Zihara Enbeita Gardoki: "Sinestuta gaude Artizarra tresna garrantzitsua izan daitekeela euskal komunitatearentzat"

2023ko abenduaren 14a

Zihara Enbeita Gardoki: "Sinestuta gaude Artizarra tresna garrantzitsua izan daitekeela euskal komunitatearentzat"

UEUren Artizarra.eus plataformak 5 urte bete ditu. Euskaldunen sare sozial tekniko-zientifiko-profesional hau ikertzaile eta profesionalen arteko harremanak errazteko sortu zen eta 1.000 kide baino gehiago biltzen ditu gaur egun. Zihara Enbeita Gardoki (Gernika-Lumo, 1976) da sare sozialaren kudeatzailea. Kazetaritzan lizentziatu zen EHUn eta Social Media Content izeneko graduondokoa egina du UOCen. Gaur egun UEUko komunikazio-taldeko kide da. Berarekin izan gara Artizarraz hitz egiteko.

Zergatik sortu zen Artizarra?

Artizarrak UEUren Inguma datu-basean du oinarria. Azken hau komunitate zientifiko euskaldunaren datu-basea da eta bertan, azken 50 urteotan unibertsitate mailako zientzia eta jakintza-alor bakoitzean euskaraz ahoz eta idatziz ekoitzi denari buruzko oinarrizko informazioa eskaintzen da. Produkzio horren atzean baina egileak daude eta hain zuzen ere egile horiek, ikertzaile, aditu eta profesional horiek, harremanetan jartzeko sortu zen Artizarra duela bost urte. Sarea osatzeko eta, era berean, komunitate euskaldun horri ikusgarritasuna emateko.

Zein izan da bost urte hauetako ibilbidea?

Artizarra apurka-apurka forma hartzen joan den proiektua izan da. Gaur egun 1.000 erabiltzailetik gora daude eta erabilerak erakutsi digu zeintzuk diren egin beharreko aldaketak. Aurrera begira ere, sare soziala den heinean ziur aldatuko dela. Erabilera asko izan ditzake Artizarrak, baina oraindik ez zaiola nahikoa zuku atera esango nuke. Horregatik, adibidez, bideo tutorial bat egin berri dugu, dauden aukerez jakitun izan daitezen erabiltzaileak.

Azken batera, zeintzuk dira erabilera horiek?

Aipatu dugun moduan ikertzaile eta profesionalak harremanetan jartzea, baina ez hori bakarrik. Artizarraren barruan hainbat talde eta foro ere badaude, UEUren sailekin bat datozenak, eta, beraz, norbere arloko kontuen berri izateko, adibidez, egokia izan daiteke. Edota arlo horretako zerbaiten inguruan laguntza eskatzeko, ekarpen bat egiteko, informazioa zabaltzeko... Eztabaidak sortzeko aukera ere badago. Beharbada hau da oraindik gutxien erabili dena eta gure asmoa horri bultzada ematea da. UEUk ere hainbat elkarrizketa argitaratzen ditu bere webgunean eta Artizarrera eramaten ditu sail zehatz batentzako interesgarria izan daitekeela uste badu. Eta nola ez, kazetarientzat ere lagungarri izan daiteke, dudarik gabe. Horretaz gain, badira talde berezi bi ere Artizarran. Batetik Ikergazte taldea, ikertzaile gazteentzako dena eta, bestetik, Irakaslari. Azken honetan UEUrekin irakasle moduan lan egin nahi dutenak biltzen dira.

Sinistuta gaude Artizarra tresna garrantzitsua izan daitekeela euskal komunitatearentzat, baina horretarako beharrezkoa da jende gehiagok izena ematea eta, batez, ere foroei eta eztabaidei bultzada ematea. Denon artean egingo dugu eta hobetuko dugu Artizarra.

Jakintza-arloak