txiotesia1: datuak
2013ko azaroaren 19an egin da "Txiokatu zure tesia 6 mezutan" lehiaketaren 1. edizioa: #txiotesia1. Egiten ari diren edo 2013/2015 urte bitartean defendatuta duten tesia 6 txiotan laburtzea izan da ikertzaileen erronka.
Bost kideko epaimahaia izan da irabazleak hautatzeko ardura izan duena. Hauek izan dira: Lorea Arakistain, Ricardo Gómez, Lore Erriondo, Txema Egaña eta Jon Mattin Matxain.
Hona hemen lehiaketak eman dituen datuetako batzuk:
- 86 ikerlarik parte hartu zuten.
- 41 gizonezko (%47,6) eta 45 emakumezko (%52,4).
- Parte-hartzaileen %35ak tesia defendatuta du eta beste %65a tesia egiten ari da.
- Doktore diren parte hartzaileen %85ak ikertzen jarraitzen du gaur egun.
- Parte hartu duten ikerlariak UPV/EHU, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, UPNA/NUP, UNED eta Nafarroako Unibertsitatekoak izan dira. Valladolideko Unibertsitatean ikertzen diharduten bi ikertzailek ere parte-hartu dute.
- Ikerketa Talde hauetako ikerlariek parte hartu dute: IXATaldea, NOR ikerketa-taldea, Elhuyar I+G, Dream (Donostia Research Group on Education and Multilingualism), BCBL Basque Center on Cognition Brain and Language, Elebilab (Hizkuntza eta elebitasuna ikergai), Hegoa (Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari Buruzko Ikasketa Institutua), DeustoTech, Tecnalia eta IK4 Ikerlan.
- Tesien jakintza esparrua zabala izan da. Besteak beste aipatu daitezke: Geologia, Matematika, Ekonomia, Fisika, Kimika, Ingeniaritza, Hizkuntzalaritza, Psikologia, Soziologia, Kazetaritza, Komunikazioa, Hezkuntza, Pedagogia, Biologia, Genetika, Arkitektura, Zuzenbidea
Informatika eta Ikus-entzunezkoak. - Hala ere faltan bota dira esparru batzuetako tesien txiokaketa, esaterako Antropologia, Erizaintza edo Medikuntzaren esparrukoak.
- Parte-hartzaileen %41,86ak informazio atxikia bidali du estekak erabilita: gehiengoak (%85) argazkiak bidali ditu baina bideoak eta bibliografia ere erabili dira.
- Parte-hartzaileen ia %20ak (%19,76) Twitter kontua zabaldu du txiokatzeko.
Estitxu Garai Artetxe izan da Txiolari ulergarriena eta Itxaro Perez Urzelai originalena. 500 eta 300 euroko diru-saria eskuratu dute hurrenez hurren:
- Txiolari ulergarriena Estitxu Garai (@egarai): Estitxu Garai 28 urteko gordexolatarra da. UPV/EHUn lizentziatu zen Publizitatea eta Harreman Publikoetan eta egun tesia egiten dabil Leioako Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Publizitatea Sailean. Bere tesiaren gaia da "Euskarazko publizitatea zertzeko prozedura eta hizkeraren kalitatea" eta 2014 amaieran aurkezteko asmoa du. Egun UPV/EHUn ari da Eusko Jaurlaritzako PREDOC programako ikerketa-kontratu batekin.
- Txiolari originalena Itxaro Perez (@ItxaroPU): Itxaro Perez 32 urteko beasaindarra da eta Biokimikako ikasketak egin zituen UPV/EHUn. Tesia unibertsitate bereko Medikuntza eta Odontologia Fakultateko Fisiologia Sailean egin zuen eta 2011n doktoratu zen. Tesiaren gaia "Peptidasen aktibitatearen aldaketak heste lodiko neoplasietan" izan zen eta egun Leioako Erizaintzako Unibertsitate Eskolan da irakasle. Denbora duenean Fisiologia Sailean ikertzaile lanetan jarraitzen saiatzen da.
Sari banaketa Donostian egin da azaroaren 25ean, Koldo Mitxelena Kulturunean. UEUko Iñaki Alegria Zuzendaritza Taldeko kideak eman dio hasiera saioari eta berretsi egin du egunotan sarean aipatu eta baloratu duguna: zeinen aberasgarria izan den hainbeste ikertzaile euskaldunen lanen berri izatea. Lore Erriondok (@Erriondo) epaimahaiaren izenean ere ildo beretik ekin dio, esperientziaren freskotasuna eta magia aipatuz eta ikertzaileak hemendik aurrera ere beraien lana dibulgatzeko pausoak ematera animatuz. Koldo Garcia ikertzaile gazteak (@koldotxu) bere aldetik "#Kafepintxo batekin ikertzen" hitzaldiarekin ikertzaileen egunerokotasuna ekarri digu gogora eta bertaratukook izan dugu bere kontakizunarekin barre egiteko aukera.
Hona hemen sariketa eguneko bideoa: