"Olinpiada Filosofikoa pizgarri intelektuala da ikasleentzat"

2024ko martxoaren 11

"Olinpiada Filosofikoa pizgarri intelektuala da ikasleentzat"
Ezkerretik: Irene Lafuente Aliaga, Garazi Pascual Cuesta eta Naiara Gago Povedano

Euskadiko Filosofia Olinpiadaren 6. edizioa antolatu du Agora Filosofia Elkarteak UEUren laguntzarekin. 2018an sortu zen irabazi-asmorik gabeko ekimen kultural eta hezitzailea da eta Bigarren Hezkuntzako irakasle batzuen eskutik sortu zen, EHUren, Deustuko Unibertsitatearen, Agora Filosofia Elkartearen eta REFren laguntzarekin. Irene Lafuente Aliaga, Garazi Pascual Cuesta eta Naiara Gago Povedano dira koordinatzaileak, hirurak Filosofiako irakasleak eta Agora Filosofia Elkarteko kideak. Era berean, Itsaslore Yarza, Cristina de la Cruz, Ainhoa Urizar, Iñigo Martínez, Maitane Nerekan, Jone Ojea eta Patxi Arbiza Olinpiaden garapenean aktiboki aritzen dira urtero, beste askoren artean. Haiekin izan gara ekimenaren inguruan hitz egiteko.

Filosofia Olinpiaden 6. edizioa egingo duzue aurten. Zerk bultzatu zuen ekimenaren sorrera?

Egia esan, Olinpiada sortu zenean aldaketa asko gertatu ziren aldi berean euskal filosofiari dagokionez, behar bati emandako erantzun partekatua balitz bezala. Izan ere, Agora Filosofia Elkartearen zuzendaritzan zenbait aldaketa gertatu zirenean sortu zen Olinpiada. Pentsatu jaialdia bultzatu zenean Agora eta EHUren eskutik, Kafe Filosofikoak sustatu zirenean Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako hainbat topagunetan, eta, azkenik, Jakin-min, praktika filosofikoa zabaltzea eta berrikuntza pedagogikoa sustatzea helburu duen elkartea, sendotu zenean. Gaur egun, Udako Euskal Unibertsitatearen laguntza ere badu Olinpiadak, Laratz saria gehitu duena. Zorionez, ikasturte honetatik aurrera Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Ikaskuntza eta Hezkuntza Berrikuntza arloaren laguntza ere izango dugu. Gauzak horrela, uste dugu Olinpiada "serendipia" mota horretatik sortu zela. Duela zazpi urte jakin genuen Olinpiadak urteak zeramatzala Espainiako Estatu mailan ospatzen, eta gurea bakarrik falta zela harekin bat egiteko; beraz, martxan jartzea erabaki genuen.

Olinpiaden helburu nagusia filosofiako ikasleen errealitatera gerturatzea da eta eskolan haren presentzia areagotzea, aldi berean curriculumeko edukiekin lotura duten gaiak landuz. Horrez gain, Olinpiadek irakasleen arteko harremanak sortzen dituzte eta unibertsitatearekiko komunikazioa indartzen dute. Olinpiaden ondorioz, euskal gizartean hausnarketa filosofikoa, pentsamendu kritikoa eta elkarrizketa bultzatzen dira nagusiki.

Zer da aisia?”, horixe aurten proposatu duzuen gaia. Zergatik?

Urtero, erkidegoek gai bat adosten dute Olinpiadaren edizio bakoitzerako. 2024an Bilbori finala antolatzea dagokionez, hiri horren eraldaketarekin bat datorren gai bat aukeratu genuen. Bilbon gero eta gehiago nabaritzen da bideratuta dagoela turismora, masa-kulturara, kirol- eta musika-ekitaldietara... Gaiak oso harrera ona izan zuen bere gaurkotasunagatik eta ikasleen errealitatetik hurbil dagoen fenomeno antropologikoa izateagatik, ikuspegi askotatik landu daitekeena.

Adibidez, idatzizko modalitateen ariketak oso interesgarriak izan dira. Alde batetik, dilema morala egin behar akademikoaren eta zaletasun baten arteko bateragarritasunari buruzkoa izan da eta, bestalde, Karmele Jaio euskal idazlearen ikuspegitik, kontsumismoa sistema kapitalistaren barruan aisialdirako modu gisa hartu da mintzagai iruzkin filosofikoan. Era berean, deigarria da ikustea beste modalitateetan (bideoa, argazkia, marrazkia) lan ugari eta aberatsak bidali direla. Parte hartu duten ikasleek askotariko gaiak jorratu dituzte lanetan: pantailen abusua, dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako aisialdia, turismo harraparia, pornografiaren eragina, kirolaren garrantzia, drogen kontsumoa... Egia esan, urtero harritzen gaitu iristen zaizkigun lanen mailak eta kalitateak.

Nori dago zuzenduta? Eta zer-nolako harrera izan du?

Olinpiada adin desberdinei zuzenduta dago, modalitatearen arabera. DBHko lehen zikloko ikasleak Marrazketa Filosofikoaren modalitatera aurkez daitezke. Modalitate berri horrek poz handia ematen digu, ideia eta proposamen oso originalak eta sortzaileak dituztelako. DBHko bigarren zikloa Dilema Moralaren modalitatera aurkez daiteke eta Batxilergoa Iruzkin Filosofikora. Argazkigintza eta Bideo Filosofikoaren modalitateak DBHko bigarren ziklorako eta Batxilergo osorako dira.

