Amaia Torrealday Gallarreta: "Inguma ezinbesteko pieza da euskarazko ezagutzaren transmisioa eta biziraupen akademikoa bermatzeko"
2025eko azaroaren 6a

Amaia Torrealday Gallarreta (Gernika-Lumo, 1979) izan zen urtarrilean deitu zen "Ingumak 25 urte” ikerketa-bekaren irabazlea. Euskarazko ekoizpen zientifiko eta intelektualaren bilakaera, garrantzia eta eragina sakonago aztertu eta aitortzeko egin zuen beka-deialdia UEUk, eta Torrealdayk aurkeztutako Euskal ekoizpen zientifikoaren bilakaera Ingumaren 25 urteen bitartez ikuspegi bibliometriko batetik proposamenak eskuratu zuen beka. Egindako ikerlanaren nondik norakoak atzo aurkeztu zituen Bilboko Bilborock aretoan, Ingumaren 25. urteurreneko ospakizun-ekitaldian hain zuzen. Harekin izan gara egindako lanaz hitz egiteko. Torrealday Ikus-entzunezko Komunikazioan (EHU) eta Dokumentazioan da lizentziatua (Universitat de Barcelona). Mondragon Unibertsitateko bibliotekaria da 2009tik eta 2018tik Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean (HUHEZI) egiten du lan.
Azken 25 urtean euskaraz egin den ekoizpen zientifikoa aztertu duzu. Zein izan da lehen pausoa?
Lehenpausoa, Inguma datu-basearen azterketa sakona egitea izan da. 25 urtez lan handia egin da datuak jasotzen eta, Ingumak eskaintzen dituen estatistikak, euskarazko ekoizpen zientifikoaren irakurketa egiteko ezinbesteko tresna dira. Erreferentziazko iturri ere ari da bihurtzen, euskarazko ekoizpena neurtzeko adierazle estandarizatuak eskaintzen dituelako: Eusko Jaurlaritzaren Programa-Kontratuetan eta Euskararen Adierazle Sisteman (EAS) erabiltzen da.
Zeintzuk dira batu dituzun datuak?
Ikerketa-bekara aurkeztu genuen proiektuaren izenburua, “Euskal ekoizpen zientifikoaren bilakaera Ingumaren 25 urteen bitartez ikuspegi bibliometriko batetik” izan zen. Hau da, bibliometria erabili da datuak aztertzeko, Web of Science, Scopus eta Dialnet datu-baseekin osatua.
Bibliometria da metodo estatistiko eta matematikoen aplikazioaren bidez idatzizko komunikazioaren prozesuak eta diziplina zientifikoen garapena aztertzen dituen diziplina eta hainbat adierazle eskaintzen ditu. Ikerketa honetan, nagusiki, adierazle bibliometriko hauek aztertu dira:
Lehenik ekoizpen-adierazleak: dokumentuen kopuru orokorra eta horien bilakaera denboran zehar, aldagai desberdinen arabera xehatuta (jakintza-arloa edo generoa, esaterako). Bigarrenik, inpaktu- edo ikusgarritasun-adierazleak: ebaluazio zientifikoaren prozesuetan tradizionalki erabili izan diren metrikak hartu dira kontuan, hala nola Web of Science, Scopus eta Dialnet datu-baseetan indexazioa eta hauei lotutako aipamen-kopurua eta inpaktu-adierazleak. Eta azkenik lankidetza-adierazleak: aztertu diren adierazleak hauek izan dira: egileen produktibitatea (dokumentu-kopurua egile bakoitzeko), egileen arteko lankidetza-indizea, erakundeen arteko lankidetza-indizea.
Azterketa kuantitatibo honetatik ateratako ondorioen osagarri gisa, galdetegi bat diseinatu da eta Euskal Herriko unibertsitateetako eta ikerketa-erakundeetako euskara eta argitalpen-arduradunei bidali zaie. Hiru erakunderen erantzunak bakarrik jaso direnez, ez da argazki osaturik lortu.
Horrekin batera, Europa mendebaldeko beste hizkuntza gutxitu batzuen (galesa, katalana) ekoizpen zientifikoarekin egindako konparaziozko elkarrizketa sakonekin osatu da.
