Unai Ormazabal: "Ornitologia eta botanika etiko bat egiteko modua existitzen da"

2023ko maiatzaren 8a

Unai Ormazabal: "Ornitologia eta botanika etiko bat egiteko modua existitzen da"

Unai Ormazabalek (Andoain, 1996) Biologiako Gradua egin zuen UPV/EHUn eta Biodibertsitate Masterra Bartzelonako Unibertsitatean. “Bizidunen bila” ikastaroa antolatu du Agustí Agut i Escrig rekin batera, Gasteizen, maiatzean. Berarekin izan gara.

Euskal Herriko landare eta animaliak ezagutzeko ikastaroa antolatu duzue maiatzean.

Bai. Oraingo honetan hegaztiak eta orkideak ezagutzeko ikastaroak osatu ditugu. Nik emango dudan ikastaroan hegaztien inguruan ikasteko gai izango gara, eta Agustíren kasuan, orkideei buruz ikasiko dugu.

Euskal Herriko landare eta animalia asko ezezagunak dira. Zeintzuetan jarriko duzue fokua?

Aurretik esan bezala, hegaztiei eta orkideei buruz hitz egingo dugu. Ikusteko errazak izan daitezke, arreta pixka bat ezartzen bada. Ikusteko errazak izan daitezkeen taldeak dira, arreta pixak bat jartzen bada. Jendeak uste duena baino hegazti eta orkideen dibertsitate handiagoa dago Euskal Herrian, eta espezie horiek nola aurkitu eta identifikatu erakutsi nahi da ikastaro honekin.

Ezagutza arduratsuari eta kontserbazioari garrantzia eman nahi diezue.

Bai, noski. Oso garrantzitsua iruditzen zait bizidunekin dauzkagun interakzioek ahalik eta onura gehien ekartzea denontzat. Azkenaldian, mendira animaliak eta landareak ikustera joatea asko zabaldu den hobby bat da, baina horrek ere arazoak ekar ditzake bizidun horientzat. Ornitologia eta botanika etiko bat egiteko modua existitzen da eta hori bultzatzeko helburuarekin ikastaroaren zati garrantzitsu bat erabiliko da.

Alde teorikoa eta praktikoa uztartuko dituzue. Zein izango da metodologia?

Gehienbat alde praktikoari ahalik eta etekin handiena ateratzeko erabili beharko dituzten instrumentuak irakatsiko dira alde teorikoan. Alde praktikoan, bertan sor daitezkeen zalantzak ebazteko gai izango gara, beren kabuz daudenean gauzak xamurrago joan daitezen.

Olarizuko Lorategi Botanikoan elkartuko zarete. Zer eskaintzen du inguruneak?

Landareei dagokienez, Lorategi Botanikoak loreen dibertsitate ikaragarria aztertzeko aukera ematen digu. Horrela, orkideen eta beste espezieen arteko ezberdintasunak ikusteko gai izango gara; baita orkidea-espezie desberdinen arteko ezberdintasunak ere.

Hegaztiei dagokienez, Salburua parkeko etxeko inguruneak alde praktikoari ahalik eta etekin handiena ateratzeko gaitasuna eskaintzen digu. Zingira eta hezeguneetan bizi eta atseden hartzen duten hegaztien dibertsitatea in-situ aztertzeko eta aurreko egunean ikasitako guztia praktikan jartzeko aukera izango dugu.

Bigarren edizioa da antolatzen duzuena. Nori dago zuzenduta?

Naturarekiko eta bizidunen kontserbazioarekiko edota honen ezagutzarekiko interesa duen edonorentzat dago zuzenduta. Oinarrizko materialaz gain, jada ezagutza batzuk dituztenentzat interesgarriak izan daitezken gaiak jorratuko dira.

Zer da ikastaroarekin lortu nahi duzuena?

Inguruan dagoen bizidunekiko ezagutza eta maitasuna zabaltzea. Bizidun horiekin daukagun erlazioa ahalik eta hoberena izan dadin, lehenik eta behin espezie horiek ezagutu egin behar dira, identifikatzen jakin eta haien garrantzia azpimarratu.

Jakintza-arloak