Ane Arandia Morgaetxebarria: "Sarrionandiaren obra etengabeko mugimenduan dagoen obra poetikoa da"

2025eko martxoaren 26a

Ane Arandia Morgaetxebarria: "Sarrionandiaren obra etengabeko mugimenduan dagoen obra poetikoa da"

Ane Arandia Morgaetxebarria (Arrankudiaga, 1993) ikertzailea elkarrizketatu dugu. Euskal Ikasketetako gradua du, Euskal Hizkuntzalaritza eta Filologiako masterra eta aste honetan bertan defendatu du Euskal Literaturan egindako doktoretza. 2023an UEUk antolatutako Akademiatik Plazara egitasmoan parte hartu zuen "Literatura sorkuntza eta birsorkuntza prozesua aztergai" ekarpenarekin eta orain, bere ikerketaz luzeago hitz egiteko izan gara berarekin.

Euskal ikasketak egin zenituen eta ikerkuntzaren munduan murgildu gero.

Betidanik gustatu izan zait literatura. Institutu garaian Euskara eta Literatura zen nire ikasgairik gustukoena, eta bereziki gozatzen nuen literatura lantzen genuenean. Zer ikasi aukeratu behar izan nuenean argi nuen letren adarreko zerbait izango zela, eta aukeren artean euskal ikasketetako graduak erakartzen ninduen gehien. Graduan ere, literaturako irakasgaiak maite nituen gehien. Literaturako gaietan sakontzeko gogoak eraman ninduen ikerketan aritzera.

Joseba Sarrionandiaren literatura-sorkuntza eta -birsorkuntza prozesua izan duzu aztergai. Nola sortu da aukera?

Bai, nire ikergaia Joseba Sarrionandiaren poesia izan da. Idazle iurretarraren obra etengabeko mugimenduan dagoen obra poetikoa da. Izan ere, aldez aurretik argitaratutako olerkiek argitalpen berriak dituztenean, aldaera ugariz berrargitaratu izan ditu egileak. Argitalpenez argitalpen eta edizioz edizio olerkiek izandako aldaerak aztertzean, idazlearen bilakaeraren aztarnak agerraraz daitezke, haren joerak antzeman, eta horrela, sorkuntza-prozesuaren berri izan.

Horrez gain, Sarrionandiak argitaratu aurreko hiru dokumentu eskuratu zizkidan, eta horiei esker aztertu ahal izan dut zer-nolako aldaketak dauden idazleak testuak alor pribatuan lantzen dituenetik, argitaratzeko prestatzen dituen unera arte.

Zein izan da ikerketarako lagina?

Ikerketako lagina Sarrionandiaren poesia-liburu guztiak eta horien edizioak izan dira: Izuen Gordelekuetan Barrena (1981, 2014), Intxaur azal baten barruan eta Eguberri amarauna (1983), Marinel Zaharrak (1987), Gartzelako Poemak (1992), Kartzelako Poemak (2011), Hnuy illa nyha majah yahoo (1995, 2014) eta Hilda dago poesia? (2016, 2018).

Horrez gain, idazleak eskuraturiko argitaratu aurreko hiru testu ere aztertu dira. Horietako bi Ni ez naiz hemengoa saiakeraren argitaratu aurreko bertsioak dira, eta hirugarrena Intxaur azal baten barruan lanarena.

Zein izan da prozesua?

Lehenik eta behin, bilketa-lana egin da olerki bakoitzaren ahalik eta aldaera gehien lortu ahal izateko. Horren ostean, konstanteak diren aldaerak identifikatu eta interpretatu dira, horrela, idazketa-prozesuaren aztarnak lortu eta egilearen garapenaren eta birsorkuntzaren berri izateko.

Zer erakutsi dute emaitzek?

Argitaratu aurreko testuak aztertzearen ondorioz, hainbat emaitza lortu ditugu. Bi aipatzearren, agerian geratu da arte plastikoek eragina dutela Sarrionandiaren sortze-prozesuan. Ni ez naiz hemengoa liburuaren argitaratu aurreko testuetan pinturaren eta zinemaren eragina dago. Era berean, autokontrola nabari da. Izan ere, argitaratu aurreko dokumentuetan zeuden hainbat pasarte gordin ezabatu dira, edo gehiketak erantsi dira mezua hain ezkorra izan ez dadin.

Argitaratutako testuen erkaketaren bidez, ordea, bestelako emaitzak lortu dira. Esate baterako, bertsio berrienetan egindako gehiketek bi perspektibaren integrazioa edo indartzea dakartela. Alde batetik, zenbait olerkitan denbora- eta espazio-ardatzetan konfluentziak edo bat etortzeak gehitu dira. Beste alde batetik, aldaeren poderioz pertsonaiak, egoerak edo gertaerak beheratzen edo arrunt bilakatzen direla ikusi dugu.

Tesia aurkeztu berritan zaude. Zer-nolakoa izan da esperientzia?

Gogorra eta polita izan da aldi berean. Urteak izan dira proiektu berarekin bueltaka, agobio eta blokeo momentuak egon dira, eta horrelakoetan garrantzitsua da egoera berean dauden kideekin harremana izatea, denok antzeko bizipenak eta zailtasunak izaten baititugu. Azkenean lortzen da korapiloak askatzea eta tesia amaitzea. Asko ikasi dut bidean, eta emaitzekin eta egindako lanarekin gustura nago.

UEUk antolatutako Akademiatik Plazara ekitaldian parte hartu zenuen... Garrantzitsua da zuretzat zientziaren dibulgazioa?

Bai, garrantzitsua da dibulgazioa. Askotan gure burbuilan eta bakardadean egiten dugu lan, eta gure lanak gizarteratzen eta modu ulergarrian azaltzen ez baditugu, gure burbuila horretan geratuko dira gure lanak ere.

Zeintzuk dira esku artean dituzun erronkak?

Oraintxe bertan, tesia amaitu berritan, deskantsua hartzeko gogoa dut, helduko diren erronka berriei indarrez erantzuteko.



UEUREN EGITASMO HAUETAN ERE PARTE HARTU DU

Akademiatik Plazara (2023). Ikertzaile gazte euskaldunak oholtzara

Ikergazte nazioarteko Kongresua (2023)

Jakintza-arloak