Clotilde Caro Herrera: "Ikasleek ikasi ahal izateko, gurasoek irakasleengan konfiantza izan behar dute eta irakasleek gurasoak errespetatu"

2023ko abenduaren 13a

Clotilde Caro Herrera: "Ikasleek ikasi ahal izateko, gurasoek irakasleengan konfiantza izan behar dute eta irakasleek gurasoak errespetatu"

"Begirada sistemikoaren garrantzia eskola testuinguruan" ikastaroa emango du Clotilde Caro Herrerak (Barakaldo, 1963) Iruñean. Bera, Frantses Filologian lizentziatua da (EHUn) eta Pedagogia Sistemikoan diplomatua (Mexikoko Emilio Cárdenas Unibertsitatean). Talde psikodinamikoko psikoterapian du graduondokoa (UNED) eta besteak beste espezialista da Familia Konstelazioetan. Berarekin izan gara ikastaroaz hitz egiteko.

Hezkuntza sistemikoan jarriko duzu fokua. Zertan datza?

Gaur egungo egoera politiko, sozial eta mundialak zerbait berria eskatzen digu. Orain arte egin duguna ez da nahikoa, errealitateak beste pauso bat ematea eskatzen digu. Zer da urrats hori? Zailtasunen jatorria kanpoan bilatu beharrean, gure baitan bilatzea. Gai hau eskolara eramaten badugu, ikus dezakegu irakasle eta gurasoek erantzukizuna kanpoan jartzen dutela arazo baten aurrean: irakasleen, gurasoen edo sistemaren errua da, edo politikariena. Ez gara jabetzen kanpoan molestatzen edo min egiten digun hori guztia gure barruan ikusten ez dugunaren ispilua dela.

Gaur egungo hezkuntzak bestelako begirada bat behar duela diozu. Zer hutsune ditu?

Nik ez nuke esango gure hezkuntzak hutsuneak dituenik. Hezkuntza inperfektua da, bizitza bezala. Hezkuntza sistemikotik proposatzen dena da gurasoak eta irakasleak beren lekuan egotea, bestearen lekua hartu nahi izan gabe. Ikasleek ikasi ahal izateko, gurasoek irakasleengan konfiantza izan behar dute eta irakasleek gurasoak errespetatu.

Gatazkak ebazteko edota emozioak kudeatzeko tresnak eskainiko dituzu. Nola aplikatu eskola-testuinguruan?

Lehen esan dudan bezala, gaur egungo egoerak pixka bat haratago joatea eskatzen digu. Ikasgelan ez daude irakasleak eta ikasleak bakarrik, ikasleen eta irakasleen gurasoak, irakasleen traumak eta eskolan eta institutuan izandako bizipenak ere badaude. Horregatik, irakasleak ikasgelan dituen zailtasun guztiak orain arte aitortu gabeko gairen bat ikusteko deia izango dira. Fokua ez dugu kanpoan jartzen, barruan baizik. Irakaslea bere ispiluetatik askatzen bada, libre izango da bere materia irakatsi ahal izateko. Ikasgelan gertatzen denaren zati handi batek ez du zerikusirik ematen duen ikasgaiarekin, baizik eta ikasgelan gertatzen diren harremanekin eta sentitzen diren emozioekin.

Ikastaro praktikoa izango da. Zein izango da metodologia?

Bai, erabat praktikoa izango da. Nire asmoa da ariketa sistemikoen bidez, partaideek dituzten arazoei erantzun bat ematea.

Nori dago zuzenduta?

Informazio berriak jasotzeko eta begirada aldatzeko prest dauden pertsona guztiei. Eskolan sufritzen duten eta zergatik ulertzen ez duten pertsonei, eskolan arrakastarik ez duten edo eskola-jazarpena jasaten duten seme-alaben gurasoei.

Zer da ikastaroarekin lortu nahi duzuna?

Helburuak dira pertsonek zailtasunei buruzko begirada aldatzea, etxean beren emozioekin eta gatazkekin lan egiteko tresnak izatea eta familia-konstelazioen filosofiara hurbiltzea.

Jakintza-arloak