070 Irakasleok euskaraz zuzen, egoki eta jator idazteko eta mintzatzeko hamaika gomendio, arau eta tresna digital

Hasiera - Bukaera data: 2026ko maiatzaren 4a - 2026ko ekainaren 12a (Astean zehar)
Tokia: Ikasgela Birtuala
Ordutegia: 00:00-24:00
Modalitatea: Online
Ordu kopurua: 30
Matrikula-epearen hasiera: 2025eko irailaren 12a
Matrikula-epearen bukaera: 2025eko irailaren 26a
070 Irakasleok euskaraz zuzen, egoki eta jator idazteko eta mintzatzeko hamaika gomendio, arau eta tresna digital

Aurkezpena

Irakasleok, gure irakasgaia edozein dela ere, hizkuntza dugu lan-tresna nagusi: hizkuntza erabiltzen dugu ikasleekin hitz egiteko, lankideekin bilerak egiteko, ikasmaterialak erabiltzeko edo sortzeko... Ondo komunikatzeko gaitasuna, ordea, ez da edonork berez duen gaitasun bat, etengabe landu eta zaindu beharreko zerbait baizik. Azalpen ulergarriak emango baditugu, gai izan behar dugu aldiro hitz egokiak aukeratzeko, esaldiak ondo josteko, eta esaten edo idazten dugun hori komunikazio-egoerara egokitzeko. Ikastaro honek euskarazko komunikazio-gaitasuna lantzeko abiapuntu bat eskaini nahi die parte hartzen duten irakasleei, sarri egiten ditugun akatsetatik abiatuta eguneroko hizkuntza-arazoei aurre egiten treba daitezen.

Ohiko akats ortografiko eta gramatikalak ez ezik, estilo-kontuak ere landuko dira ikastaroan: kalko okerrak eta egitura traketsak, puntuazioaren oinarrizko gako batzuk... Hori guztia, sarean eskuragarri ditugun euskarazko zenbait tresna eta baliabide oinarritzat hartuta. Hala, ikastaroak aukera emango die parte-hartzaileei euren hizkuntza-jarduna kritikoki aztertzeko eta euren ahulguneak eta indarguneak identifikatzeko, eta, horrez gain, bide baliagarriak eskainiko dizkie egunerokoan sortzen zaizkien hizkuntza-zalantzak modu autonomoan argitzeko.

Irakasleak

Helburuak

Ikastaroaren helburu nagusia:

  • Irakasleen euskarazko komunikazio-gaitasuna hobetzea, bai idatzizkoa eta bai ahozkoa.

Helburu espezifikoak:

  • Zuzen eta egoki komunikatzeak irakaskuntza esanguratsurako duen garrantziaz jabetzea.
  • Hizkuntza-zalantzak argitzeko eta komunikazio-gaitasuna lantzeko eskuragarri dauden tresna eta baliabide digitalak ezagutzea.
  • Idatzizko eta ahozko hizkuntza-jardunean sarri egiten ditugun zenbait akats identifikatzea (ortografikoak, gramatikalak, estiloari dagozkionak...).
  • Norberak sortutako ikasmaterialak hizkuntzaren ikuspegitik kritikoki aztertzea eta ebaluatzea, aurrera begira hobetu beharrekoak identifikatzeko.

Edukiak

1. Irakaskuntzan komunikazioa zaintzearen garrantzia: zuzentasuna eta egokitasuna.

2. Irakasleon ohiko ortografia- eta gramatika-akatsak.

3. Zuzentzaileak, akatsak saihesteko lagungarri.

4. Hiztegi-kontsultak Euskalbar tresnaren bidez.

5. Corpusak: hizkuntzaren erabilera erreala aztergai.

6. Irakasleon ohiko kalko eta egitura okerrak, estilo-liburuak oinarri.

7. Puntuazioaren inguruko zenbait gako.

8. Itzultzaile automatikoak: noiz eta nola erabili (eta noiz eta nola ez).

9. Zalantzak argitzeko beste bide batzuk.

10. Sintesia eta nork bere kasa ikasten jarraitzeko gomendioak.

Metodologia

Ikastaro hau online eskainiko da osorik, oinarrian Moodle plataforma duen UEUren Ikasgela Birtualaren bidez. Eduki teoriko guztiak jarduera praktikoen bidez landuko dira. On-line ikastaroa izan arren, metodologia aktiboa lehenetsiko da. Tresna digitalak ezagutzeko, haiekin modu praktikoan lan egingo da.

Nori zuzenduta

Irakasleei orokorrean.

Jakintza-arloak