Gorka Martin Etxebarria: "Gatazka karlistaren arkeologiak nahitaezkoa izan beharko luke"

2024ko apirilaren 10a

Gorka Martin Etxebarria: "Gatazka karlistaren arkeologiak nahitaezkoa izan beharko luke"

Gorka Martin Etxebarria (1994, Bilbo) Historian graduatua da, paisaia-kudeaketan du masterra eta Arkeologian da doktorea. Gerrate karlisten arkeologiaren inguruan egin zuen doktore-tesia eta berarekin izan gara ikerketa-lanaz gehiago jakiteko.

Historiako ikasketak egin eta ikerkuntzako munduan murgildu zinen gero. Zergatik Historia? Zergatik ikerkuntzarako saltoa?

Txikitatik historia gustatu zait, hala ere, nire interesa arkeologiara zegoen bideratua. Euskal Herriko Unibertsitatean ez dago arkeologiako gradurik, hortaz, Historia ikasi nuen eta, graduan zehar, arkeologiarantz bideratu nintzen zenbait udako indusketatan parte hartzen.

Graduko azken kurtsoan ikerkuntzarako nahia piztu zitzaidan. Batik bat, gatazkaren arkeologiak (bereziki Gerra Zibilaren arkeologia) presentzia garrantzitsua hartu zuelako Espainiako estatuan. Gero eta indusketa gehiago egiten hasi ziren, gainera, arlo ezberdinak lantzen hasi ziren: errepresioa, gudu-zelaiak, fosak… Testuinguru eferbeszente hartan parte hartzea interesatzen zitzaidan eta ikerkuntzarako bidea hasi nuen.

Gatazka karlisten arkeologia izan duzu ikergai. Nola sortu zen aukera?

Gradua amaitu eta gero pixka bat galduta nengoen, ustez, ikasle guztiok sentimen berbera edukitzen dugu momentu horretan. Zortez, laster lana aurkitu nuen teknikari momentu horretan hasten ari zen gerrate karlisten arkeologian. Garai hartan Iban Roldan, kide eta lagun, garai hartako zenbait aztarnategi hasi zen induskatzen bere doktore-tesiaren barnean. Bilbotarra izanik, gaiak eta garaiak interes handia piztu zuten nire barnean, gainera, esan den bezala, betidanik arkeologia gustatu egin zait. Hortaz, oso interesgarria iruditu zitzaidan gerrate karlisten arkeologia zabaltzea Bizkaian eta Araban, eta 2019an nire doktore-tesia hasi nuen.

Zer gunetan jarri duzue fokua? Zergatik?

Esan den bezala, Iban Roldanek Nafarroan garatu zuen bere tesia. Nire kasuan, bilbotarra izanik, Bizkaian kokatu nuen nire testuinguru geografikoa, batik bat, gerrate karlistek eragin itzela izan zutelako Bilbon, ez soilik historikoki edo arkeologikoki, hiriaren memoria eta auto-pertzepzioa ezin da ulertu XIX. mendeko gerra zibilak kontuan hartu barik.

Ondoren, Bizkaiko zenbait leku aztertu eta gero, Arabara zabaldu nintzen. Azkenik, Burgosko bi kasu ere hartu nituen, baina kasu horretan EAEko mugaren parean zeudelako.

Zer arrasto arkeologiko aurkitu duzue? Sorpresarik?

Gure ikerketa-programaren barnean leku mota ezberdinak ikertu genituen. Halaber, gudu-zelaiak, gotorlekuak eta zenbait herritako alde zaharretan egindako indusketak. Gure helburua ahalik eta arrasto gehien dokumentatzea izan zen. Horrekin, gerrate karlistek sortutako testuinguru arkeologikoen irudi sakona eta zabala lortu nahi genuen.

Aurkitutako kultura materiala, arrastoak alegia, ugariak eta askotarikoak izan dira. Gudu-zelaietan, adibidez, balek, bala-zorroek, kartutxoek eta artilleriako metrailak osatzen dute aurkikuntzen gehiena. Gotorlekuetan, aldiz, zeramikazko, beirazko eta metalezko tresnak aurkitzen ohi dira: platerak, ardo edo likorezko botilak, kontserba-latak eta iltze ugari agertzen dira. Material horiek garaiko kultura materialaren berri ematen digute eta, ikerketa sakona eginez, gertakizun historikoen berri ematen digute.

