Beatriz Sever: "Aniztasuna modu positiboan bizi duen gizartean denak izango gara askeagoak"
2023ko urriaren 10a

"Haur eta gazteen transexualitatea: sexu aniztasunaren balioa" ikastaroa antolatu du UEUk Iruñean urriaren 21ean. Beatriz Severrek (Londres, 1973) emango du ikastaroa. Bera Kazetaritzan eta Publizitatea eta HHPPetan da lizentziatua, Sexologian du masterra eta Suizidiologian graduondoa.
Transexualitate-egoeran haurtzaroa eta nerabezaroa euren sexu-identitatearen arabera bizitzen ari direnen lehen belaunaldia ezagutzen ari gara.
Bai, horrela da. Orain gutxi arte transexualitatea pertsona helduekin lotzen zen, baina badugu belaunaldi bat 3, 4, 5 urtetik diren bezala bizi dena eta horrek lagundu digu errealitate honi buruz genuen ikuspegia aldatzen. Diren bezala izateko aukera dutenean bizitza “arruntak” dituzte, zentzurik positiboenean. Hala ere, oraindik badituzte zaurgarriagoak egiten dituzten baldintzapenak eta horregatik jarraitu behar dugu lanean.
Beti existitu izan den arren, helduen kontu moduan ulertu izan da.
Buruko gaitza bezala edo bizitza-aukera bezala ulertua izan da, pertsona horiek haurtzarorik izango ez balute bezala. Izan zuten, ukapenean, eta horrek eraman zituen sarri marjinalitatera edo sufrimendu psikikora. 2018tik Osasunaren Mundu Erakundeak buruko gaitzetatik atera du transexualitatea eta gizarteak ere asko aldatu du begirada; familiak gero eta lehenago ulertzen dituzte seme-alaben adierazpenak.
Eskola, etxea, gizartea... transexualitate-egoeran dauden neska-mutilen bizitza-prozesuan guztiok izan behar dugu bidelagun.
Familian onarpena baldin badu, baina etxetik kanpo jasotzen duen guztia negatiboa bada, barneratuko da bere gorputza okerra dela, zerbait txarra gertatzen zaiola… bizipena zaila izango da eta autoestimuan eta ongizatean eragin handia dauka horrek. Gauza bera eskolan edo lagun artean den bezala izateko aukera badu, baina etxean ez badute onartzen. Edozeinekin bezala, leku guztietan den bezala adierazteko aukerarik ez badu, ezin izango dugu beraren garapen psikiko eta emozional egokia bermatu. Mundua guztiontzat beharko luke, baina, zoritxarrez, ez da, eta kontuan izan behar dugu aniztasuna modu positiboan bizi duen gizartean denak izango garela askeagoak, denak anitzak eta bereziak baikara.
Kontzeptuak, uste okerrak, laguntzeko baliabideak... Teoria eta bizipen pertsonalak tartekatuko dituzue.
Lehendabizi argitu behar dugu gu Sexologiaren marko teorikotik ari garela guretzat egokiena delako, baina horrek ez du esan nahi errealitate honetara hurbiltzeko modu bakarra denik. Hori bai, partekatuko dugun jakintza ehunka bizipen errealen ezagutza zuzenean dago oinarrituta, eta hori jende gutxik esan dezake. Etxean bizi izateak eta ehunka familia artatu izanak leku pribilegiatu batean kokatu nau. Ehunka guraso eta gazteen bizitza-istorioak, zailtasunak, prozesuak, beldurrak eta zorionak zuzenean ezagutzeak ahalbideratu dit jakintza zabala izatea eta hortik nator hura partekatzera.
Nori dago zuzenduta?
Adingabekoekin harremana duen edozeini. Azken finean, momenturen batean transexualitate-egoeran dagoen norbait agertuko zaio eta haren ongizatea bermatzeko zelan jokatu behar duen jakitea garrantzitsua da, berdin dio osasun-arloan, hezkuntzan, kirol-arloan, aisialdian, gizarte-arloan…
Zer da ikastaroarekin lortu nahi duzuna?
Batez ere begirada-aldaketa bat. Baliabideak, aukerak, pistak emango zaizkien arren, ezinezkoa da egoera guztien aurrean erantzun zehatz bat ematea, baina begirada aldatzea lortzen badugu, oso argi izango dute zelan jokatu. Hori lortuz gero, hau da, transexualitatea aniztasun-egoera bat bezala barneratzea, ulertuko dugu ez dagoela gizon izateko modu bat edo ez dagoela emakume-gorputz bat, adibidez.