Leire Pinedo: "Herritarrak inplikatzeko, zientziak haien behar eta interesei erantzun behar die"

2023ko ekainaren 14a

Leire Pinedo: "Herritarrak inplikatzeko, zientziak haien behar eta interesei erantzun behar die"

UEUren Udako Ikastaroen 51. edizioaren hasiera-ekitaldia egingo da ekainaren 14an, Bilbon. “Herritarrak ikerketan inplikatzen” jardunaldiarekin zientzia herritarra ezagutzea, bultzatzea eta zabaltzea lortu nahi da. "Zientzia herritarra posible al da?" mahai-inguruan parte hartuko du Leire Pinedo Rodríguezek (Bilbo, 1990). Pinedo, Psikologia Klinikoko egoiliarra da Osakidetzan. Esparru publikoko arreta-zerbitzua hobetzearen defendatzailea da, dibulgazio arduratsuan dago interesatuta eta sare sozialetan osasun mentalarekin lotutako gogoetak eta aholkuak partekatzen ditu.

Posible al da zientzia herritarra?

Posible da eta desiragarria. Hori lortzeko, funtsezkoa izango da egungo eredua birplanteatzea edo, gutxienez, gauza batzuk aldatzea. Herritarrak inplikatzeko, zientziak haien behar eta interesei erantzun behar die, eta, horretarako, ezinbestekoa da elkarrizketa irekiagoa izatea.

Zergatik egin zientzia herritarraren alde?

Ikerkuntzan egindako lana gizarteratzea oso garrantzitsua da. Kultura zientifikoa izatea heldutasunarekin lotzen da, laguntzen digu erabaki informatuak hartzera eta erronkei irizpide handiagoz aurre egiteko aukera ematen du. Kultura zientifikoak autonomia ematen digu eta manipulatuak ez izateko gaitasuna ematen digu.

Zer eman dizu zuri zientzia herritarrak?

Pertsonalki, gizartearentzat garrantzitsuak diren gauzetan partaide naizela sentitzea, inguruneko fenomenoak hobeto ulertzea eta jakin-mina asetzea. Baina baita ezjakintasunarekin hobeto erlazionatzeko edo galdera askok erantzunik ez dutela onartzeko ere. Azkenik, aipatuko nuke, nire sinesmen edo pentsamendu mugatzaileak zalantzan jartzeko trebetasunaren garapena; egiaztatu beharreko hipotesi gisa tratatuz, eta ez errealitate gisa.

UEUk mahai gainean jarri du gaia... komunitate zientifikoak, osotasunean, landu beharreko gaia da?

Garrantzia argi dagoen arren, hau nola egin oraindik ez dago hain argi. Nire sentsazioa da komunitate zientifikoak badakiela beharrezkoa dela gizartearen konpromisoa eta uste dut denon artean landu beharreko gaia dela. Horregatik, jarduera hau egokia iruditzen zait inplikatu guztien arteko elkarrizketa bultzatzeko.

Zerbait nabarmentzerik nahi?

Nire lan-eremuarekin lotuta, tratamendu psikoterapeutikoaren ikuspegitik, pentsamendu zientifikoa izateak gure garapenean eta ahalduntzean lagun diezaguke. Norberaren portaera ikuspegi zientifikoz eta jakin-minez landu dezakegu: portaera problematikoa neurtu eta aztertu, horren kausak ulertu, helburu neurgarriak planteatu, desberdin jokatuz gero zer gertatuko litzatekeen hipotesiak planteatu eta horiek egiaztatzeko "esperimentatu" dezakegu... Zientzia herritarrak eta, horrekin batera, pentsamendu zientifikoak, erronka sozialei aurre egiteko desiragarria izateaz gain, geure buruarekin eta besteekin harreman osasungarriagoak izaten lagun diezagukete.

Jakintza-arloak