Datuak esku artean... Zein izan da euskarazko ekoizpen zientifikoaren bilakaera?
Ingumako idatzizko ekoizpena aztertuta, ikusten da 2010 urtera arte euskarazko ekoizpen zientifikoak hazkunde jarraitua izan duela eta, ordutik aurrera, beherakada progresiboa dagoela, azken urteetan nabarmenagoa dena.
Karmele Artetxek 2010ean euskal ekoizpen zientifikoaren azterketa bibliometriko bat egin zuen Inguma oinarri hartuta. Bertan, Price-ren legea aplikatu zuen ordura arteko argitalpenekin. Price-ren legeak dio zientziaren hazkundea esponentziala dela, produkzioa 10-15 urteren buruan bikoizten dela eta une batetik aurrera moteldu egiten dela. Artetxek ondorioztatu zuen, euskarazko produkzioaren hasierako urteetako hazkundea esponentziala izan zela, gero egonkortzera egin zuela eta, momentu hartan, beheranzko bidea hartua zuela zirudiela.
Orain berriz aplikatu dugu lege hori, eta Artetxek esandakoa berresten da: 1970eko hamarkadaren hasieran argitalpenen kopuruak hazkunde esponentziala izan zuen, 1973 eta 1977 bitartean % 360 inguruko igoerarekin. Ondorengo bi hamarkadetan (1978-1992) hazkunde bizkor baina egonkorragoa gertatu zen (% 105 eta % 116 artean). 1993tik 2012ra hazkundea moteldu eta egonkortze-fasera pasatu zen (urteen arabera % 21, % 34, % 13 eta % 4 arteko hazkunde-tasekin), Price-ren legeak aurreikusten duen moduan: hasierako hedapen azkarraren aurrean egonkortze- eta kontsolidazio-fase bat dator. 2013 eta 2017 artean beherakada gertatu zen (% −8), dokumentu-kopurua aurreko aldiarekin alderatuta jaitsiz; 2018–2022 bitartean igoera arina antzeman zen berriro (% +6), baina 2023–2024 artean dokumentu-kopuruak beheranzko joera erakusten du.
Nola eragin du euskarazko ikerketak arlo akademikoan?
Euskarazko ikerketak akademian eragin esanguratsua izan du, batez ere Giza eta Gizarte Zientzien jakintza-arloetan, lurraldearekiko, hizkuntzarekiko eta kulturarekiko lotura duten arloetan hain zuzen. Ingumako idatzizko ekoizpenaren % 78 jakintza-arlo horietan ekoiztu da. Inguma bezalako datu-base batek funtsezko rola du ekoizpen hori identifikatu, aitortu eta sistematizatzeko. Hala ere, nazioarteko ikusgarritasuna, lankidetza eta ebaluazio-sistemek euskarazko zientzia aitortzea dira oraindik erronka nagusiak.
Zeintzuk dira ondorio nagusiak?
Ondorioak sei bloke nagusitan banatu daitezke:
Bat, Inguma datu-basearen erabilera: Inguma da momentu honetan euskarazko ekoizpena neurtzeko tresnarik osatuena. Aztertutako hizkuntza gutxituetan ez dago Inguma bezalako tresnarik eta interesa piztu du. Euskal komunitate akademikoaren kasuan, erabilera oraindik ez da homogeneoa (batez ere, adituak identifikatzeko erabiltzen den tresna da).
Bi, ekoizpenaren beherakada: euskarazko ekoizpenak beheranzko joera du, gero eta gutxiago argitaratzen da euskaraz. Ingelesaren nagusitasuna identifikatzen da funtsezko faktore gisa. Ikerketa akademikoaren egitura globalak (aldizkari eta datu-base nagusien hizkuntza, ebaluazio-agentzien irizpideak, nazioarteko finantzaketa-deialdiak) ingelesa lehenesten du eta, zientzian, hizkuntza gutxituen biziraupena kaltetu.
