"Imajina dezagun Euskal Herria ertz desberdinetatik eta har ditzagun desira, boterea eta epika horretarako bide bezala"
2024ko ekainaren 18a

"Globalizazioaren ondorenaz eta egokitzapen aroaz" jardunaldia antolatu du UEUren Filosofia Sailak udako ikastaroen 52. edizioan. Bertan parte hartuko dute Lur Albizu Etxetxipiak (Artazu, 1993) eta Eraitz Saez de Egilaz Ramosek (Beasain, 1996). Lurrek Gasteizen Euskal Ikasketak egin zituen, Irakaskuntza Masterra eta Hizkuntza Plangintzan graduondokoa. Lanbidez euskara-teknikaria da eta orain Nafarroako Sorturen arduradun politikoa da. Eraitzek Zuzenbideko Gradua eta Abokatutza Masterra egin zituen (EHU). Gasteizko legebiltzarkidea da 2020az geroztik, XII. Legegintzaldian, EHBildu koalizioarekin. "Gureak ere badira desira, boterea eta epika" (Txalaparta, 2022) liburuaren egileak dira eta "Desira, boterea, epika" izeneko hitzaldiarekin jardunaldian egin nahi duten ekarpenaz hitz egin dugu haiekin.
Gureak ere badira desira, boterea eta epika... aldarrikapena da? Zeren aurrean?
Pentsatzeko eta eraldaketari eta emantzipazioari heltzeko proposamenak dira gureak, Euskal Herria ulertzeko proposamenak.
Desiraz, botereaz eta epikaz egunerokotasunetik eta proposamenetatik hitz egin nahi genuen, perspektiba orokor batetik.
Gure ustez, elkarrekin pentsatzeko tarte gutxi daukagu gaur egungo gizartean eta ardatz hauei heldu genien Euskal Herria irakurtzeko proposamen gisa.
"Etsipenaren" gizartearen aurrean zer egin?
Apokalipsiaren aroan gaudela esaten dugu, eta gaur egungo joera batzuek (azelerazioak, munduaren amaierarekiko harremanak, krisi ekologikoak gure pentsamenduan duen inpaktuak...) etsipenera eramaten gaituztela. Etenen garaian bizi gara, eta munduaren amaiera errazago imajinatzen dugu kapitalismoaren amaiera baino.
Hori guztia ez da naturala eta berezkoa: sistemak eta produzitzen dituen balio eta desirek gure pentsamendua bera ere moldatzen dute, eta guk esaten duguna da: goazen birpentsatzera zer esan nahi duen horrek, eta Angela Davisek duela gutxi esan bezala, itxaropena diziplinatzat har dezagun. Imajina dezagun Euskal Herria ertz desberdinetatik eta har ditzagun desira, boterea eta epika horretarako bide bezala.
Espazio kolektiboaren garrantzia ere azpimarratu nahi duzue.
Gizarte bakartu batean bizi gara, indibidualizazio-prozesu izugarri baten erdian. Horren aurrean, era eta ardatz desberdinak kontuan hartuko dituzten heldulekuak beharrezko ditugu, eta helduleku horiek kolektiboak izatea ezinbestekoa da guretzat.
Komunitatean egon, egin eta komunean pentsatzeko beharra dugu, eta are gehiago: guretzat ezinbestekoa da bizitzaren garapenerako.
Belaunaldi-arrakalaz ari garenean ere hori kontuan hartu izan dugu. Izan ere, gure ustez, komunitatea atomizatuago dago eta belaunaldien arteko elkarrizketa urriagoa da gaur egun. Horri heldu behar zaiola uste dugu.
Zein da erronka? Zein jomuga?
Euskal Herria imajinatzeaz ari garenean, horri ertz asko ikusten dizkiogu, baita potentzial handia ere: behar dugu euskal estatu feminista bat, komunitatean sinetsi eta hori praktikan jarriko duten pertsonak eta kolektiboak, desira zehar-lerrotzat hartuko dutenak emantzipaziorako motor bezala, eta epikari bide emanen diotena. Egunerokotasuna politizatzeaz ari gara eta horrek duen indar guztiaz, joera globalei heltzeko ere bai.