Literaturaren irakaskuntza Bigarren Hezkuntzan. Irakasle literaturazaleon topaketa.

Aurkezpena
Euskal literaturaren irakaskuntza Bigarren Hezkuntzan elkarrekin berrikusten jarraitzeko beharra dago hainbat arrazoirengatik: Hizkuntza eta Literatura irakasgaiko irakasle guztiak ez dira literaturan edo didaktikan aski formatuak (zaleek lantzen dituzte hutsuneok, motibazio pertsonalaren eraginez); curriculumek ez dute literaturaren irakaskuntza derrigortzen eta ez dute baliabide edo metodologia askorik eskaintzen (hizkuntzaren irakaskuntza da nagusi); irakasle guztiak ez dira literaturazaleak eta uste dute ikasleek ere ez dutela literatura maite (egungo jendartean literaturak prestigioa galdu du); irakasle anitzek ez dakite zein metodo erabili, zein obra irakurri, zein lanketa egin (aurreiritziek gidatzen dituzte ekintzak maiz); irakasle frankok pentsatzen dute ikasleek maila apalegia dutela literatura ulertzeko (gaitasuna, esfortzua, motibazioa nahasten dira eta ezkortasuna orokortzen); hainbat irakaslek ez dute euskal literatura inguruko literatura hegemonikoen mailakotzat eta ez dute Euskal Herri osoko ikuspegi osaturik...
Jardunaldiaren antolatzaileak: Amaia Alvarez Uria eta Katixa Dolhare Zaldunbide.
Helburuak
- Bigarren Hezkuntzako literaturaren irakaskuntzaren inguruko aurreiritziak deseraiki eta lan horri proposamen teoriko gaurkotuen eta jarduera praktiko eredugarrien talaiatik begiratzea. Horretarako Ipar eta Hego Euskal Herriko zenbait ikuspegi, marko eta jarduera partekatuko dira.
- Literaturaren irakaskuntzan lan egiten duten irakasleak saretzea (bai Bigarren Hezkuntzan dihardutenak, bai irakasle horien prestakuntzan dabiltzanak) normalean bakarka egiten den bidea arlo berean jarduten dutenekin pentsatzeko eta ekiteko moduak trukatzeko.
Nori zuzenduta
Bigarren Hezkuntzan literatura (eta bereziki euskal literatura) irakasten duten irakasleentzat, unibertsitatean Irakasleen Prestakuntza Masterretan literaturaren didaktika irakasten duten irakasleentzat, gaur egun hezkuntza, gazteak eta literatura nola uztar daitezkeen elkarrekin pentsatu nahi dutenentzat, eta oro har, gai hauekiko interesa duen ororentzat, bereziki, ikuspegi, ezagutza, esperientzia desberdinak konpartitu eta elkarrekin hausnartu nahi dutenentzat.