Iratxe Retolaza: "Kultur sorkuntzak bitartekariak beharrezko ditu, kultur dinamizatzaileak, hezitzaileak eta irakasleak, euskal kulturaren sozializazioan eragingo dutenak"

2023ko ekainaren 2a

Iratxe Retolaza: "Kultur sorkuntzak bitartekariak beharrezko ditu, kultur dinamizatzaileak, hezitzaileak eta irakasleak, euskal kulturaren sozializazioan eragingo dutenak"

Euskal Kultur Eragiletzan masterra abiatuko du datorren ikasturtean Mondragon Unibertsitateak UEUren, Renoko Unibertsitateko Center for Basque Studies-en eta Eusko Ikaskuntzaren laguntzarekin. Bertan arituko da irakasle Iratxe Retolaza Gutiérrez, UEUren GOI Ikastetxe Atxikiko irakaslea. Berarekin izan gara masterraren nondik norakoez hitz egiteko.

Euskal Kultur Eragiletza masterra jarriko du martxan Mondragon Unibertsitateak, Renoko Unibertsitatearekin eta UEUrekin lankidetzan.

Mondragon Unibertsitateak sustatu du ekimena, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatetik. Hainbat jardunalditan, ikastarotan eta graduondokotan egin dugu lan Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko kideekin, eta Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak UEUko lantaldeari kulturaren inguruko master batean elkarlanean aritzeko aukera proposatu zionean, UEUko lantaldeak lankidetza-sarea indartzeko aukera ederra ikusi zuen. UEUren hainbat graduondokotan eta ekimenetan jardun izan dute Mondragon Unibertsitateko irakasleek eta ikertzaileek. Hortaz, Mondragon Unibertsitatearekin lankidetza aspaldi abiatu zuen UEUk, baina master honek lankidetza iraunkor baterako aukera zabaltzen du, baita ezagutzak elkarrekin sortzeko eta partekatzeko ere.

UEUk badaramatza urte batzuk Euskal Kultur Sorkuntzaren alorrean lanean. Zer-nolako ibilbidea egin du?

UEU unibertsitate-gune izanda, hastapenetatik jorratu izan du kultur ezagutza, kultur hedapena eta kultur ikerketa udako ikastaroen dinamiketan, baita bestelakoetan ere (saio osagarrietan, girotze-jardueretan, kultur ekitaldiak antolatuz, sortzaileen ekarpenak ikastaroetan zabalduz...). Bestalde, Literatura Saila izan du hastapen-hastapenetatik, eta gerora baita Musika Saila ere. Hortaz, kultur eragile izan da UEU sortze-unetik beretik.

Hala izanda ere, egia da azken urteotan euskal kultur sorkuntzaren gaiari hainbat ertzetatik modu iraunkorrean heldu diogula. Esate baterako, euskal kulturaren transmisioaren inguruko auzia gogoetagai izan dugu azken urteotan UEUn bertan. Besteak beste, 2019ko urrian hainbat eragilerekin elkarlanean “Euskal kultur sorkuntzaren transmisioa. Sormenean hezi, kulturan bizi” jardunaldiak antolatu genituen, hezkuntza arautua ardatz zutenak, eta 2021ean hezkuntza ez-arautua ardatz zutenak: “Euskal kultur sorkuntzaren transmisioa. Sormenean hezi, kulturan bizi. II. jardunaldia. Hezkuntza ez-arautua”. Hain zuzen ere, jardunaldi horien ondotik bi lantalde sortu ziren: bata, hezkuntza arautuan eragiteko asmoz; bestea, euskal kulturaren transmisioan edo sozializazioan modu orokor batean eragiteko asmoz. Bestalde, graduondokoen eremuan ere kulturari gune berezi bat eman genion, UPV/EHUrekin elkarlanean eginiko Euskal Kultur Sorkuntza eta Kritika Feminista graduondokoa sustatzean (2019-2020 ikasturtean).

Euskal kultur sorkuntzaren transmisioaren lantaldeko kide ere banaiz neu, eta UEUren jardunarekin zubiak zein komunikazio-bideak une oro zabalik izateko aukera ematen digu horrek, eta masterrean ere guretzat ezin lagungarriagoa izango da edukiak, prozedurak zein dinamikak proposatzean lantalde horretan ikasitakoa eta partekatutakoa, baita kontrasterako talde bat izateko aukera dakarrelako ere, eta hainbat diziplina artistikotako kultur eragile batzuen egoera gertutik ezagutzeko aukera ematen digulako.

Kultur eragileen harrobia prestatzea izango du helburu masterrak. Zergatik da garrantzitsua?

Azken urteotako hainbat ikerketatan zein gogoeta-forotan argi adierazi den moduan, euskal kulturaren ezagutza, sozializazioa eta harrera ahuldu egin dira azken hamarkadan. Kezka hori aipagai izan dugun guztietan, honako ondorio hauxe ere azaleratzen zen: kultur hezkuntzan formatzeko aukera gutxi zeudela Euskal Herrian, eta are gutxiago zirela oraindik euskal kulturaren begirada kokatua zuten formazio-guneak. Eta kasu gutxi batzuetan, betiere hezkuntza ez-arautuan, sorkuntzan trebatzeko espazio gutxi batzuk egon bazeudela (antzerki-eskolak, bertso-eskolak, dantza-eskolak, idazle-eskola edo idazketa-tailerrak...), baina oso-oso eskas zirela kultur eragiletzan trebatzeko formazio-guneak. Jakina denez, sorkuntza sustatzea garrantzitsua da, eta horretarako bideak zein estrategiak pentsatu behar dira (besteak beste, sortzaileen prekarietateari aurre egiteko, eta sorkuntza-prozesuak duintzeko), baina sorkuntza kalitatezkoa denean ere, behar-beharrezkoa da kultur zabalkundean, kultur ezagutzan edo kultur praktikan trebatuko diren eragileak egotea, sorkuntza-jardun horiek gizarteratzeko, biziarazteko eta ekosistema elikatzeko. Kultur sorkuntzak bitartekariak beharrezko ditu, kultur dinamizatzaileak, hezitzaileak eta irakasleak, euskal kulturaren sozializazioan eragingo dutenak.

