Iker Alvarez: "Angulen populazioaren jaitsiera arazo multifaktoriala da"

2023ko urriaren 11

Iker Alvarez: "Angulen populazioaren jaitsiera arazo multifaktoriala da"

Iker Alvarez (Bilbo, 1995) doktoratu ondoko ikertzailea da 2023ko urtarrilean Eusko Jaurlaritzaren doktoratu ondoko laguntza jaso zuenetik. Gaur egun, laguntza-programa horren barruan, ikertzaile gonbidatua da Helmholtz Center for Environmental Research-en (UFZ, Leipzig, Alemania). Kimikan graduatu zenetik UPV/EHUko Ikerketa eta Berrikuntza Analitikoa (IBeA) taldeari lotuta egon da kutsatzaile emergenteen analisiaren gaineko ikerketa bideratzen.

Kimikako ikasketak egin eta ikerketarako bideari ekin zenion.

Egia esan ez nuen arrazoi sendo bat izan kimika aukeratzeko. Gaztetatik argi nuen zientziaren munduan sartu nahi nuela. Ez nuke esango bokazioa zenik (adin horrekin ez dut uste holakorik dagoenik), baina betidanik gustatu zait erronka zientifikoei aurre egitea eta hori da azken finean ikertzaileon lana. Nire ustez, hainbat arrazoi akademikoren “erruz” (izandako irakasleengatik, notengatik, etab.) bukatu nuen Kimikako Gradua egiten, baina beste zientzia-arloek ere asko erakartzen ninduten. Eta ikerketa ere berdin... masterra egiten ezagutu nuen behingoz ikerketa-mundua (nire zuzendari zoragarriei esker <3) eta gaiak (kutsatzaile emergenteen analisiak eta haien ingurumen-kalteak) ni aukeratu ninduen.

Aturriko estuariora isurtzen diren kutsatzaileek anguletan duten eragina aztertu duzu. Nola sortu zen aukera?

Hala da, bai. Nire doktoretza kotutelan egin nuen EHUn eta Paueko UPPAn, eta ikerketa-talde frantziarra azken urteetan elkarlanean aritu da Frantziako INRAErekin araututako kutsatzaileen eragina anguletan aztertzen. Beraz, lekukoa baino ez genuen hartu, kasu honetan kutsatzaile emergenteei arreta jarriz. Hasiera batean gure ikerketa-planean ez bazegoen ere, aukera horrek asko erakarri gintuen. Ordura arte, inork ez zuen aztertu kutsatzaile berri hauen presentzia eta eragina anguletan, hipotesi sendo bat zegoen ikerketaren atzean eta gainera organismo bitxi hauekin lan egiteko aukera ez zaio edonori suertatzen.

Zeintzuk dira Aturriko estuarioan aurkitu daitezkeen kutsatzaileak?

Gure analisia Baionako hondakin-uren araztegitik datozen kutsatzaile emergenteetara bideratu genuen. Horrek ez du esan nahi beste iturri batzuetatik datozen ehunka kutsatzaile gehiago aurkitu ezin daitezkeenik estuarioan. Kutsatzaile kezkagarrienen artean farmakoak daude. Egunerokotasunean horrenbeste erabiltzen ditugun farmako horiek, lehenago edo beranduago, ur-ingurumenera isurtzen dira. Izan ere, hondakin-uren tratamenduaz arduratzen diren araztegiak oraindik ez dira gai kutsatzaile horiek guztiz eliminatzeko. Horien artean, baten bat aipatzeagatik, diazepam edo lorazepam bezalako benzodiazepinak, irbesartan edo valsartan moduko antihipertentsiboak edota antibiotikoak aurkitzen ditugu. Baina farmakoak ez dira bakarrak, badira baita ere industriatik eratorritako kutsatzaileak, pestizidak, abusu-drogak, etab.

Zelan ikertu duzue kutsatzaile horiek angulen osasunean duten eragina? Zein izan da prozesua?

Kutsatzaile horien eragina aztertzeko bi lan bideratu genituen. Alde batetik, aldez aurretik aukeratutako kutsatzaileen bioakumulazioa aztertu genuen anguletan, benetan jasaten duten esposizioaren informazioa lortzeko, bai laborategiko baldintzetan bai haien habitatean. Eta bestetik, kontrolpeko esperimentu bat diseinatu genuen bi angula talderekin. Lehenengo taldea kutsatutako ingurune batean izan genuen, eta bigarren taldea, edo kontrol-taldea, denbora berdinez ur garbian izan genuen. Ondoren, bi taldeen metabolismoak aztertu genituen azkenengo urteetan ospea hartu duten teknika metabolomikoen bitartez.

Kutsatzaileak daude angulen populazioaren jaitsieraren atzean? Zer diote emaitzek?

Argi dagoena da angulen populazioaren jaitsiera arazo multifaktoriala dela eta ziur aski kutsatzaileak ez dira izango horren arrazoi nagusia, baina badute eragina. Kutsatzaile horien eragina ur-organismoetan frogatuta dago. Guk ere aurretik aipatutako bi talde horietan diferentzia metabolikoak aurkitu ditugu. Hala ere, ez da erreza emaitzak populazio osoetara estrapolatzea, oraindik asko dago egiteke ondorio horietara heldu aurretik.

