Memoria historikoari Aranzadi Zientzia Elkartearen ekarpen zientifikoa
2023ko apirilaren 19a

“1947tik, ondarearen ikerketa zientifikoan eta dibulgazioan dihardugu” dio Aranzadi Zientzia Elkarteak bere buruaz. Emaitza ikusgarriekin, gehitu genezake, duela gutxi Irulegiko eskuak Sorioneku egin gaitu eta. Bergarako Telesforo de Aranzadiren (1860-1945) izena aintzat hartuta, hainbat zientzia arlotan ikerlari oparoa (antropologia, botanika, zoologia…), hamarkadak daramazki Aranzadik arlo desberdinetan ekarpen zientifiko baliotsuak egiten (antropologia, arkeologia, etnografía, historiaurrea).
Azken egunotan memoria historikoaren inguruan Aranzadik egindako lana auzian jartzeak tristetu gaitu. Indarkeria politiko eta giza eskubideen urraketan biktimen ikerketa eta azterketa integrala egin du, historia, antropologia, eta zientzia forentsearen oinarrietatik. Bere jardun guztietan bezala, dagokion moduan, Aranzadiko ekarpena metodologia zientifikoaren bidea jorratuz gardentasunez plazaratzen da, nazioartean komunitate zientifikoak onarturiko irizpideen arabera.
Sortzaile zientifiko baten ekarpena irizpide zientifikoekin neurtu behar da. Aranzadiren ekarpena auzitan jartzea bestelako irizpideekin ez zaigu zilegia iruditzen. Horregatik, idazki honen bitartez, azken 50 urteetan zientzia arloan dihardugun Udako Euskal Unibertsitatetik gure elkartasuna, aitorpena, eta esker ona adierazi nahi dizkiogu Aranzadiri Euskal Herriari egiten dion ekarpen zientifikoagatik, hainbat arlotan. Irulegiko eskutik Memoria historikoraino. Sorioneku gu.