Amaia Torrealday Gallarreta: "Inguma datu-basea funtsezko tresna da euskarazko ezagutza akademikoa bildu, gorde eta zabaltzeko"

2025eko apirilaren 9a

Amaia Torrealday Gallarreta: "Inguma datu-basea funtsezko tresna da euskarazko ezagutza akademikoa bildu, gorde eta zabaltzeko"

Amaia Torrealday Gallarreta (Gernika-Lumo, 1979) da "Ingumak 25 urte” ikerketa-bekaren irabazlea. Euskarazko ekoizpen zientifiko eta intelektualaren bilakaera, garrantzia eta eragina sakonago aztertu eta aitortzeko egin zuen beka-deialdia UEUk eta Torrealdayk aurkeztutako Euskal ekoizpen zientifikoaren bilakaera Ingumaren 25 urteen bitartez ikuspegi bibliometriko batetik proposamenak eskuratu du beka. Ikus-entzunezko Komunikazioan (UPV/EHU) eta Dokumentazioan da lizentziatua (Universitat de Barcelona) bera. Mondragon Unibertsitateko bibliotekaria da 2009tik eta 2018tik Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean (HUHEZI) egiten du lan. Harekin izan gara bekaren inguruan hitz egiteko.

"Ingumak 25 urte" ikerketa-beka eskuratu berri duzu. Zergatik aurkeztu zara?

UEUk antolatutako Udako Ikastaroen barruan, 2022ko ekainaren 29an, “Unibertsitate-jakintzaren komunikazioa jardunaldian parte hartu genuen ikerketa honetan zuzendari arituko den Aitor Zuberogoitia irakasle-ikertzaileak eta biok. “Unibertsitate-jakintzaren komunikazioa Mondragon Unibertsitateko esperientziatik” mintzaldian, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen (HUHEZI) ekoizpenaren ezaugarriak azaldu genituen, kuantitatiboki eta kualitatiboki, irakasle-ikertzailearen ibilbidean euskaraz argitaratzeko dauden oztopo eta pizgarrietan sakonduz.

Jardunaldi horretan aurkeztutakotik abiatuko litzateke ikerketa hau, esperientzia hartarako egindako lana aprobetxatuz eta Inguma datu-basearen azterketara zabalduz.

Euskarazko ekoizpen zientifikoaren garapena eta ezagutzaren zabalkundea sustatzea garrantzitsua iruditzen zaigu. Inguma funtsezko baliabidea da euskarazko ekoizpen zientifikoa biltzeko eta zabaltzeko, eta haren bilakaera aztertzea beharrezkoa dela iruditzen zaigu.

Zertan jarriko duzu fokua?

Ekoizpen zientifikoa aztertuko dugu hizkuntza-ikuspegitik; ingelesaren nagusitasunetik hizkuntza minorizatuetara eta, zehazki, euskarara. Inguma da, momentu honetan, euskal produkzio akademikoaren berri ematen duen tresna. Ingumaren bidez azken 25 urteetan euskaraz egin den ikerketa aztertuko dugu, arreta berezia jarriz ekoizpen zientifikoaren bilakaeran.

Zeintzuk dira helburu nagusiak?

Hiru helburu nagusi ditu ikerketak. Batetik, aztertzea euskarazko ekoizpen zientifikoaren bilakaera Inguman azken 25 urteetan. Bestetik, ebaluatzea euskarazko ikerketaren eragina arlo akademikoan eta azkenik esploratzea euskarazko ezagutzaren ekoizpena eta hedapena indartzeko aukerak.

Zein izango da lan-prozedura?

Gaia behin kokatuta, Ingumaren datuak aztertuko ditugu, baita beste iturri osagarri batzuk ere. Ondoren, beste zenbait ikertzailerekin elkarrizketak egingo ditugu haien ikuspegia ezagutzeko. Lortutako emaitzak interpretatu eta azterlan bat egingo dugu, estrategia posibleak proposatzeko.

Zer da sei hilabete barru aurkeztea gustatuko litzaizukeena?

Euskal komunitate akademikoari baliagarriak izango zaizkion ondorio argiak aurkeztea gustatuko litzaiguke: ekoizpen zientifikoaren joerak, lankidetza-mekanismoen eraginkortasuna eta euskara akademikoaren etorkizunerako estrategia posibleak, Ingumaren azterketa izanik abiapuntua eta oinarria.

Zerbait nabarmendu nahi?

Inguma datu-basea funtsezko tresna da euskarazko ezagutza akademikoa bildu, gorde eta zabaltzeko. Ikerketa honek ezagutzaren transmisioan duen papera nabarmenduko du eta berau indartzeko proposamenak egingo ditu, eta euskarazko ekoizpena sustatzeko baliabideak identifikatzen ere saiatuko da.

Jakintza-arloak