñean Mª Purificación Mugiro Sorabilla (Aldatz, 1961) eta Leire Lareki Sanchez (Iruñea, 1988). Mª Purificación Pedagogian lizentziatua da, Pedagogia Terapeutikoan espezializatua eta Punttuka braillea euskaraz ikasteko metodoaren egilea. Leire, Psikopedagogian da lizentziatua eta Arte Dramatikoko gradua du. Biak dira Pedagogia Heziketa Berezian espezializatuak eta NHBBZ Ikusmen Urritasuneko taldeko kideak. Haiekin izan gara ikastaroaz hitz egiteko.

Ikusmen-desgaitasuna duten ikasleen hezkuntza-beharretan jarriko duzu fokua. Zergatik?

Ikastaro honekin, ikusmen-desgaitasuna duten ikasleei behar den arreta emateko etorkizuneko irakasleak prestatzea nahi dugu, ikasle horiei asko lagunduko geniekeelako aldez aurretik sentsibilizazioa egina izango bagenu eta ezagutza batzuk izango bagenitu.

Ikusmen-desgaitasuna (ikusmen-urritasuna eta itsutasuna) eremu nahiko ezezaguna izaten da irakasleentzat orokorrean, eta ohikoak izaten dira hasierako zalantza, kezkak eta ezjakintasuna. Gaur egun ezagutu eta zabaldu nahi ditugun baliabide asko daude, ikaslearen behar indibidualei egokitzen zaizkienak (braille sistema, material tifloteknologikoa, erliebedun materiala, lupak, jolasak, mapak, soinudun pilotak, audio-liburuak...). Hauei esker eta oinarrizko ezagutza izanda, ikasle hauen irisgarritasuna berma dezakegu eta haien bizitzako garapen akademiko eta pertsonala erraztu.

Zeintzuk dira hezkuntza-sisteman aurkitzen dituzten oztopo nagusiak?

Gure ustez, oztopo nagusia zera da, ikusmen-desgaitasuna duten ikasleak etengabeko egokitze-prozesu batean daude, eta arlo honetan laguntza psikologiko gehiago beharko lukete. Irakaskuntzak malguagoa izan beharko luke.

Etengabeko berrikuntzaz gain, kostatzen zaigu kokatzea ikasle itsuen egoeran eta dituzten oztopoetan. Irakasleentzat interesgarria da itsuen egoerak simulatzea, idazterakoan, espazioetatik mugitzerakoan, etab. Haien beharrak asetzen ez baditugu, gelan duten informazioa galtzen dute etengabe.

Irakasleen formazioa beharrezkoa da. Nondik hasi?

Lehenengo jakin behar da zer den ikusmen-desgaitasuna eta zein ikasleek dituzten beharrak. Ondoren, irakaslea ulerkor eta sentsiblea izatea eta beharrak identifikatzeko gai izatea. Azkenik, ikasle baten edo batzuen aurrean baliabidez eta trebetasunez hornitzea.

Sentsibilizazioa eta oinarrizko ezagutzak ezinbestekoak dira. Informazio orokorrenetik zehatzenera joatea garrantzitsua da: arbelean idazten dugun guztia ahoz azaldu beharko dugu (hemen, hor, han, hau, hori... saihestuz), gelako ordena mantendu eta oztopo fisikoak ezabatu (motxilak, zakarrontziak, aulkiak...), gelan isiltasuna mantendu, etab.

Zein da erabiliko duzun metodologia?

Ikastaroak metodologia parte-hartzailea eta aktiboa izango du. Partaideen aurre-ezagutzetatik abiatuko da, eta teoria bizi-esperientzietan eta eguneroko lan-jardunean kokatzea izango du helburu. Era berean, ikastaroak alde teorikoa eta alde praktikoa izango ditu.

Oso bizipenezkoa izatea dugu helburu, ikasle itsuek eskolan erabiltzen dituzten materialak probatu, erabiltzen ikasi eta bideoen bitartez egunerokotasunean kontuan hartu beharrekoak ezagutzea gustatuko litzaiguke.

Nori dago zuzenduta?

Hezkuntza-arloko ikasleei zein irakasleei. Ikusmen-desgaitasuna duten eta zehatz-mehatz itsuak diren pertsonekin harremana dutenentzat baliagarria dela uste dugu.