Ander Altuna Gabiola: "Testu espezializatuek beti esanahi edo interpretazio bera izan behar dute, zehaztasun falta terminologikoak zehaztasun falta kontzeptuala ekartzen du"
2025eko maiatzaren 15a

"Euskarazko komunikazio akademiko egokia: euskara idatziaren zuzentasuna" ikastaroa emango du online UEUren Ikasgela Birtualetik Ander Altuna Gabiolak (Bilbo, 1964). Euskal Filologian lizentziaduna da bera eta, egun, UEUko hizkuntza-zuzentzailea da. Gaian interesa duen edonori zuzenduta dago ikastaroa, baina prezio berezia izango dute doktoretza egiten ari diren ikasleek.
Arlo akademikoan sortzen diren testu espezializatuetan jarriko duzu fokua. Zein alderdi landuko dituzu?
Komunikazio akademikoan testu espezializatuak sortzen ditugu. Testu mota horiek badituzte berezitasun batzuk, besteak beste, hizkuntzaren kode estandarra eta estilo zaindua erabili ohi dute.
Gurean, euskara batuak ekarri du estandarra, eta, beraz, komunikazio zientifikoan sortzen diren testuen zuzentasuna bermatzeko Euskaltzaindiak eman dituen arauak, gomendioak eta irizpenak (morfologiakoak, sintaxikoak, ortografikoak, onomastikoak, hiztegikoak) aplikatu behar dira.
Horrez gain, testu espezializatuek beti esanahi edo interpretazio bera izan behar dute, zehaztasun falta terminologikoak zehaztasun falta kontzeptuala ekartzen du. Lexikoan testu estandarretan baino teknizismo, hitz eratorri, mailegu, akronimo edo izen abstraktu gehiago erabili ohi dira. Gramatikan, berriz, maizago ageri dira izenondo erreferentzialak, hitzak ere maizago errepikatzen dira...
Nola lortu testuak zuzenak, egokiak eta komunikatiboak izatea? Zeintzuk dira gakoak?
Ikastaroan zehar landuko diren edukien hautaketa egin da:
Zuzenak euskara zuzena esan nahi du, hau da, euskara batuan (Euskaltzaindiaren Hiztegia eta Euskaltzaindiaren arau eta gomendioak aintzat hartuta) idatzita egotea eta gramatika zuzena izatea (deklinabidea, aditzaren morfologia, sintaxia...). 2018az geroztik Euskara Batuaren Eskuliburuan jasota daude Euskaltzaindiak emanak dituen arauak, gomendioak eta irizpenak (morfologiakoak, sintaxikoak, ortografiakoak, onomastikakoak, hiztegikoak) era didaktiko eta dibulgatzailean.
Egokiak zera esan nahi du: lexiko egokia (dagokion mailakoa) bermatzea eta terminologia zaintzea (komunitate zientifikoan adostutako terminoak erabiltzea). Horrekin batera, zenbait aukeraren alde egiteko formulazioa landuko dugu, hala nola hitz elkartuen osaera eta idazkerari dagokionez, zer aukera hobesten dugun azaltzea, edota laburdura, sigla eta sinboloen idazkeraz eta morfologiaz emandako arauak azaltzea, askotan erabiltzen baitira testu tekniko-zientifikoetan.
Ulergarritasuna da beste gakoetako bat, hots, testuak irakurri ahala eragozpenik gabe ulertzea. Horretarako, hainbat estilo-zuzenketa ulergarritasunaren mesederako izan daitezke, adibidez, aditza gehiegi ez atzeratzea, aditza aurreratzea, zenbait kalko desegoki saihestea... Era berean, testuaren kohesioa hobetzeko zenbait mekanismo landuko dira, hala nola erakusleen erabilera testuko edo diskurtsoko elementuak seinalatzeko eta erreferenteak ordezteko (anafora eta katafora deritze halakoei); haren/beraren/bere banaketa...
Zein izango da ikastaroaren dinamika?
Gaien atalak, dagokion hasiera-egunean, goizeko 8:00etan zabalduko dira, eta gai horretako jarduerak entregatzeko epea gaiko azken eguneko gauerdia izango da. Beraz, gaiak data heldu ahala irekiko dira baina behin gaiak irekita, ez dira itxiko, egindako gaiak kontsultatzeko aukera izango da edota dokumentazio osagarria eskuratu ahal izango da.
Irakasleak gai bakoitzarekin lotuta oinarrizko ataza edo zereginak proposatuko ditu. Horretaz gain, ikastaroaren bukaerako azken produktu bat sortu beharko da. Lan horretan, ikastaro osoan zehar ikasitako kontzeptuak erabili eta aplikatu beharko dira.
Nori dago zuzenduta?
Euskara idatziaren ezaugarri formalak landu nahi dituen edonori, lan akademikoak idatzi behar dituztenei edota halako gaiak gogoko dituztenei.
Nabarmentzeko zerbait?
Ikastaroan sarean ditugun zenbait baliabide ikusiko ditugu, besteak beste, kontsultaguneak, hiztegiak (Euskalbar, kontsultak egiteko tresna), zuzentzaile ortografikoak, corpusak, estilo-liburuak, itzultzaile automatikoak... testuak idazteko lagungarriak.