Jokin Bergara Eguren: "Indar kulturalek eraldaketa sozialetan askoz gehiago eragiten dutelakoan nago"
2024ko ekainaren 18a

"Globalizazioaren ondorenaz eta egokitzapen aroaz" antolatu du Eibarren, ekainaren 18an, UEUren Filosofia Sailak. "Garai baten agortzea: Xenda ekosozialetik ibilaldia" hitzaldia eskainiko du bertan Jokin Bergara Egurenek (Eibar, 1994). Soziologoa ikasketaz eta Ekonomia Sozialean doktorea Mondragon Unibertsitatetik. Trantsizio ekosozialaren inguruan ikertzen eta idazten arituda, bai arlo teorikoan zein praktikoan. Azken urtean Adaxka Lehorrak. Talka ekosozialaren biharamun politikoak (2023) liburua argitaratu du.
Hazkundean oinarritutako gure gizartearen eredua ez da jasangarria. Hori da abiapuntua?
Abiapuntua da bidegurutze historiko batean gaudela. Krisi ekologikoak erronka erraldoiak planteatzen dizkie gure gizarte eta ekonomia formei, hazkundearen eta errentagarritasunaren logiketan dihardutenak oraindik ere. Uste dut kapitalismoari zabaldu zaion arrakalarik handiena dela, planetaren mugekin egiten ari delako talka. Kuriosoa da, nolabait pentsa litekeelako kapitalismoa arrakastaren arrakastaz hilko dela, alegia, ez da ikuspegi marxistak uste izan duen bezala, bere barne-kontraesanen ondorioz eroriko, ezpada planetak ezartzen dizkion mugen ondorioz.
Garai hori agortu dela diozu, eta trantsizioaren garaia dela. Zer da planteatzen duzuna?
Esango nuke, ekologia politikoak planteatzen duen ildoan, ez dugula soilik behar baldintza ekonomikoen eta kontsumo-ohituren aldaketa, gure identitatea eraikitzeko eta balio-egiturak konfiguratzeko mekanismoen eraldaketa sakona baizik. Subjektibotasunaren gaia uste dut zentrala dela trantsizio ekosoziala pentsatzerakoan, eta hor egin nahi dut ekarpena. Indar kulturalek eraldaketa sozialetan askoz gehiago eragiten dutelakoan nago, eta tradizio aberatsa dago planteamendu horietatik abiatzen, Frankfurteko eskola, Gramsci… Ekarpen intelektual hori guztia krisi ekosozialaren argitan berrinterpretatu eta ikasgai baliotsuak ekartzen saiatuko naiz.
Bideari ekiteko garaiz gabiltza?
Zientziarik onenak esaten digunez, oraindik tartea legoke Parisko Klima Helburuen barnean sartzeko (1,5 eta 2 gradu arteko igoera), baina ekintzarako marjina murrizten ari da. Gai honek badu agian beste emantzipazio-mugimendu batzuek eduki ez duten akuilua, urgentziarena. 5-10 urteko epean isuriak modu nabarmenean murrizten ez baditugu, 2 gradutik gora goaz, horrek esan nahi duenarekin. Ondorio zientifikoa, beraz, argia da: ekonomiaren esfera materiala murriztu eta desazkunde-prozesu bati bide eman behar zaio: kotxe, hegaldi, bidaia, haragi, tanke, merkataritza-gune eta eraikin gutxiago izango dituen ekonomia bat, baina aldi berean behar sozialak asetzeko gai izango dena. Oreka konplexu hori kudeatzea dagokigu, koherenteak izan nahi badugu klima-helburuekin.
Zein da ibilbide horretako erronka nagusia?
Erronka nagusia esan bezala, kulturaren eremuan dagoela uste dut, horrek gero itzulpen zuzena duelako eremu politikoan. Industrian adibidez, lan industriala ulertzeko moduan eraldaketak sustatzen ari dira GKN edo Mecaner bezalako prozesuetan. Herri-mugimenduak, sindikatuak eta langileak elkarlanean, produkzio-prozesuak iraunkor bihurtu eta aldi berean enpresa bideragarriak izatea da erronka. Hor dago gakoetako bat; izan ere, posizio ekosozialistetan gaudenok ere hartu behar dugu birmoldaketa industrialaren gaineko ardura eta prozesu horretan lagundu, ekarpenak egin. Osterantzean badakigu atzeraldian sartzen den ekonomia kapitalista batean zer gertatzen den, eta ongi bereizi behar da desazkundea eta atzeraldi ekonomikoa bi kontu ezberdin direla.
Nabarmentzeko zerbait?
Irudimen-gaitasuna aktibatu behar dugu, utopiak ahul daudela dirudien garaiotan. Herrietatik, auzoetatik munduak har ditzakeen formei buruzko irudiak sortu eta zabaltzea eginkizun zentrala da, sistema sozial honekiko alternatibak egingarriak direla ikusi eta ukitu ahal izateko. Esango nuke Euskal Herrian herri-ekimenean dugun tradizioari begiratuz, lur emankorra dela gure herria irudimen-gaitasuna aktibatu eta gaur bazterrekoak diren esperientzia batzuk eskalatzeko.