Ikerketan angula migratzaileak eta ez-migratzaileak identifikatu dituzue aurrenekoz.

Bai, niri ere oso prozedura kuriosoa iruditzen zait oraindik. Berez, harrapatzen ditugunean ez dakigu angula hauek migratzaileak edo ez-migratzaileak diren. Ez hori bakarrik, ez dago argi zergatik angula batzuk migratzeko gai diren, ibaietara helduz, eta beste batzuk estuarioaren hondoan bizitza osoan gelditzen diren. Baina badaukagu bi jokabide-fenotipo horiek bereizteko modu bat. Laborategian, angulak tanke berezi batzuetan sartzen dira, eta hor mareak simula ditzakegu ponpen bidez. Hortaz, sasimarea horiekin sinkronizatzeko gai diren angulak migratzaileak izango dira eta hondoan ezkutatuta gelditzen direnak ez-migratzaileak. Hori dena ilunpean egiten da, beraz iluntasunean distira egiten duten markatzaile batzuk jartzen zaizkie angulei eta prozesua bideoan grabatzen da. Oso “guay” dirudien arren, amaitzean bideo osoak ikustea zein den zein identifikatzeko, ez da batere entretenigarria.

Nola babestu angulak? Zer neurri hartu beharko lirateke?

Guk aztertu dugun arrisku horretatik babesteko, eta orokorrean, kutsatzaileen isurketa kontrolatzeko, bi irtenbide bururatzen zaizkit. Lehenengoa eta zailena, konposatu kimikoak euren ekoizpenetik hasita modu eraginkorrago batean arautzea. Eta bigarrena, kutsatzaile horiek ingurunera heldu aurretik behar bezala eliminatzeko metodoak edo tratamenduak garatzea eta martxan jartzea. Bi neurriak osagarriak lirateke; izan ere, aipatutako konposatu kimiko horietako asko ezinbestekoak dira gure bizitzan (farmakoak, adibidez).

Angulen kasu espezifikoan, populazioaren jaitsieraren arrazoi nagusia badirudi isilpeko arrantza dela, beraz, arrantza mota horrekin bukatzeko neurriak sendotzea garrantzitsua da. Baina, ikerketaren aldetik, garrantzitsua da baita ere animalia hauen jokabide migratzailea sakontasunean ikertzea, haien habitatak hobeto ezagutzeko eta zaintzeko.

Ikertzaile migratzaileak aipatu zenituen txiotesian...

Bai, ematen du hori dela gailentzen den jokabide-fenotipoa ikertzaileon artean... Txiotesia idatzi nuenean analogia hori egin nuen eta, gauzak nola diren, ni ere sasimarea zientifiko horrekin sinkronizatu naiz, eta hurrengo bi urteetan Alemanian jarraituko dut nire ikerketarekin. Beste aukerarik ba al dago?

Kutsatzaile emergenteen antzera, gure jatorrizko ur-araztegiak ez dira gai gu bertan atxikitzeko eta Alemaniara (nire kasuan) isurtzen gaituzte. Hala ere, ni ezin naiz kexatu. Zorionez, Eusko Jaurlaritzaren bekari esker bueltan izango naiz bi urte barru, ikusiko dugu, gero, noiz arte. Dena den, guztiok ez daukagu bi urte kanpoan egoteko aukerarik (edo gogorik), eta pena da zientzia-munduan jarraitzeko irtenbide bakarra bakoitzaren sorlekutik ihes egitea izatea.

Txiotesia lehiaketan parte hartu zenuen. Zer-nolako esperientzia izan zen?

Bai, ikerketa-taldetik hainbat doktoregai animatu ginen parte hartzera. Esperokoa baino oihartzun gehiago izan zuen, eta alde horretatik, esperientzia polita izan zen. Beste parte-hartzaileen lan batzuekin batera nire txioa egunkari digitaletan ikusi nuen, beraz, nire zientzia zabaltzeko aukera oso ona izan zen. Gainera, elkarrizketa honetan ohartuko zineten moduan, txiste eta metaforen bila muinak urtzea gustatzen zait, eta horretarako aukera ezin hobea izan zen.

Zeintzuk dira esku artean dituzun erronkak?

Esan bezala, Alemaniara etorri naiz opor zientifikoetan, angulak alde batera utzita. Hemen kutsatzaile emergenteen analisian eta, batez ere, haien kalteak ikertzen jarraituko dut bereizmen altuko teknikak erabiliz. Aztertzen ditugun nahasteen konplexutasunak (araztegiko hondakin-uretan milaka kutsatzaile aurki ditzakegu) asko zailtzen du lagin desberdinetako toxikotasunaren balizko eragileak identifikatzea. Nahaste korapilatsu hauek askatzen arituko naiz, nolabait, toxikotasun-eragileak aurkitu arte.

Jakintza-arloak