Nerea Mendizabal Etxebarria: "Gatazka arazo bihurtzen zaigu epaiketa, etiketa eta exijentzietan trabatuta geratzen garenean"
2024ko ekainaren 27a

"Komunikazio Ez Bortitza: hastapeneko edukiak" ikastaroa antolatu du Iruñean UEUk Nafarroako Gobernuaren babesarekin. Ikastaroa Nerea Mendizabal Etxebarriak (Zestoa, 1976) emango du. Psikopedagogian lizentziaduna, gizarte-hezitzailea, haurrentzako masaje-hezitzailea eta Komunikazio Ez Bortitzean aditua da Nerea. Berarekin egon gara ikastaroaz hitz egiteko.
Lehenik eta behin, zer da Komunikazio Ez Bortitza (KEB)?
Marshall Rosenberg-ek sortu zuen eredu honen helburua ahalik eta konexio-kalitate handiena sortzea da. Adierazpenaren eta entzumenaren bidez, esan nahi dugun hori zintzotasunez azaltzeko eta besteen hitz, jokaera eta jarreren atzean ezkutatzen den mezua aurkitzeko prozesua eskaintzen digu.
Funtsezkoena bihotzetik bihotzera sintonizatzeko asmoarekin konektatzea da, harreman benetakoak, maitasunezkoak eta kooperatiboak ahalbideratuz. Harremanak zaindu eta gatazkak bideratzeaz gain, norbere ongizaterako oso baliagarria den erreminta eta bizitzeko filosofia dela esango nuke.
Zigorra, xantaia eta mehatxua oso zabalduta daude gure gizartean? Baita familia askoren dinamikan ere... Nola eman buelta horri?
Guraso gisa, oso tentagarria da ahulago, txikiago ikusten dugunaren aurrean daukagun botere fisiko, emozional, praktiko edo funtzionala HAIEN GAINETIK erabiltzea, gure iritziz egin beharko lukeena egin dezan lortzea estilo desberdinekin (aginduak, mehatxuak, zigorrak, errudun sentiaraziz…).
Haurrak men egitea edo obeditzea bilatzen badugu, batzuetan funtzionatuko du, batzuek beldurragatik, guri atsegina emateagatik, eskatzen zaiena egingo baitute. Orain, egoera hori haurrak elkarlanerako gogoz egiteko ahalik eta probabilitate gehienarekin edo seme-alaben irizpide propioa elikatuz, haien autoestimua, autonomia, haiekiko konfiantza indartuz kudeatzea bilatzen badut, ez du funtzionatuko. Horrez gain, gehien maite ditugun pertsonekin izan nahi dugun harremana zaintzeko ere, ez litzateke biderik errazena edo eraginkorrena izango.
Horren alternatiba, BOTEREA BESTEAREKIN batera erabiltzea izan daiteke. Guraso bezala dugun botere guztia erabili nahi nuke seme-alabak duen boterearekin batera. Niretzat eta berarentzat garrantzitsua den hori aurkitu eta zaindu nahi dut, biontzat onuragarria izan daitekeen irtenbidea topatu ahal izateko. Horretarako lehentasuna bion arteko elkar ulertzean jar dezaket, heziketan jarri ordez.
Haien beharrak aseak daudenean, haienak axola duela eta kontuan hartu nahi dugula sinesten dutenean, eta aske sentitzen direnean, kolaboratzeko edo besteen ongizatean ekarpenak egiteko baldintza egokiagoan egon ohi dira. Horrek ez du esan nahi autoritatea BESTEAREKIN batera erabiltzen dugunean gatazka guztiak saihestuko ditugunik. Gatazkak izatea ez da arazoa, baina arazoa bihurtzen zaigu epaiketa, etiketa eta exijentzietan trabatuta geratzen garenean.
Autoritate-lekuan egonik, nirea zintzotasunez adierazteko, seme-alabena enpatiaz entzuteko, beharrezko zaidanean mugak ezartzeko eta gatazkak konpontzeko BESTEAREKIN BAT egiten lagunduko diguten baliabideak eta erremintak izateak asko erraztuko digu prozesua.
Profesioz psikopedagogoa zara. Nola hasi zinen KEBri buruzko ikastaroak ematen?
Gizarte Hezkuntza eta Psikopedagogiako ikasketak amaitu ondoren, nire amatasunak eraman ninduen hazkuntzako gaietara murgiltzeko argitasuna izatera. Haurrentzako masajeko hezitzaile gisa, guraso eta hezitzaileei ukimenaren boterearekin komunikatzen eta atxikimendua lantzen murgildu nintzen. Hitzik gabeko komunikazioa garrantzitsua izan arren, haurrekin eta gainontzeko harremanetan topatzen nituen taktika hauek gainditu nahian, KEBrekin topo egin nuen eta guztiz liluratu nintzen, behar nuen guztia bertan zegoela jabetuta. Urte asko eman ditut formatzen eta bien bitartean, modu naturalean eman da nire lanbidean ere hau txertatzen joatea.
Nori zuzenduta daude ikastaro hauek?
Ongizatea bilatzen duenari, harremanak zaindu nahi dituenari, egoerak eraginkortasunez kudeatu nahi dituenari, eta norbere buruarekin harreman atseginagoa izan nahi duenari.
Zer-nolako tresnak jasoko dituzte ikastarora doazen pertsonek?
Marshalll Rosenberg-ek garatu zuen Komunikazio Ez Bortitzaren (KEB) ereduan oinarrituko gara, gurekin edo besteekin komunikatzeko irizpide baliagarriak eskaintzen baitizkigu modu erraz, zehatz eta eraginkorrean. Hain zuzen: Komunikazioan urrutiratzen eta gerturatzen gaituzten osagaiak, adierazpen zintzoa (esan nahi duguna adierazteko harremanak kaltetu gabe), enpatia (deserosoa edo zaila gertatzen zaigun modu batean adierazten dena ulertzeko), mugak irmo eta ez-bortitz ezartzeko abilezia (gustatzen ez zaigun zerbaiten aurrean mugak edo neurriak hartzeko) eta gatazken ebazpena (alderdien eskaera eta beharrei erantzunaz).