Hiru, arlo eta formatu nagusiak: argitaratzen dena, Giza eta Gizarte Zientzien arloetan egiten da (% 78), batik bat, artikulu formatuan. Hizkuntza gutxituetako ekoizpena eremu jakin batzuetan kontzentratzen da eta, hori, lurraldetasunari eta kulturari lotuta dago. Formatu alternatiboak (liburuak, monografiak, kasu-azterketak) balioestea estrategikoa izan daiteke.
Lau, lankidetza: gaur egun lankidetza mugatua da (ikerketa-sare txikiak eta itxiak ditugu). Unibertsitate eta ikerketa-erakundeen antolamendu-logikak lehia bultzatzen du elkarlanaren kaltetan. Sare akademiko sendoagoak eta elkarlan transnazionalak eraiki beharko lirateke: koprodukzioak sustatu eta lankidetzan oinarritutako proiektu bateratuetarako pizgarriak eta finantzaketa eskaini.
Bost, nazioarteko ikusgarritasuna eta indexazioa: nazioarteko datu-base handietan, euskarazko ekoizpenek neurgarritasun eskasa dute eta iaikusezinak dira. Nazioarteko datu-baseetan ingelesaren nagusitasuna ukaezina da. Tokiko hizkuntzen presentzia marjinala da. Gainera, ikertzaileen artean, ikerketa zientifikoaren argitalpen-prozesuak zorrotz markatutako bideetatik egin behar diren uste orokortua dago.
Sei, Irizpide edo tresna alternatiboak: euskarazko ikerketaren inpaktu soziala neurtzea, aldizkari sendo eta elebidunak sortzea edo daudenak indartzea, ikertaldeek aldizkariokelikatzeko konpromisoak hartzea, eta ebaluazio-agentzietako irizpideetan hizkuntza-aniztasuna txertatzea (kasu hauetan, irizpide kualitatiboak indartuz).
Aurrera begirako estrategiak ere planteatu dituzu. Zeintzuk?
Zenbait proposamen egiten dira txostenean. Jarraian batzuk:
Bat, euskarazko ekoizpena sustatzea: instituzioek pizgarriak eskaintzea (finantzaketa), ikertzaile gazteei laguntza linguistikoa bermatzea eta euskarazko aldizkariak sendotzea, besteak beste, ikerketa euskaraz egiteko baldintzak ziurtatuz.
Bi, ikusgarritasuna eta nazioartekotzea: euskarazko ekoizpenaren presentzia globalari eusteko, aldizkari elebidunak, eduki digitalen metadatu egokiak, biltegi irekiak eta sarbide irekia bultzatzea.
Hiru, neurketa eta ebaluazio-sistema berriak (CoARAetaDORAekimenen ildotik): euskarazko ikerketaren balorazioan bibliometria tradizionala gainditu, eta inpaktu soziala, erabilera-datuak eta curriculum narratiboak kontuan hartzea. Horretarako testuinguruak sortzen ari dira.
Lau, lankidetza-sareak: euskarazko ikerketa indartzeko, lankidetza transnazionalak, koprodukzioak eta gazteentzako komunitate zientifikoak (IkerGazte, adibidez) sostengatzea.
Bost, politika publiko sendoak: ebaluazio-agentziek hizkuntza-aniztasuna onartu eta euskarazko ekoizpena sistematikoki txertatzea unibertsitate-politiketan eta ikerketa-balorazioetan.
Sei, Inguma bera indartzea, teknikoki eta datu-basea oinarri duten proiektuak garatuz eta hauspotuz (Artizarra, euskaldunen sare sozial tekniko-zientifiko-profesionala, eta Ziterauzi, artikulu akademikoetan jasotako erreferentziak automatikoki erauzteko tresna).
Inguma ezagutzen ez duenari nola azalduko zenioke zer den?
Inguma euskarazko ekoizpena bildu, aztertu eta zabaltzen duen datu-basea da, baliabide estrategikoa, ezinbesteko pieza euskarazko ezagutzaren transmisioa eta biziraupen akademikoa bermatzeko.
Zerbait nabarmentzeko?
Hasieran adierazi bezala, 25 urte hauetan egindako lana nabarmendu nahiko nuke, proiektuan lanean aritu diren profesionalei eta sostengua eman dioten erakundeei eskerrak emanez.