Iñigo Urrutia Libarona: "Euskara ofizial deklaratzeak ez du esan nahi normalizazioa egindakotzat hartuko denik"
2024ko ekainaren 6a

"Euskararen estatus juridikoa Euskal Herrian: egoerak eta aukerak" hasiera-ekitaldiarekin emango zaie hasiera UEUren 52. Udako Ikastaroei. Datorren ekainaren 6an izango da hori, Iruñean, Kondestablearen jauregian eta Iñigo Urrutia Libaronak (Jatabe, 1966) emango du hitzaldi nagusia: “Euskararen estatus juridikoa Euskal Autonomia Erkidegoan”. Administrazio Zuzenbidean doktorea da eta, egun, EHUko irakaslea.
"Euskararen estatus juridikoa Euskal Autonomia Erkidegoan" du izenburua emango duzun hitzaldia. Zer azpimarratuko duzu bertan?
Hizkuntza-araubide juridikoaren aplikazioari argazki bat atera ahal izango bagenio, eraldatzen eta estutzen ari den panorama erakutsiko liguke. Espainian 1978ko Konstituziotik eratortzen den hizkuntza-ereduaren definizio teorikoa bi zutabetan oinarritu zen: batetik, hizkuntza propioei estatus juridikoa aitortu zitzaien (lurraldeka zedarritutako ofizialtasun partekatua, gaztelaniarekin batera), eta, bestetik, gaztelaniari, estatu-hizkuntza gisa, nagusitasunezko posizioa bermatu zitzaion. Jatorrian eredu ireki samar gisa konfiguratu zen, lurralde-hizkuntzen erabilera normalizatzeari marjina zabala eskainiz.
Halere, azken urteotako hizkuntza-eredu konstituzionalaren bilakaerak erakusten digu eredua bera itxiz joan dela, lurralde-hizkuntzen hizkuntza-politikaren helmena mugatuz eta aukerak estutuz. Badirudi gailentzen ari direla izaera politikoko planteamendu berriak, hizkuntza propioen normalizazioarekin urrunegi joan dela baieztatuko luketenak; ondorioz, gaztelania defendatzeko jarrera politiko eta juridikoa justifikatuko litzateke. Alderantzizko perspektibatik, euskal hiztunen ikuspegitik egungo egoera aztertzean, ezegonkortasun-sentsazioa edo hizkuntza-eskubideetan atzera goazelako sentsazioa da nagusi. Estatu frantsesean ere, berriki izan den deszentralizazio-prozesuari ez zaio lotu «eskualdeetako hizkuntza» deiturikoen estatus egokirik.
Hizkuntza-politika bidegurutze berri baten aurrean aurkitzen da. Laurogeiko hamarkadan diseinatutako tresnak zaharkituak geratu dira, eta jurisprudentzia berrienak agerian utzi du haren hauskortasuna. Bien bitartean, berrogei urteren buruan aldaketa sozial eta politiko ugari gertatu dira Euskal Herrian. Egungo gizartea ez da laurogeiko hamarkadako bera, askoz ere pluralagoa baizik. Aniztasuna balioan jartzea erabat bateragarria da hizkuntza aldetik kohesio handiagoa bilatzearekin. Hizkuntza-politikan urrats kualitatiboak ematea ez da aukera soil bat, premia bati erantzuten baitio, jurisprudentzia bidezko mehastuetatik babesteko eta egungo gizarte-premiei erantzuteko. Bide horretan tresna juridikoak gaurkotzea da proposa daitekeena, eta horretan sakonduko dugu
Zein dira indarguneak eta ahulguneak?
Gizartea, nagusiki, euskararen erabateko normalizazioaren alde agertzea indargunea da etorkizuneko edozein planteamendurentzat. Indargune horri heldu eta jauzi kualitatiboak emateko garaia heldu delakoan nago. Botere publikoek ez dute gai honetan neutral aritzerik, eta erasoen neurrira jokatzea nahitaezko da; hori da, nire ustez, eska dakiekeena. Halere, zalantzak ditut erasoen tamainari erreparatuz, neurrizko erantzunarekin asmatzen ari ote diren.
