Euskarazko Rol Jokoen Olatu Berria: azken urteetako proposamenak ezagutu, ulertu eta jokatzeko tartea.
Aurkezpena
Azken bost-sei urteetan euskarazko rol joko argitaraturik apenas egotetik estilo, gai eta proposamen oso ezberdina duten kalitate handiko rol joko andana egotera igaro gara: Atopia, Adur, Pastorrola, Makina Maixu, Centauri, Gudamailu... Joera berri honi olatu ere dei geniezaioke, eta ziurrenez mundu osoan rol jokoek bizi duten osasun onarekin zerikusi zuzena du.
Egun osoko saio honetan Rolariak Kultura Elkartetik euskarazko rol jokoetara sarrera bat eskaini nahi dugu UEUren Udako Ikastaroen barruan: zer dagoen, nola sortu den ezagutzetik hasi (horretarako rol joko hauen sortzaileekin kontatu ahal izango dugu) eta euskaraz rolean aritzeko zabaldu diren aukera eta modu berriez hitz egiteraino. Saioan zehar rol jokoek hezkuntzarako eta euskarazko sorkuntza eta kulturgintzarako zabaltzen dituzten aukerak ere aztertuko ditugu, orain arte sortutako jokoak aurkeztu eta rol jokoen sorkuntzan murgilduta dauden egileekin batera.
Eta noski, ez litzateke euskarazko rolari buruzko ikastaroa izango euskaraz rolean aritzeko aukerarik eskaini gabe!
Jardunaldi hau elkarlanean antolatu dute Rolariak Kultura Elkarteak eta UEUk.
Helburuak
Rolariak elkarteak rola euskaraz zabaltzea du helburu eta UEUren ikastaroak aukera bikaina eskaintzen digu rol jokoak zer diren azaldu, euskarazko azken urteetako uztari erreparatu eta fikzio kolaboratibozko munduetan murgiltzeko.
Goiza euskarazko rolaren egungo egoerari buruzko saio eta hitzartzeek hartuko dute. Arratsaldean, parte-hartzaile kopuruaren arabera moldatuta, rol partidak jokatuko ditugu (bost sistema proposatzen dira, mahaiak parte-hartzaile kopuruaren arabera antolatuko dira).
Edukiak
Saioak, alde batetik, dibulgazio, elkarrizketa eta eztabaida seriorako espazioa zabaldu nahi du, eta, beste alde batetik, euskarazko rolak utzi digun uztan murgildu eta gozatzeko tarte ludikoa zabaldu. Biak ala biak garrantzitsuak eta osagarriak iruditzen zaizkigu "rol jokoak zer diren" lehen aldiz deskubritu nahi dituenarentzat zein aspalditik jokatzen ari denarentzat.
Nori zuzenduta
Bi profil osagarrirentzat da egokia ikastaroa: rol jokoak ezagutu eta apreziatzen dituzten pertsonak (beharbada euskarazko rol jokoak ezagutzen ez dituztenak) eta rolaren mundua ezagutzen ez duten (baina interesa edo kuriositatea duten) pertsonak. Saioa bi profilentzat interesgarria izatea bilatuko dugu une oro.
Rolariak elkartea emakume eta gizonez osatuta dagoen arren jardunaldia desorekatuta gelditu zaigu eta gizonezko gehiago egongo da hizlari emakumezkoak baino. Rolari bezala euskarazko rol jokoen tradizio parekide bat sortzearen alde egin nahi dugu, eta hortaz bereziki gonbidatu nahi ditugu emakumeak* jardunaldian izena eman eta parte hartzera.