Ane Mujika Agirre: "Diagnostikoan datza heste meharreko gainhazkuntza bakterianoaren sindromearen erronka nagusia"
2025eko urriaren 15a

XVII. Pediatria Topaketak egin ziren Eibarren joan zen apirilean. Bertan hartu zuen parte Ane Mujika Agirrek (Eskoriatza, 1996) "Heste meharreko gainhazkuntza bakterianoaren sindromea (SIBO) modan dago. Klinika erabilgarria al da bere presentzia iragartzeko?" ikerlana aurkeztuz. Lan hori Osagaiz aldizkarian argitaratu berri da eta horren gainean hitz egiteko izan gara berarekin. Mujikak Medikuntzako Gradua (EHU) du eta Pediatriako espezialitatea Donostiako Unibertsitate Ospitalean (2021-2025).
Zer da heste meharreko gainhazkuntza bakterianoaren sindromea?
Heste meharreko gainhazkuntza bakterianoaren sindromea (SIBO bezala ezagutzen dena, ingelesezko siglengatik) eta bere aldaera den hesteetako metanogenoen gainhazkuntza (IMO ingelesez) mikrobiota intestinalaren kopuru eta osaeraren aldaketatik eratorritako entitate klinikoak dira.
Baldintza normaletan, mikrobiotaren osaera aldakorra da hestean zehar: bakterio-kontzentrazioa txikia izaten da hestearen hasieran (duodenoan eta jejunoan), eta aurrera egin ahala kontzentrazio hori handitzen da. Horretaz gain, gailentzen diren bakterio-espezieak desberdinak dira heste meharra eta heste lodia konparatuz gero, azken horretan anaerobioek dutelarik nagusitasuna.
Organismoak oreka horretan mantentzen dira hainbat mekanismoren bidez, hala nola azido gastriko eta behazunaren jariapena, hesteen anatomia (balbula ileozekalak barrera gisa jokatzen du), hesteen mugikortasuna eta IgA immunoglobulina. Mekanismo horien disfuntzioak mikroorganismoak heste loditik heste meharrera migratzea ahalbidetzen du, bertako ekosistema aldatuz, eta, ondorioz, epitelioaren hantura eraginezeta mikronutrienteen xurgapena alteratuz.
Zeintzuk dira sintomak?
Sintoma ohikoenak hauek izan ohi dira: sabeleko mina edo/eta distentsioa, flatulentziak, sabel-betetasun sentsazioa, beherakoa, idorreria (azken hau, batez ere, mikroorganismo metanogenoen hazkuntzarekin lotu izan da). Luzaro mantenduz gero, bitamina liposolugarrien defizita, hipoproteinemia edota anemia makrozitikoa paira ditzake pazienteak, malabsortzioaren ondorioz.
Nola diagnostikatzen da?
Heste meharreko bakterioen gehiegizko hazkundea diagnostikatzeko metodo fidagarriena hesteetako aspiratuaren kultiboa bada ere, metodo inbaditzailea da. Horregatik, hidrogenoaren arnas probak erabiltzen dira, glukosa edo laktulosa erabiliz, nahiz eta haien sentikortasuna eta espezifikotasuna oso aldakorra izan.
Proba behar bezala egiteko, prestaketa zorrotza behar da: zenbait botika saihestu behar dira, karbohidrato gutxiko dieta egin, barau egin, aho-garbigarria erabili eta laginak hartzen diren bitartean ariketa fisikoa eta erretzea ekidin.
Donostiako Unibertsitate Ospitaleko haur-gastroenterologiako kontsultan egindako testak izan dituzu ikergai. Zer helbururekin?
Azken urteetan gero eta entzunagoa den sindromea izan arren, ebidentzia zientifikoa urria da, eta bere maneiuan zalantzak sortzen dira. Izan ere, klinika inespezifikoa da, eta beste hainbat patologiarekin bateragarria. Azken ikerketek garrantzi handia ematen diote arrisku-faktoreen presentziari, horiek gabeko pazienteetan sintomek balio prediktibo ahula dutela defendatuz. Horregatik, Donostiako Unibertsitate Ospitaleko haur-gastroenterologiako kontsultan egindako laktulosa bidezko hidrogeno arnastuaren testak aztertu nahi izan ditugu ikerketa honetan, pazienteen sintomak eta arrisku-faktoreen presentzia ikertuz, horiek diagnostikoarekin loturarik duten ikusteko.
Non jarri duzu fokua?
Laktulosa bidezko hidrogeno arnastuaren testen emaitzak izan ditugu aztergai, 2021 eta 2024 bitartean egindakoak zehazki (2021ean hasi ziren lehen aldiz erabiltzen zerbitzu honetan).
Zer erakutsi dute emaitzek?
67 test egin ziren guztira epe horretan (horietatik 10 test baztertu ditugu teknika gaizki egin izanagatik baloraezinak direlako). Testa normala izan zen % 45,6an. Heste meharreko bakterioen gehiegizko hazkundea diagnostikatu zen pazienteen % 22,8an, hesteetako metanogenoen gainhazkuntza % 17,54an eta mikroorganismo metanogenoen kolonizazioa (mikroorganismo metanogenoen detekzioa, baina gainhazkuntzaren balioetara iritsi gabe) % 14,03an. Min abdominala (% 91,22), flatulentziak (% 56,14) eta beherakoa (% 50,88) izan ziren sintomarik ohikoenak, bai sindromea diagnostikatu zitzaien pazienteetan baita diagnostikatu ez zitzaienetan ere, klinikaren eta diagnostikoaren arteko korrelazioa ahula dela ondorioztatuz. Arrisku-faktoreei dagokienez, 4 pazientek aurkeztu zituzten, guztiak hesteetako metanogenoen gainhazkuntzaren diagnostiko taldekoak.
Zeintzuk dira erronka nagusiak?
Sintomen eta heste meharreko bakterioen gehiegizko hazkundearen presentziaren arteko korrelazioa txikia dela ikusi dugu, bai gure ikerketan, baita ikertutako bibliografian ere. Gainera, patologia honen diagnostikorako erabiltzen diren hidrogeno bidezko arnas proben sentsibilitatea eta espezifikotasuna aldakorrak dira, erabilitako substratuaren eta pazientearen baldintzen arabera.
Hortaz, esan dezakegu sindrome honen erronka nagusia bere diagnostikoan datzala. Izan ere, ez sintomatologiak ezta probaren emaitzak berak ere ezin digute % 100ean baieztatu entitate honen presentzia.
Osagaiz aldizkarian argitaratu dituzu ikerketaren emaitzak. Garrantzitsuak dira horrelako plataformak?
Bai, oso garrantzitsuak iruditzen zaizkit horrelako plataformak. Zientzia herritarrengana hurbiltzeko ezinbestekoak dira, eta gainera, euskaraz egiteak balio erantsi handia dauka. Ez da soilik ezagutza zabaltzea, baizik eta gure hizkuntzan pentsatzeko eta eztabaidatzeko aukera ematea. Horrelako espazioek zientzia gertukoago egiten dute, eta komunitate zientifikoari zientzia euskaraz ere egin eta partekatu daitekeela erakusten diote.