Ainitze Labaka Etxeberria: "Biztanleriaren osasuna hobetzeko erizainen gaitasunak behar bezala ustiatu behar dira"

2025eko maiatzaren 7a

Ainitze Labaka Etxeberria: "Biztanleriaren osasuna hobetzeko erizainen gaitasunak behar bezala ustiatu behar dira"

"Zertan da erizaintza?" ikerlana argitaratu du Osagaiz aldizkarian Ainitze Labaka Etxeberriak (Urnieta,1991). Erizaintzan graduatua da eta doktorea Psikologia programan. Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakaslea da. Berarekin izan gara Osagaiz aldizkarian argitaratutako ikerketaren gainean hitz egiteko.

Erizaintza jarri duzu erdigunean. Zergatik?

Horretarako une giltzarrian gaudelako. Osasun-sistema jasangarria izango bada, fokua osasuna konplikatzearen ondorenean jarri beharrean konplikatu aurreko prebentzioan jarri behar da, eta bigarren hori primeran egiten du erizainak. Linda Aiken honoris causa erizainaren ikerkuntzen arabera, erizaintzako langile gehiago duten ospitaleetan eta erizain horiek ikasketa aurreratuak dituztenean, pazienteen hilkortasuna, berrospitaleratze kopuruak, ospitaleratze-egunak eta unitate intentsiboetan ingresatuta bukatzeko aukera esanguratsuki murrizten dira. Eta ospitale horiek askoz diru gehiago aurrezten zuten gainera! Baita erizain-plantilla handiagoaren soldatak kontuan edukita ere.

Erizainen lan-egoera eta egindako ikerlanen ekoizpena zertan den aztertu nahi izan duzu. Zein izan da abiapuntua?

Estatu-mailan “Iniciativa Marco de Cuidados” delakoa lantzen ari dira, eta osasun-erakundeek zer erizaintzako giza baliabide behar dituzten aztertzea eta praktika aurreratuko erizainak eta erizain espezializatuak sustatzea du helburu, besteak beste. Aldaketak egongo diren testuinguru honetan, lanbidea geure inguruan zertan den ikusi nahi nuen.

Zein da egungo erizainen lan-egoera?

Enplegagarritasun handiena duten lanbideen artean dago, eskaera itzela da eta. Euskadin, 2019an langabezia-tasa % 0koa izan zen. Azken hamarkadan lanean diharduten erizainen kopuruak gora egin du, baina ez da nahikoa: Europar Batasunean 8,3 erizain daude 1.000 biztanleko batez beste, eta Espainian 4,7 erizain bakarrik daude 1.000 biztanleko. Erizaintzako Kontseiluen Europako Federazioak lehen mailako arretan dugun erizainen gutxiegitasuna azpimarratzen du batez ere, bertan ratioa 0,8 erizain 1.000 biztanleko baita, eta prebentziorako gako nagusia osasun-zentroetan eta komunitatean dago, ez ospitaleetan.

... eta erizaintzaren alorrean egiten den ikerketa-ekoizpenarena?

Erizaintzako artikulu zientifikoen ekoizpena etengabe handitu da azken bi hamarkadetan, bost bider handitu ere. Euskadiko ekoizpenari dagokionez, Erizaintzako arloa Euskadiko arlo emankorrenen artean bederatzigarren postuan dago. Hala ere, zenbait autorek ohartarazten dute ebidentzian oinarritutako zainketak eman ahal izateko ikerketa horien artetik gehiagok zentratu beharko luketela erizaintzako esku-hartze esperimentaletan. Horixe da hain zuzen sustatu nahi den praktika aurreratuko erizainaren profila, ebidentzia berrienak bezeroekin aplikatzeko ikerketaren eta praktikaren arteko zubi-lana egitea.

Zeintzuk dira erizaintzaren erronka nagusiak?

Lehena, biztanleriaren osasuna hobetzeko gaur egun desaprobetxatuta dauden erizainen gaitasunak behar bezala ustiatzea eta erizain espezializatuak eta praktika aurreratukoak sustatzea.

Horretaz gain, Erizaintzako Kontseiluen Europako Federazioak eta Estatu Batuetako Osasunaren Institutu Nazionalak erizainen erronka gisa honakoak identifikatu dituzte: aldaketa klimatikoaren ondoriozko intsektuen bidezko gaixotasun infekziosoen areagotzea, airearen kutsaduraren ondoriozko arnas gaixotasunen areagotzea, osasun inekitateen identifikazioa eta generoagatik, arrazagatik edota maila sozioekonomiko baxua izateagatik osasun-arretarako eskuragarritasun murritza duten haiek zaintzea, epidemia edo pandemien aurreko erantzuna, eta pazienteen autozainketa sustatzeko heziketa-programen eta mugikorreko aplikazioen garapena.

Osagaiz aldizkarian argitaratu dituzue ikerketaren emaitzak. Garrantzitsuak dira horrelako plataformak?

Zalantzarik gabe. Euskaraz horrelako erakusleiho bat izatea beharrezkoa da datuak gizarteratzeko eta gure ingurunean zer egoera daukagun gure herrikideei eta lankideei geure hizkuntzan adierazteko.

Jakintza-arloak