Ikuspegi juridikotik abiatuz gero, esango nuke euskararen normalizazioa paradigma berrien menpe jarri dela. Jurisprudentzia-aldaketa gertatzen ari da, euskararen normalizazioa blokeatze aldera. Ildo horren oinarrian dagoena da pentsamendu berri bat, zeinaren arabera normalizazio-prozesuekin urrutiegi heldu garela ulertzen baita; beraz, abian jarri da gaztelania defendatzeko ildo estrategikoa. Oinarri politikoa duen pentsamendu hori auzitegietako epaietan islatu da, eta beraren itzalean hizkuntza-normalizazioak dakarren bultzada estrategikoaren helmena mugatzeari ekin zaio. Ildo berri horren elementu adierazgarriena "hizkuntza ofizialen arteko oreka saihetsezina"ren printzipioa da, Auzitegi Konstituzionaleko 31/2010 Epaian ezarri zena. Irizpide berri horren arabera, bi hizkuntza ofizialen arteko berdintasun formala ez da normalizazio-prozesuaren helmuga bezala planteatzen, abiapuntu gisa baizik, hizkuntza propioaren aldeko neurri positiboak blokeatuz.
Eragin dezake EAEko estatusak Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko egoeretan?
Puntu bateraino bai. Ardatz nagusietan akaso; baina aplikazioek behar bezala egokituta egon behar lukete. Halere, lurralde ezberdinetako hizkuntza-politiken artean lankidetza gehiagorik ez izatearen hutsunea sumatzen dut.
EAEn euskarak duen estatusa, hizkuntza ofizialarena alegia, nahitaezkoa da euskararen lurralde guztietarako. Nafarroan euskararen ofizialtasuna lurralde guztira zabaltzea helburu bihurtu behar da. Diskurtsoan ere argi adierazi behar da Nafarroan euskararen ofizialtasuna zabaltzeak ez duela esan nahi gaztelaniari eskubideak murriztuko zaizkionik. Euskararen normalizazioa errazagoa da ofizialtasunetik abiatuta ez-ofizialtasunetik abiatuta baino. Halere, euskara ofizial deklaratzeak ez du esan nahi normalizazioa egindakotzat hartuko denik. Ofizialtasunak garapen oso ezberdinak izan ditzake, lurraldeen egoera soziolinguistikoetara moldatuz. Ofizialtasun bikoitzarekin ez dira eskubideak galtzen, eskubideak irabazi baino ez dira egiten. Iparraldean euskararen ezagutza eskola bidez orokortzearen alde egitea helburu izan daiteke, Korsikarentzat ezarritako eskema gurera ekarriz.
Estatus hori aldatzea posible da? Hau da, indartu daiteke euskararen egoera EAEn?
Nire ustez, eredua bera da aldatu beharko litzatekeena. Begira: Eusko Legebiltzarrak, 1982ko azaroaren 24an, 10/1982 Legea onartu zuen, euskararen normalizazioa gidatzeko helburuarekin. Katalanaren edo galegoaren normalizazio-legeak garai bertsukoak dira, baina lege horiek beste norabide bat hartu zuten. Kataluniako hizkuntza-politika, errealitate soziolinguistiko desberdin batean oinarrituta, hizkuntza-konjuntzio edo uztarketaren printzipiotik abiatu zen. Printzipio horren adierazgarri litzateke ikasleak hizkuntza-aukerarengatik bereizten ez dituen irakaskuntza-eredu bakarra, edo hizkuntza-eskakizunak funtzio publikoan orokortzea. Aitzitik, laurogeiko hamarkadaren hasieran EAEn lortutako adostasun politikoaren ondorioz, euskal ereduak hizkuntza-bereizketaren (edo banaketaren) printzipioa ezartzen du. Berorren arabera, ikasleei irakaskuntzan komunikazio-hizkuntza aukeratzeko eskubidea bermatuko litzaieke, baita unibertsitatekoa ere (ikasgela ezberdinetan bereiziz edo hizkuntzagatik segregatuz); funtzio publikoan hizkuntza-eskakizunak aldez aurretik ‘elebidun’ gisa zehaztutako lanpostuei bakarrik aplikatuko litzaizkieke... Euskararen Legeko ereduak hizkuntza-eskubideak aitortzen dizkio euskara erabili nahi duenari zein gaztelania erabili nahi duenari, bi hizkuntza-taldeak indartzea du helburutzat. Egungo bidegurutzeak galdera bati erantzutea eskatzen du: zein behar du izan euskararen normalizazioaren ardatz eta eredua XXI. mendean?
Hizkuntza-politikaren helburutzat ‘hizkuntza-liberalismoa’ hartzeak, hots hizkuntza-askatasun hutsa hartzeak, zalantzak sortzen ditu bi hizkuntzen arteko aldeak horren nabarmenak diren kasuetan: bata funtzionalki ez-normalizatua eta bestea funtzionalki osoa eta indartsua.