Non jarriko duzue fokua?

Masterrak hainbat alderditan jarriko du fokua: kultur teorietan, historiografia kulturalean, kultur ezagutzan, kultur praktiketan... Masterrean UEUren ekarpena batez ere bi ildo hauetan kokatuko da. Alde batetik, UEUk Humanitate Digitalen ildoa lantzen duenez, kulturaren eta teknologiaren arteko eremu hori jorratuko dute masterrean Aitzol Astigarragak eta Uxoa Iñurrietak, UEUko GOI institutuko kideek.

Beste alde batetik, Idurre Alonsorekin batera hezkuntzari loturiko bi moduluen koordinazio-lana hartuko du UEUk. Neu arituko naiz Idurre Alonsorekin koordinazio-lan horietan, bi modulu hauetan: “Oinarri pedagogikoak eta Curriculuma Euskal Herritik interpretatzen” eta “Euskal kulturaren transmisioa hezkuntzan: erronkak eta estrategia didaktikoak”. Modulu horietan hezkuntza-eremuko eragiletza izango dugu langai, eta irakaslegaiei, hezitzaileei edo irakasleei kultur eragile izateko baliabideak, prozedurak eta gakoak ematea izango dute helburu bi modulu horiek, besteak beste, honako alderdi hauek landuz: kultur eragile izatearen kontzientzia, kultur hezkuntzaren oinarriak ezagutzea, Euskal Curriculumaren ardatzak ezagutzea, askotariko euskarazko kultur adierazpideen ekarpenak ikasgelan erabiltzeko prozedurak zein baliabideak ezagutzea... Eta ikuspegi orokorrago batetik begira, gogoeta kolektiborako eta kultur ezagutzaren sorkuntzarako espazioak sortu nahiko genituzke masterrean, norabide honetan eragiteko: euskarazko sorkuntzaren zirkuituak, sareak zein sinergiak xaxatzeko eta mugiarazteko, eta Kultur Teoria Kritikoak elkarrizketan jartzeko (eta gurutzatzeko) euskal kulturaren askotariko ekarpenekin zein mundu-ikuskerekin

Kontuan hartu behar da UEUk Euskal Curriculumaren garapenean zein hedapenean jardun zuela, ez bakarrik prozesuan parte hartu zutelako UEUkideek, baizik eta Euskal Curriculumaren sustapenean ekarpena egin duelako. Gainera, 2020-2021 ikasturtean GOI institutuan Irakaskuntza Masterra jarri zen abian, eta irakasleen formazioan ere Euskal Curriculuma elikatzea dugu helburu. Euskal Kulturaren Eragiletza masterra, beraz, Euskal Curriculumaren ardatz jakin batzuk birpentsatzeko, elikatzeko eta partekatzeko gune izatea ere nahiko genuke.

Zein izango da masterraren metodologia?

Mondragon Unibertsitateak sustaturiko masterra denez, irakaskuntza-ikaskuntza metodologia Mondragon Unibertsitateko hezkuntza-ereduari lotuko zaio (ikaskuntza adierazkorra, ikaskuntza autonomoa, ikaslea ardatz duen ikaskuntza-prozesua, ikasgaien arteko koordinazio zein elkarlana...). Masterra erdi-presentziala izango da. Online ikaskuntzan oinarrituko da, eta asteazkenero aurrez aurreko hiru orduko saio bat izango da. Modu horretara, online ikaskuntzaren bitartez lanketarako, gogoetarako eta bestelako lan-dinamika batzuk jarriko ditugu abian, ikasleak nahi duenean egin ahal izateko, nork bere ordutegietara eta errutinetara ahalik eta ongien egokitzeko. Aurrez aurreko saioek aukera emango digute hainbat adituren eta arituren ekarpenak aurrez aurre lantzeko, baita bestelako talde-dinamikak egiteko ere. Aurrez aurrekoek ere aukera emango digute online ikaskuntzaren jarraipen horren akuilu-lanak egiteko, zalantzak argitzeko, ekarpenak jasotzeko... Ikaskuntzaren bi modalitate horietan (online eta aurrez aurrekoa) jarduteak aukera emango digu modalitate bakoitzaren indarguneak baliatzeko, elkar osatzeko, elkar elikatzeko.

Nori dago zuzenduta?

Euskal kulturaren inguruko interesa duen orori, eta modu berezituago batean euskal kulturgintzaren eragile izan nahi duten kideei zuzenduta dago (kultur teknikariak, kultur dinamizatzaileak, kultur kudeatzaileak, irakasleak, hezitzaileak, sortzaileak...).

Zerbait nabarmendu nahiko zenuke?

Euskal kulturaren inguruko dinamika eta pentsamendu kritikoak biziarazteko guneak beharrezko ditugu, kultur hezkuntzan eta kultur bitartekaritzan trebatzeko guneak, euskal kulturaren imajinarioak berritzeko eta birpentsatzeko guneak. Halako gune ahalik eta gehien sortzea ona da, eta masterrak ere halako gune bat edo sare zenbait sortzea du helburu.