Mari Mar Solà: "Informazioa termino ekonomikoetan emateak Efizientzia Energetikoan inbertsioa igotzen laguntzen du"
2023ko urriaren 25a

Mari Mar Solà Osorok (Donostia, 1992) Donostiako Larramendi Ikastetxean ikasi eta ondoren Matematikako Gradua egin zuen UPV/EHUn, Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Unibertsitate berean egin zuen masterra eta ekonomiaren arloan espezializatu zen. Masterrari esker sartu zen doktorego-programan eta bertan egindako ikerketak Basque Centre for Climate Change – Klima Aldaketa Ikergai (BC3) zentroan garatu zituen. 2022an aurkeztu zuen tesia eta duela gutxi EHUko doktorego-sari berezia lortu zuen. Gaur egun, UPV/EHUko irakasle atxikia da.
Matematika ikasi zenuen eta masterrean ekonomiaren mundura gerturatzen hasi zinen.
Txikitatik gustatu zait matematika eta, gainera, bai Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan bai Batxilergoan edukitako irakasleek asko animatu ninduten matematika ikastera. Egia da, gradua erabakitzeko momentuan ikasle oro beldur garela… askotan galdetu nion neure buruari ea erabaki egokia zen ala ez. Behin gradua bukatuta master-aukerak zeudenez, azkenean matematikaren aplikazio bat ikusi nahi nuen eta horrela iritsi nintzen ekonomia-mundura.
BC3n ari zara tesia egiten, efizientzia energetikoaren gainean. Nola sortu zen aukera?
Masterra bukatzen ari nintzenean, irakasle bati esker ezagutu nuen BC3 eta komentatu zidan lan-eskaintza asko zeudela irekita. Beraz, asko pentsatu gabe, nire curriculuma bota nuen. BC3n ikerketa-zentro askotan bezala, modu desberdinak daude tesiak egiteko: alde batetik, beka baten bitartez, eta bestetik, proiektu desberdinetan parte hartuz. Azkeneko hori izan zen nire kasua.
CONSEED deitutako Europa mailako proiektu batean sartu nintzen. Proiektu horri esker, ikerketa esperimental asko aurrera eraman genituen eta bertan ateratako emaitzak tesirako erabili nituen. Ondoren, beste hainbat proiektu nazionaletan parte hartu nuen, hala nola ENERPOLIS (Fundación La Caixa-ren finantzaketaarekin) eta Fundación Ramon Areces-eko proiektu batean.
Kontsumitzaileek erosten dituzten etxetresnak beti ez dira energetikoki efizienteenak. Zer dago horren atzean?
Efizientzia energetikoan (EE) inbertsioa egiteko hainbat oztopo daude: alde batetik, kontsumitzaileek ez dituzte ezagutzen onurak, eta, bestetik, etxetresna efizienteak, normalean, inefizienteak baino garestiagoak dira. Egoera hori aldatzeko zenbait bide daude, hala nola kontsumitzaileei informazio gehiago ematea EEaren onurak ikus ditzaten. Hori da, hain zuzen ere, nire tesian egindakoa.
Etxetresnen balioa eurotan jaso eta esperimentua egin duzu. Zein izan da planteamendua?
Orain dela gutxira arte, EEaren etiketetan informazio desberdina ateratzen zen: EEaren maila, kontsumo energetikoa, ur-kontsumoa, etab. Bai proiektuan egindako ikerketetan bai artikulu askok adierazten duten bezala, kontsumitzaileek ez dute ondo ulertzen kontsumo energetikoari buruzko informazioa. Kontsumo hori unitate fisikoetan ematen da, adibidez 150 kWh/urte, baina kontsumitzaile arrunt batek ez daki kontsumo hori altua edo baxua den. Beraz, tesiaren helburuetako bat hurrengoa zen: Zer gertatuko litzateke kontsumitzaileek kontsumo energetikoaren informazioa eurotan jasoko balute? EEan inbertsioa igoko edo jaitsiko litzateke? Kontsumitzaileen erabaki-prozesua nolakoa zen ikusi nahi genuen.
Zer erakutsi dute emaitzek?
Emaitzak nahiko argiak izan dira: informazioa termino ekonomikoetan emateak EEan inbertsioa igotzen laguntzen du, batez ere hozkailuen kasuan. Azpimarratu behar da hozkailuak direla gehien kontsumitzen duten etxeko etxetresna elektrikoak eta garestienak. Beraz, informazioa ekonomiko gehigarri hau ematea lagungarria da EEan inbertsioa bultzatzeko. Beste etxetresnen kasuan, informazioa eurotan ematea ez da hain eraginkorra.
Informazioa aurrezki eran eman eta etxetresna efizienteen erosketak gorantz egiteak zer ekarriko luke?
Etxetresna elektriko eraginkorren erosketa handitzeak bi abantaila ditu: alde batetik, kontsumitzaileak etxetresna elektrikoa modu egokian erabiliz gero, bere faktura elektrikoa murriztuko du, eta, bestetik, energia gutxiago kontsumituz gero, etxeetako energia-kontsumoari lotutako emisioak jaitsi egin daitezke.
Erosleengan jarri duzu fokua, baina zer beste norabidetan begiratu behar da erronkari aurre egiteko?
Nire ustez, etorkizuneko politikek bi ildo desberdinetatik joan behar dute. Alde batetik, kontsumitzaileak behar bezala informatu behar ditugu (elektrizitatearen prezioa zein den jakinarazi, informatu zeintzuk diren etxetresna egokienak elektrizitatea aurrezteko,…), baina, bestetik, politikak aldatu behar dira. Tesiaren emaitzak eta literatura kontuan hartuta, errenta baxuko biztanleek energia-eraginkortasunean inbertitzeko aukera gutxiago dute, argindarraren fakturan dirua aurrezteko interesa duten lehenak direnean. Horregatik, familia horiei laguntza zuzenak eman beharko litzaizkieke etxetresna elektriko berriak eskuratzeko, eta, horrela, baliabide gutxien duten pertsonek energia aurreztea erraztuko duten aukera teknologiko desberdinak eskura izatea bermatuko litzateke.
2022an aurkeztu zenuen tesia.
2022an bukatu nuen tesia eta azkeneko hilabeteak izugarrizko erronka izan ziren. Hala eta guztiz ere, oso pozik nago egindako lanarekin. Gainera, orain dela gutxi, EHUko doktorego-sari berezia lortu nuen, eta uda honetan, EHUn atera dut irakasle atxikiaren plaza. Beraz, azken urte hau ezin hobea izan da.
Txiotesian parte hartu zenuen. Zer-nolako esperientzia izan zen?
Uff, hainbeste urteetako lana, hainbeste ikerketa txio moduan azaltzea modu erraz eta ulergarri batean zaila iruditu zitzaidan. Hala eta guztiz ere, nire lagun batek lagundu zidan informazioa era motz eta sinple batean adierazten (eskerrik asko Ainara!).
Zeintzuk dira eskuartean dituzun erronkak?
Behin EHUko irakasle atxikiaren plaza lortuta, hurrengo hilabeteetan tesiari buruzko pare bat artikulu gehiago ateratzea gustatuko litzaidake. Ondoren, ikerketa-proiektu batzuetan parte hartzeko asmoa daukat, eta noski etorkizunean proiektu gehiago eskatu nahiko nituzke. Baina hori etorkizuneko kontua da, orain irakasle izateaz gozatu nahi dut.