"Beharrezkoa ikusten dugu irakasleak jabetu daitezen euren ikasleen kultur erreferente direla"
2025eko urriaren 2a

"Ikasgelak kulturaz blaitu" ikastaroa emango dute online UEUren Ikasgela Birtualetik Miren Basurto Luzuriagak (Segura) eta Mirentxu Oteiza Pierak (Iruñea). Urriaren 20an hasiko da ikastaroa eta bertan izena emateko aukera zabalik dago. Basurto, Euskal Filologian lizentziaduna da (EHU), Bigarren Hezkuntzako irakaslea eta euskaltzain urgazlea. Oteiza, Euskal Filologian lizentziaduna da (EHU) eta Bigarren Hezkuntzako irakaslea. Haiekin izan gara.
Transmititzen da euskal kultura ikastetxeetan? Zein da egoera?
2019an Azpeitian burutu ziren “Sormenean hezi, kulturan bizi” izeneko jardunaldiak plazaratu zuen ordurako askok zuten kezka: euskal kulturaren transmisioan atzerapauso handiak ari direla ematen. Jardunaldi hark balio izan zuen gu, irakasleok, horretaz ohartzeko.
Azken urteotako inkestek zein komunikabideetako berriek ere erakusten dutenez, euskal kulturaren transmisioan eten bat gertatu da gizartean oro har, eta baita hezkuntza arautuan ere. Gure ustez, gaur egun hezkuntza arautuak ez du bermatzen euskarazko kulturgintzaren transmisioa.
Irakasleak kultur eragile dira... Horretaz jabetzea garrantzitsua dela diozue.
Irakasle guztiak dira kultur eragile. Jabetu ala ez jabetu. Kontzienteki ala inkontzienteki. Iratxe Retolaza —irakaslea, literatur kritikaria eta kultur sorkuntzan zein transmisioan aditua dena, besteak beste— ohartu da irakasle gehienek ez dituztela Euskal Herria, euskal kultura eta euskal komunitatea marko erreferentzial gisa hautatzen. Dioenez, aukeratzen duten marko erreferentziala gure ingurune naturalari baino gehiago lotzen zaie blaitzen gaituzten beste kulturei. Bere hitzetan, “edozein irakasle, edozein jarduera, aurkezpen edo proiektu pentsatzen duelarik, erreferentzia marko batean kokatzen da —ohartuta ala oharkabean—, eta erreferentzia-marko hori lurralde bati, kultura bati eta komunitate bati —edo batzuei— lotua dago”.
Beharrezkoa ikusten dugu irakasleak jabetu daitezen euren ikasleen kultur erreferente direla, eta proposatzen dituzten ariketa, jarduera eta azalpenekin kultura bat edo batzuk erreproduzitzen dituztela. Gainera, ikusten dugu diziplina guztietako irakasle guztiak bihurtu behar direla euskal kultur eragile, eta ez, esate baterako, Euskara irakasleak bakarrik. Eta, horretarako, gure begirada aldatu beharra dago. Asmo horrekin diseinatu dugu “Ikasgela kulturaz blaitu” ikastaroa. 10 orduko pilulatxo bat besterik ez da izango, baina sentsibilizaziorako abiapuntu bat izatea nahiko genuke.
Nola txerta dezakete irakasleek euskal kultura haien arloetan?
Irakasleok konturatu behar dugu zein den benetan egoera, eta kontzientziatu dena egin dezakegula euskaraz eta euskal kulturari eta komunitateari loturik —edozein irakasgai irakasten dugula ere—. Horretaz jabetu ondoren, ikusiko dugu gure irakasgaian zenbateraino landu dezakegun euskal kulturaren transmisioa eta sorkuntza. Ematen du, esate baterako, Fisikan edo Kimikan ezin dugula kultura transmititu baina, Iratxe Retolazak dioen moduan, “beti pertsona gisa, irakasle gisa eta, zer esanik ez tutore gisa, gure gizarteko eta inguruko erreferentzien inguruan pista asko ematen ditugu etengabe. Asteburuan zer egin dugun kontatzen hasten garenean berean ikusten da, adibidez, euskal kulturan murgilduta gauden ala beste kultura batzuetan bizi garen, eta hori jaso egiten dute ikasleek”.
Nori dago zuzenduta?
Euskal kulturaren inguruan interesa duen irakasle eta hezitzaile orori, baina batik bat Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako irakasleei.
Nabarmentzeko zerbait?
Ikastaro honen bidez, irakasleek euskal kulturari beharrezko garrantzia ematea eta ikasgelan bere lekua egitea nahi dugu: euskal kultura ikasgelara iristea, ikasleengana eramatea, alegia. Horrekin zera bilatzen dugu: ikasleak euskaldun oso bilakatzea. Euskaldun oso izateko, ez da nahikoa euskara jakitea, hau da, kodea ezagutzea. Horretaz gain, beharrezkoa da hizkuntzarekiko atxikimendua sentitzea, horrek bultzatzen baitu hiztuna euskara erabiltzera. Euskal kultura ezagutzea eta euskaraz sortzea da atxikimendurako bideetako bat.
Garrantzitsua da hezkuntza-komunitatea egoeraz jabetzea eta irakasgai guztietako irakasleek euskara, euskal kultura eta Euskal Herria erreferentzia marko gisa erabiltzeko baliabideak ezagutzea —baita baliabide batzuk eurek sortzea ere—.
Nolanahi ere, argi utzi nahi dugu euskarazko kulturgintzaren transmisioa ez dela, inondik inora, irakasleen ardura soilik; gizarte osoaren ardura dela.