Koldo Garcia Etxebarria: "Euskal Unibertsitatea da beti jarraituko dugun ametsa"
2023ko azaroaren 28a

UEUk 50 urte: Bizipenak eta ametsak (#50UEUrte) liburua argitaratu berri du UEUrekin Koldo Garcia Etxebarriak(Basauri, 1982). Biologian lizentziaduna eta Genetikan doktorea da eta bere dibulgazio-lanagatik da ezaguna. UEUra 2012an bazkidetu zen, ordutik hainbat kontutan parte hartu du eta, besteak beste, UEUren 50. urteurrenaren ospakizunaren arduraduna izan da. UEUren 50. urteurrenean zehar jazotakoak eta aurrera begirako ametsak bildu nahi izan ditu liburuan. Harekin izan gara.
UEUren 50. urteurrenaren ospakizunetan oinarritutako liburua koordinatu berri duzu. Nola sortu zen ideia?
Agian askok ez dute jakingo, baina UEUren 50. urteurrena 2019aren bukaeran prestatzen hasi ginen. UEUk dituen geruzen entzute aktibo bat egin genuen eta ideia asko bildu genituen, batzuetan kontraesankorrak. Horien artean egon zen ospakizunerako berariaz liburu bat argitaratzea ala ez. Baina Irati Iciarrek (Udako Ikastaroen arduradunak) esan zuen bezala, nonbaiten jaso behar zen urteurrenak emango zuena. Eta hori da egin duguna: liburu honen bidez aktan jaso dugu 2022. urtean egin genuen (ia) guztia.
SolastUEU, UEUfestak, Barredromoa, Bekaduna websaila... bete-bete etorri zen urtea. Liburuan hori guztia jasotzen ahalegindu zara.
Ahaleginak egin bai, baina kostata! Nola jaso paperean hainbat euskarritan sortutako edukiak? Eta, batez ere, nola jaso egin genituen jarduera guztietan sentitu genuena? QR kodeak eta argazkiak erabilita lehenengoa egin daiteke eta paperetik gailuetara salto egin eduki batzuk ikusteko. Sentitu genuena, aldiz, norberaren bihotzean doa, baina behintzat ea lortzen dugun bizi izan ez zutenek etorkizunean halako zerbait bizi nahi izatea.
Bizipenak eta ametsak izenburua jarri diozu. Nola bizi izan zuen UEUren komunitateak urteurrena?
Zorionez, UEUren komunitatea zabala eta askotarikoa da. Baina horrek erronka handi bat sortu zigun: bazkide eta gertuko pertsona guztiek berea egingo zuten ospakizun bat diseinatzea. Hala, formatu eta helburu ezberdinak zituzten ekitaldiak eta jarduerak egin genituen. Esango nuke asmatu genuela eta komunitatearen gehiengoak islatuta ikusi zuela bere burua, UEUren parte izateak sortzen digun bizipoza partekatu genuela. Baina beti dago ihes egiten dizun zeozer eta espero dut inork bere burua kanpoan ikusi ez izana.
Eta zer amets bete eta jarraitu?
Euskal Unibertsitatea bera da beti jarraituko dugun ametsa. Ezkortasunez ikus genezake 50 urteren ostean lortu ez izana; baina baikortasunez ikus dezakegu 50 urte hauetan bide horretan lortu dugun guztia. Izan ere, iruditzen zait espero ez genuen amets bat bete dugula: unibertsitate bat edo akademia bat zer den birdefinitu eta zabaldu dugula, herritik eta herriarentzat. Eta horretan jarraitu behar dugu: helmugara heldu arte euskararen eta akademiaren inguruko aurreiritziak apurtzen.
Nori dago zuzenduta?
Euskal Herri jantzi eta mundu hobeago bat amesten duten guztiei dago zuzendua. Iruditzen zait gustura irakurriko duela herri honek dituen erronkei aurre hartzeko gakoak ezagutu nahi dituen edonork edota herria eta akademia aldarte onean uztartu daitezkeela sinesten duen orok.
Zer da liburuarekin lortu nahi duzuna?
#50UEUrtea bizi izan genuenok zirrara hori berriro sentitzea. Bizi izan ez zutenek, gurean, UEUn, leku bat dutela sentiaraztea. Gainera, herri eta gizarte bezala eduki behar ditugun eztabaiden eta sortu behar ditugun jakintzen orri-bidea izatea gustatuko litzaidake. Eta, batez ere, akademiatik Euskal Herri hobe bat amesten jarraitzea.