Gaur egungo Euskal Herria, kolonialismoaren emaitza al da?

Aurkezpena
Zenbait giro akademikotan, azken bolada honetan, diskurtso dekolonialaren tresnak Europan gutxituriko hainbat herriren kasuak aztertzeko erabiltzen hasi dira; guk horri buruz pentsatu nahi dugu. Teoria dekolonialaz edo kolonialismoari buruz dakiguna erabilgarria da Euskal Herriaz aritzeko? Baina zer da kolonia bat izatea, zehazki? Zer diote teoria dekolonialek? Kolonia bat izateko modu bakarra al dago? Eta herri kolonizatu bat izateko? Gauza bera ote da herri kolonizatua izatea, edo kultura kolonizatua izatea? Baina, zehazki zer gertatu da Euskal Herrian? Ba al daukagu beste herri batzuekin konparatzeko aukerarik? Eta, alderantziz, hemengo historia, gure mendetasun-arazoak aztertzea jakingarria izango al da itsasoz beste aldean egin direnak neurtzeko? Horri guztiari buruz hitz egiten dugunean, herri bat zer den, guk kolektiboki nola definitzen dugun ere planteatzen dugu; eta, noski, izan nahi dugun horretaz ere hausnartzen dugu.
Jardunaldiaren koordinatzailea: Cira Crespo (Historialaria).
Helburuak
Helburu nagusia mahai gainean dauden kezka hauei buruz hitz egitea da, eta gaur egungo kolonialismoaren inguruko diskurtsoetan zein den euskal pentsamenduaren kokapena edota zein izan behar lukeen.
Nori zuzenduta
Gai honi buruz interesatua dagoen edonori.