Lehenengo ediziotik aurrera berrehun ikastetxek baino gehiagok eman dute izena Olinpiadan, eta milaka ikaslek hartu dute parte final autonomikoan. Urtero, bost modalitateetako 400 lan inguru aurkezten dira. Parte hartu duten irakasleen eta ikasleen balorazioak bikainak izan ohi dira beti. Irakasleek sarritan nabarmentzen dute Olinpiadaren potentziala bai beste ikastetxe zein lurralde batzuetako irakasleak ezagutzeko eta baita sarean modu koordinatuan lan egiteko ere. Logikoki, gaur egun interesgarriak diren gaiak Filosofia, Filosofiaren Historia, Pentsamendu Kritiko eta Autonomoa, Balio Etikoak edo Tutoretza bezalako irakasgaien curriculumarekin hurbiltzeko eta lotzeko balio du Olinpiadak, eleaniztasuna sustatuz (lanak euskaraz eta ingelesez aurkeztu daitezke) eta, jakina, ikasgelan bikaintasuna aitortuz.

Sari-banaketa ekitaldia ostiral honetan egingo duzue. Zer da egun horretarako antolatu duzuena?

Aurreko edizioetan bezala, Eibarko Armeria Eskolako “filosofiaren jaiaz” gozatzea espero dugu, UEUko Jon Mentxakatorre eta Irati Iciarren laguntzari esker. Hasiera-hasieratik oso gogotsu eta elkarlanean aritu dira, eta asko erraztu digute ekitaldi hau prestatzea. Egun horretan, finalista-postua lortu duten ikasleei sariak emango zaizkie, eta lehen hiru postuetarako lehiatuko direnen ahozko defentsa ederrak entzungo ditugu. Gogora dezagun irabazlea apirilean egingo den Espainiako Estatuko finalera pasako dela.

UEUri esker nazio-ikuspegia gehituko dugu, eta Euskal Herri osoko pertsonak epaile izateko zortea dugula azpimarratu nahi dugu: Gabi Daraspe, Baionako Lizeoko filosofiako irakasle eta Iparraldeko euskal ikasleentzako "Azterketak Euskaraz" kanpainaren bultzatzaileetako bat; Mikel Aranburu, Nafarroako Filosofia Elkarteko kide eta filosofiako irakaslea, eta Alba Garmendia gipuzkoarra, filosofiako irakasle izandakoa eta Utopiaren gaia bere tesian jorratu zuena. Haiei egokituko zaie irabazleak aukeratzeko lan gogorra. Epaile horien hitzaldi txikiak entzuteko aukera ere izango dugu, baita UEUko Laratz sariak, euskaraz egindako defentsa onenei emandako sariak, nola ematen zaizkien ikustekoa ere.

Gazteengana iristeko garrantzitsuak dira horrelako ekimenak?

Dudarik gabe. Eta horren erakusle da urtetik urtera gero eta parte-hartzaile gehiago batzen direla, eta horietako batzuek urtez urte errepikatzen dutela. Askok parte hartu dute euren bigarren hezkuntzako ibilbide osoan, eta hori oso esanguratsua da. Argi daukagu filosofia horrela bideratzeak nerabeak motibatu egiten dituela eta erakartzen dituela. Jakina, Espainiako Estatu mailako finalera iritsi eta asteburu batean beste leku batera bidaiatzea oso motibagarria da.

Ikasleen aldetik, beti adierazten dute Olinpiada Filosofikoa pizgarri intelektuala dela, gaurkotasun handiko gaiak jorratzen baitituzte ikuspegi kritiko eta argudiatzaile batetik; artistikoa, batez ere ikus-entzunezko modalitateen kasuan, eta soziala, kezka eta interes berberak dituzten beste gazte batzuk ezagutzeko aukera ematen dielako. Gauzatzen duten hausnarketa kritikoek dituzten ideiak eta sinesmenak berrikusteko aukera ematen diete. Arlo pertsonalean, Olinpiada erronka bat bilakatzen zaie, fase desberdinak gainditzeko beharragatik. Oso esperientzia polita izaten da.

Zerbait nabarmentzerik nahi?

Bai, elkarrizketa amaitu nahiko genuke UEUri eskerrak emanez, bere laguntza handiagatik eta, bereziki, zuzentzaile-lanetan lagundu duten pertsonei (Eguzkiñe, Laura, Iñigo, Jone, Itsaslore, Patxi…). Finalistak aukeratzea oso lan nekeza eta zaila da. Lanak modu anonimoan zuzenduko direla bermatu behar dugu, zuzentzaileek ez dituztela bere ikasleen lanak ebaluatzen ziurtatuz, prozesua bidezkoa izango dela bermatzeko. Irakasle horiek beren denborarekin laguntzen digute Olinpiada aurrera atera dadin. Halaber, eskerrak eman nahi dizkiegu urtero dagokien gaia beren ikasgeletan lantzeko inplikatzen diren irakasle guztiei, beren eguneroko lanari lan-karga handiagoa gehituz. Zorionak eman nahi dizkiegu, benetan lan bikaina egiten dutelako. Azkenik, Anti bezalako liburu-denda txikien ekarpenari balioa eman nahi diogu, urtez urte liburuak ematen baitizkigu irabazleei sari gisa emateko. Komunitate eder hori gabe, Olinpiada ez litzateke posible izango.

Jakintza-arloak