Gaiari heltzeko abiapuntu desberdin bat proposa daiteke, honakoan oinarri hartuz: "hizkuntza-elkarteek ematen diote bizitasuna hizkuntzari". Abiapuntu horretatik, hizkuntza-politikak osagai berriak barneratu beharko lituzke, hizkuntza-aukeraketaz gain. Hots, hizkuntza-politikak bi perspektibak hartu ahalko lituzke kontuan: perspektiba indibiduala, batetik, hizkuntza-eskubideak aitortuz eta bermatuz; bestetik, perspektiba kolektiboa, hizkuntzaren dimentsio sozialean oinarri hartuko lukeena, eta euskal edo euskarazko gizarte-elkartea indartzea helburutzat izango lukeena. Orain arte, lehen perspektiba izan da gure hizkuntza-politikaren parametro nagusia.
Egungo lege-paradigmei osagai berri bat gehitu beharko litzaieke, hizkuntza-askatasun hutsetik berezko hizkuntzadun eremu funtzionalak indartzera jauzi eginez.
Euskara jasaten ari den oldarraldiaren aurrean zer egin dezakegu?
Nire ustez oldarraldiak frogatu duena izan da euskararen zutarri diren arauen ahultasuna. Egoera erabat ezegonkorra da. Une honetan euskararen aldeko edozein neurri susmopean dago, eta gaia epaitegietara helduz gero, zer emaitza izan dezakeen ez dago aurretiaz asmatzerik. Laurogeiko hamarkadako marko juridikoa sendotu behar delakoan nago. Hizkuntzaren arlo honetan, bi plano bereizi behar dira: lehena, hizkuntzen estatus juridiko formalari buruzkoa, pertsonek erabiltzeko dituzten hizkuntza-eskubideetan eragiten duena. Plano horretan, botere publikoarekiko harremanetan pertsonek bi hizkuntza ofizialekiko dituzten posizio juridikoek berdinak izan beharko lukete. Aukeratutako hizkuntza ofizialak eraginak sortu behar ditu harreman horietan.
Bigarren planoa hizkuntza-politikaren eremuan kokatuko litzateke. Eta hizkuntza-politikaren arloan, autonomia-erkidegoari dagokio hizkuntzen tratamendua zehaztea, hizkuntza propioaren aldeko neurriak zilegi bihurtuz, betiere lehen planoa bermaturik. Hizkuntza aukeratzeko eskubidea bermatu behar da, baina horrek ez du esan nahi hizkuntza-tratamendua ezinbesteko orekan oinarritu behar denik. Hizkuntza propioa pribilegiatu daiteke, erabilera normaleko hizkuntza bihurtuz, norbanakoen hizkuntza-aukeraketarekin bateragarri bihurtuz.
Hizkuntza-politika berriak oinarri juridiko sendoagoak behar lituzke. Hori nahitaezkoa bihurtu da auzitegien jurisprudentzia atzerakoiari aurre egiteko.
Euskararen normalizazio-prozesuaren bilakaeran, agerikoa da fase berri bat irekitzeko beharra, oinarri juridiko berri sendoagoetan oinarritua. Orain arte indarrean izan ditugunak higatuz joan dira estatuaren birzentralizazio-ekimen legegileen eta auzitegien ekintza erregresiboaren ondorioz. Helburua oinarri sendoagoak ezartzea eta aurrerapenak blindatzea izango litzateke. Hizkuntza-politika ainguratzeko oinarri sendoagoak lituzkeen sistema berri baterantz jotzea dugu erronka.
Nolanahi ere, etorkizunari perspektiba handiagoarekin begiratu behar zaio, gizarte-eremu guztietan euskararen erabilera ardatz hartuta. Administrazio-arloan, egungo hizkuntza-eskakizunen sistema birpentsatu beharko litzateke, euskara erabilera normaleko hizkuntza bihurtzeko tresna egokia ote den aztertuz. Hots, helburua baldin bada euskara ohiko funtzionamendu-hizkuntza bihurtzea, galdera da hizkuntza-eskakizunen sistema tresna baliagarria ote den horretarako. Agian, hizkuntza-ezagutza orokortzen duen sistemarantz iragateari buruz hausnartzeko unea heldu zaigu. Hori itsasargitzat hartuta, beharrezko diren lege-erreformetan pentsatzen hasteko unea heldu zaigulakoan nago.