txiotesia2: datuak
2014ko azaroaren 18an egin da "Txiokatu zure tesia 6 mezutan" lehiaketaren 2. edizioa: #txiotesia2. Egiten ari diren edo 2011/2014 urte bitartean defendatuta duten tesia 6 txiotan laburtzea izan da ikertzaileen erronka.
Bost kideko epaimahaia izan da irabazleak hautatzeko ardura izan duena. Hauek izan dira: Ainhoa Latatu, Iñaki Larrea, Itziar Aretxaga, Kike Amonarriz eta Koldo Garcia.
Hona hemen lehiaketak eman dituen datuetako batzuk:
- 46 ikertzailek hartu dute parte.
- 23 emakume eta 23 gizon.
- Parte-hartzaileen %30a doktorea izan da, gehiengoa beraz, doktoregaia.
- Ikertzaileak Cantabriako Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, Grenobleko Unibertsitatea, Lancasterreko Unibertsitatea, Leedseko Unibertsitatea, Madrilgo Unibertsitate Autonomoa, Mondragon Unibertsitatea, Tennesseko Unibertsitatea, UNED, UPNA/NUP eta UPV/EHUkoak izan dira.
- Parte hartu duten ikertaldeak izan dira besteak beste: Azti-tecnalia, Biocruces, CicBiogune, CicNanogune, DeustoTech, DIPC (Donostia International Physics Center), Hazitegi Ikerketa Taldea, IK4-Ikerlan, IXATaldea eta Ingeniería Software y Tiempo Real Ikerketa Taldea.
- Tesien jakintza esparrua zabala izan da. Besteak beste: Ekonomia, Kimika, Biologia, Hezkuntza, Literatura, Kazetaritza, Soziologia, Fisika, Informatika, Hizkuntzalaritza, Matematika, Kirola, Psikologia eta Elektronika.
- Parte-hartzaileen %39ak informazio atxikia erabili du txioetan: gehiengoak argazkiak bidali ditu baina bideoak eta audioak ere erabili dira.
- Parte-hartzaileen %27ak Twitter kontua zabaldu du txiokatzeko.
- Parte hartzaileen %70a berria izan da lehiaketan eta beraz, iazko parte hartzaileen %16a animatu da aurten ere.
Itziar Gonzalez Dios izan da Txiolari ulergarriena eta Eneko Bidegain originalena. 500 eta 300 euroko diru-saria eskuratu dute hurrenez hurren.
- Txiolari ulergarriena Itziar Gonzalez Dios (@ItziarGD): Itziar Gonzalez-Dios Pasai San Pedrokoa da eta 26 urte ditu. Alemaniar Filologian lizentziatu zen UPV/EHUn eta egun tesia egiten dabil unibertsitate bereko IXA Taldean. Bere tesiaren behin-behineko izenburua "Egitura sintaktiko konplexuen identifikazioa eta sinplifikazioa euskararen tratamendu automatikoan" da eta 2015 amaieran edo 2016 hasieran irakurtzeko asmoa du.
- Txio irabazleak: Egitura sintaktiko konplexuen identifikazioa eta sinplifikazio automatikoa euskararen tratamendu automatikoan
- Irabazleari elkarrizketa: "Gizarteari zer ikertzen ari garen eta zer lortzen dugun adieraztea zor diogula ezin dugu ahaztu"
- Itziarren hitzak:
- Txiolari originalena Eneko Bidegain (@enekobidegain): Eneko Bidegain kazetari eta idazle baionarra da eta 39 urte ditu. Euskal Ikasketak egin zituen Baionan eta 2012an aurkeztu zuen doktorego-tesia: "Lehen Mundu Gerra Eskualduna Astekarian". Gaur egun irakaslea da Mondragon Unibertsitatean, Aretxabaletako Campusean.
- Txio irabazleak: 1. Mundu Gerra Eskualduna-n" Alemanen aurka herraz, 7.000 ale erraz zabaltzen ziren euskaraz eta zer idazten zuten gerraz?
- Irabazleari elkarrizketa: "Bete-betean parte hartu zuen "Eskualduna" astekariak Ipar Euskal Herriko euskal gizartea frantsesten"
- Enekoren hitzak:
Sari banaketa ekitaldia azaroaren 26an egin zen Donostian, Koldo Mitxelena Kulturunean. Sari Banaketa Ekitaldiari hasiera Iñaki Alegriak (UEUren zuzendaria) eman dio. Aurtengoaren balorazioa egin du eta iaz esandakoa berretsi du: zeinen aberasgarria izan den hainbeste ikertzaile euskaldunen lanen berri izatea. Iñaki Larrea (@ilarrea) #txiotesia2-ko epaimahaikideak ere ildo beretik hitz egin du.
Honez gain, ekitaldian Jon Mattin Matxain (@TxoniMatxain) kimikariaren eta ikertzailearen "Ikerketa buruan eta ibili munduan" hitzaldia entzuteko aukera izan dugu, eta bertan, bere ikertzaile bizitzako gora-beherak kontatu dizkigu. Hona hemen bere hitzak eta ondoren ekitaldiko bideoa: