Amaia Erdozain Fernández: "Ikertutako gazteen % 21ek noiz edo noiz kontsumitu izan dute “poppers”-a"

2026ko otsailaren 4a

Amaia Erdozain Fernández: "Ikertutako gazteen % 21ek noiz edo noiz kontsumitu izan dute “poppers”-a"

"Poppers" drogaren inguruko artikulua argitaratu du Osagaiz aldizkarian Amaia Erdozain Fernándezek (Barakaldo, 1983). Farmazian lizentziatua da (EHU) bera eta artikuluan “Poppers” drogaren prebalentzia, maiztasuna, kontsumo-ohiturak eta eskaintza aztertu nahi izan ditu. Ikerketaren inguruan hitz egiteko izan gara berarekin.

Zer da poppers-a?

“Poppers” alkil nitrito lurrunkorren izen arrunta da. Hasieran, medikuntzan erabili zen bularreko angina tratatzeko, basozalbatzailea delako, eta anpulu moduan zetorren prestatuta, hautsitakoan "pop" soinua egiten zuelarik (hortik datorkio izena). Hala ere, klinikan erabiltzeari utzi zitzaion, eragin iragankorra eta dosifikazio zaila zituelako. Gaur egun, ordea, aisialdian erabiltzen da, batez ere sexu-esparruan dituen eraginengatik, desira piztu eta esfinterrak erlaxatzen baititu.

Haren kontsumoaren patroia deskribatu nahi izan duzu. Zeintzuk izan dira erantzun nahi izan dituzun galderak?

“Poppers” drogaren gaur egungo kontsumoaren patroi deskriptiboak lortzea izan da helburua; zehazki, prebalentzia, maiztasuna, kontsumo-ohiturak eta drogaren eskaintza. Horretarako, erreferentziazko inkesta den EDADESen oinarritutako galdetegi sinplifikatu bat erabili da, batez ere “poppers”-era bideratua izan dena. Gainera, “poppers” berak eta bestelako drogek sor ditzaketen arazoen inguruan gazteek duten pertzepzioa eta droga ilegalen arazoari aurre egiteko ekintzen garrantziari buruzko iritzia ezagutzea ere bilatu izan da.

Urola Kostako 14-24 urte bitarteko gazteetan jarri duzu fokua. Nola iritsi zara haiengana? Eta zein izan da haien erantzuna?

Online galdetegi bat formulatu da —era guztiz anonimoan erantzutekoa— eta adin horretako gazteen artean zabaldu da Whatsapp aplikazioaren bidez, bai eta ikasketa-zentroen bitartez ere. Emaitzen arabera, 14-24 urteko gazteen artean “poppers”-a behin edo behin kontsumitu dutenak % 21 dira.

Kontsumo-maila altua dela erakutsi dute datuek...

Bai... Ikertutako gazteen % 21ek noiz edo noiz kontsumitu izan dute “poppers”-a eta datu hori estatu-mailan egindako ikerketetan lortutako kontsumo-maila baino 10 bat aldiz altuagoa da. Hala ere, limitazio moduan aipatu beharra dago kasu-ikerketa honen lagin-tamaina txikia eta mugatua dela, eta hortaz, zaila izan daitekeela emaitza hauek populazio handiagoetara estrapolatzea.

Zer gehiago erakutsi dute emaitzek?

Droga honen kontsumoa oso gaztetatik hasten dela (17 urterekin gehiengoa) eta, batez ere, festa-giroan erabilia dela, larunbatetan. Bestetik, alkoholaren eta “poppers”-aren kontsumoaren nahasketa oso ohikoa da.

Ohikoa da polikontsumoa?

Bai, oso ohikoa. Erantzunen arabera % 69k alkoholarekin batera kontsumitu du eta % 20k droga estimulatzaile batzuekin.

"Poppers"-aren eraginaren inguruan ere galdetu diezu. Zein da haien pertzepzioa?

Honekin lotutako zenbait alderdi jorratu dira galdetegian. Batetik, "poppers"-a kontsumitu ondoren jasandako sintomei dagokienez, parte-hartzaileen erdiek baino gehiagok euforia sentitu dute. Oso ohikoak izan dira, baita ere erlaxazio orokorra, buruko mina eta berriz inhalatzeko desira (kontsumitzaileen heren batek sentituak). Eta sintoma larriago bat, takikardia, % 18k sentitu du. Bestetik, baina eraginekin lotuta betiere, "poppers"-a kontsumitzeko arrazoiari buruz ere galdetu zaie gazteei: % 62k dibertigarria delako kontsumitu du, % 30ek euforia eragiten dielako eta % 33k probatzeko eskaini dietelako. Azkenik, "poppers"-aren kontsumo-maiztasun desberdinek eragiten duten arriskuari buruz ere galdetu zaie. Arazo handienaren pertzepzioa eguneroko kontsumoarekin lotu izan da (% 81entzat izan da arazo handia). Ordea, astebururoko kontsumoa erdia baino gutxiagorentzat da arazo larria, eta asteburu batzuetakoa, heren batentzat.  

Lerro hau ikertzen jarraitzeko beharra ikusi duzu. Zeinek izan behar luke hurrengo pausoa?

Lehen aipatu bezala, ikerketa hau Urola Kostako eskualdera mugatu izan da, kasu-ikerketa deskriptibo modura. Beraz, gehiago ikertu beharko litzateke, lagin handiago batean eta laginketa egoki batekin, kontsumoaren benetako tasa zein den jakiteko. Eta bide batez, polikontsumoak duen arriskuari buruz duten informazioaz ere galdetu ahalko litzaieke gazteei.

Osagaiz aldizkarian argitaratu dituzu ikerketaren emaitzak. Garrantzitsuak dira horrelako plataformak?

Zalantza barik. Horrelako aldizkariak eta plataformak funtsezkoak dira euskal gizartean, zientziaren eta osasunaren arloko ezagutzak euskaraz zabaltzeko eta partekatzeko aukera ematen baitute, gure hizkuntzaren normalizazioan eta garapenean urrats garrantzitsua eginez.

Jakintza-arloak