"Ezinbestekoa da, Euskal Herriaren kasuan, hizkuntza-nahasmenduak dituzten elebidunen hobeki ezagutzea"
2025eko uztailaren 4a

"Hizkuntzalaritza Klinikoko II. jardunaldia" antolatu dute Baionan IKER Zentroak eta UEUk elkarlanean. Gaur da hitzordua UPPAn, Errobiko campusean, eta koordinazio-lanetan aritu diren hiru kiderekin izan gara jardunaldiaz hitz egiteko: Marie Pourquié Bidegain (Baiona, 1982), Joana Itzaina (Itsasu, 1981) eta Kattalin Bidart (Baiona, 1998). Pourquiék, Euskal Ikasketetan du lizentzia eta Hizkuntzaren Zientzietan lizentzia, masterra eta doktoregoa. Ikertzailea da ELEBILABen eta lehenago ikertzailea izan da Université de Montrealen, BCBLn eta IKERen. Itzainak, Ortofonia Eskolan ikasi zuen, Montpellierren, eta LAMS Masterra du (EHU). Lanbidez ortofonista da. Bidart, Psikologian lizentziaduna da eta Neuropsikologian du masterra (Bordeleko Unibertsitatea). Gaur egun elebitasuna eta autismoaren espektroko nahasmenduari buruzko doktoretza egiten ari da (IKER, UPPA).
Hizkuntzalaritza klinikoan diharduzuenok hitzordua duzue Baionan. Garrantzitsua da biltzeko espazioak sortzea?
Kattalin: Bai, errealitate klinikoaren eta ikerketaren arteko harremana sustatu behar da, profesionalek ikusten dituzten lekuko problematikei ikerketen bidez erantzun zientifikoak emaiteko gisan.
Hizkuntza-nahasmenduan jarriko duzue fokua. Zergatik?
Marie: Guti aztertua den gaia delako, nahiz eta hizkuntza-nahasmenduek adin guzietako eta mota ezberdinetako jendea hunkitu, izan haur, gazte edo heldu (adibidez: hizkuntza-garapeneko nahasmenduak, burmuineko istripuak pairatzen dituztenak edo dementziaz sufritzen dutenak). Euskal Herrian hizkuntzalaritzan eta zientzia kognitiboetan oro har adituak diren ikertzaileak badaude, bai eta egunerokotasunean osasun-arloan ari diren profesionalak, gaixoekin harreman zuzenak dituztenak (adibidez, ortofonista-logopedak, neurologoak, psikologoak). Euskal Herrian, arlo ezberdin hauetako profesionalen arteko sarea indartu behar da, hizkuntza-nahasmenduen aztertzeko tresnak sortu behar dira eta ikerketa aplikatua garatu behar da, gaixo eleaniztunen —eta bereziki gure kasuan euskaldunen— ebaluatzeko eta artatzeko.
Joana: Eguneroko lanean ikerketaren emaitzen beharra baitugu, bai eta ikertzaileek gure beharren berri ukan.
Kattalin: Hizkuntza-nahasmenduek eragina ukan dezakete diagnostiko hauek dituztenen eguneroko bizitzan, haien bizi-kalitatea txartuz. Ezinbestekoa da, Euskal Herriaren kasuan, hizkuntza-nahasmenduak dituzten elebidunen hobeki ezagutzea: alde batetik diagnosi goiztiarrak egiteko, Marie-k dioen bezala tresna egokien sorkuntzak hori erraztuko luke, eta ondotik, diagnostikoak dituztenak modu egokian laguntzeko. Diagnosi goiztiarrak eta interbentzio egokiek pazienteen bizi-kalitatea hobetu dezakete.
Ikerketa eta lan ezberdinak ezagutzera eman nahi dituzue. Zer aurkituko du bertan parte-hartzaileak?
Marie: (Etorri behar da entzutera ;-) ) Gaur egun bidean ditugun edo berrikitan atera diren ikerketa-proiektuen emaitza nagusien aurkezpen bat. Arlo ezberdinetako hizlariek emanik, eta ikuspegi ezberdin batetik (arlo klinikoan diharduten profesionalenak; ikertzaileenak eta doktoregaienak). Ikerketan erabiltzen diren teknikak azalduko dira eta gaixo euskaldunekin aritzeko praktika klinikoak hobetzeko asmoa duten proiektuen berri emango da.
Joana: Gaur egun klinikariok eguneroko lanean jotzen ditugun mugak ere aipatuko dira.
Saretzea, Hizkuntzalaritza Klinikoa euskaraz garatzea... Zeintzuk dira erronka nagusiak?
Marie: Hizkuntza-nahasmenduak euskaraz aztertzeko tresnen eskasa; hizkuntza-nahasmenduak ingurune eleaniztunetan identifikatzeko ezagutza orokorraren eskasa; ingurune eleaniztunetan —eta hiztun euskaldunekin bereziki— hizkuntza-nahasmenduak artatzeko formakuntza eskasa (Ortofonia-logopedia ikasketak ez ziren eskaintzen Euskal Herrian iaz arte; orain EHUko Psikologia Fakultatean, Donostian, posible da ortofonia-logopedia ikastea. Egoera horrek ez duke lagundu euskarazko tresnen eta hizkuntzalaritza klinikoaren garapena Euskal Herrian. Ea orain egoera hori pixka bat hobetuz doan…).
Kattalin: Gaur egun aurreiritzi asko egoiten dira gizartean pentsatuz hizkuntza bat baino gehiago ikasteak haurraren zailtasunak areagotuko dituela eta aurreiritzi horiek eragina dute pazienteen artatze-sisteman. Alta, gaur egungo ikerketek argi diote elebitasunak ez duela eragin negatiborik. Elebitasunari buruzko aurreiritzi horiei aurre egitea ere erronka bat izango da.
Zerbait nabarmentzeko?
Marie: Gure gizartearen bizi-kalitatea hobetzen lagunduko du ikertzaileen eta arlo klinikoan diharduten profesionalen arteko sarea indartzeak. Irabaziko den irakaspena denen onurako izanen da: familia, eskola eta osasun- eta ikerketa-zentroentzat. Euskal Herrian, indarrak batu behar ditugu mugaz gaindiko harremanak sendotzeko, tresna klinikoak garatzeko, nazioarteko ikerketetan parte hartzeko, euskal gizartearen ezaugarrien berri emateko eta aldi berean munduko beste gizarte eleaniztunengandik ikasteko ere. Gure artean saretzea ezinbestekoa da “barnetik”, bai eta kanpokoekin ere. Noizbait HK3 antolatzen bada, oraindik ezagutzen ez ditugun hizlari berri batzuen parte-hartzearekin kontatzen dugu.
Joana: Bereziki nabarmendu nahi nuke Euskal Herrian profesionalen eta ikertzaileen arteko lankidetzaren beharra. Lekuan lekuko kalitatezko ikerketa-zentro indartsuak baditugu eta elkar lagundu eta elikatu behar dugu, elkar ezagutuz lehenik, elkarrekin trukatuz eta elkarrekin zuzenki lan eginez. Euskal jendartearen interesekoa da talde-lan hori, eta gisa horretako jardunaldiek horretan laguntzeko xedea ere badute.