Sorpresa handirik ez da egon, momentuz ez dugu aurkitu altxorrik, ezta karlisten urre ospetsua ere. Gauzarik interesgarrienetariko bat gatazka ezberdinen gainezarpena izan da. Aztarnategi batzuetan Gerra Zibilaren (1936-1939), Bigarren Gerra Karlistaren (1872-1876), Lehen Gerra Karlistaren (1833-1840) eta Espainiako Independentzia Gerraren (1808-1814) arrastoak jaso ditugu, denak leku berean. Horrek frogatzen du XIX. mendeko Euskadin izan zen militarizazio sakona. Gainera, oso esanguratsua iruditu zitzaigun zehazki leku berberetan hiru belaunalditako gazteeak borrokatu izana, gainera, gerra zibiletan.

Zer "kontatu" du arkeologiak?

Doktore-tesia lau urtez luzatu zen. Ikerkuntzaren emaitza nagusiak hauek izan dira. Lehenik, Bizkaiko eta Arabako paisaian gerrate karlistek izan zuten eragina ikusi dugu. Gatazkaren ondorioz, euskal mendiak gotorlekuz bete ziren, armaden talken ondorioz gudu-zelai konplexuak sortu ziren, gainera, ez dugu ahaztu behar gerrek ere eragin handia izan zutela frontetik urrun. Halaber, telegrafoa eta trenbidea hedatu ziren komunikazio azkarragoen abantaila militarra lortzeko. Industriak hazkunde nabarmena esperimentatua zuen, batik bat, arma-industriak, baina baita logistikari loturiko edozein sektorek ere: garraioa, eraikuntza (gotorlekuak), elikagaigintza…

Bigarrenik, frogatu da gerrate karlistek ondare kultural ugari eta askotarikoa sortu zutela, ondare hori garai hartako adierazgarria da, hortaz, ikertu, ulertu eta zaindu behar dugu, gure historiaren parte garrantzitsu baten adierazpen materiala delako.

Azkenik, oso denbora gutxian (lehen interbentzioa 2012an izan zen) gerrate karlisten arkeologiak datu historiko berriak eman dizkigu. Hortaz, gatazka karlistaren arkeologiak nahitaezkoa izan beharko luke. Iturri materialak eta dokumentu historikoak ikertuz, garai horretako irudi zabalago eta zehatzago bat sortzeko aukera dugu.

Emaitzak gizarteratzea izan da beste helburuetako bat. Nola egin duzue? Eta zein izan da emaitza?

Emaitzen gizarteratzea arkeologia publikoa deritzon arlo batean kokatzen da. Arkeologia publikoak ikerketak gizarteari komunikatzea du helburu nagusi, gizarteak bere ondarearen kudeaketan parte har dezan, ondare hori bereganatuz. Azken urteotan arkeologia publikoak izugarrizko hedapena izan du, bereziki gatazkaren arkeologian. Nire ustez lan hau egitea funtsezkoa da edozein ikerketa-arlotan, bereziki kontuan izanik ikerketa gehienak funts publikoekin egiten direla. Hortaz, konpromiso etiko bat hartu beharko genuke gizartearekiko, eta hari bueltatu guztion zergekin finantzatu izan duena.

Geure kasuan zenbait aktibitate garatu ditugu. Sare sozialetan presentzia nabarmena dugu, Twitterren eta Instagramen @CarlistWars izeneko kontuetan gure ikerketen berriak zabaltzen ditugu. Gainera ikuspuntu zabala eman nahi izan diogu, hortaz, XIX. mendeko arlo ezberdinetako hariak publikatu ditugu, baita beste testuinguru batzuetako gertakizun historikoei buruzkoak ere. Adibidez, gerrate napoleonikoaren edo Estatu Batuetako gerra zibilaren argitalpenak. Beste batzuetan, ikerketa arkeologikoa martxan zegoela aprobetxatuz, jardunaldi irekiak egin ditugu herriko jendeak aztarnategietan egiten ari ginena ulertzeko. Helburu berarekin, zenbait kasutan bertako boluntarioen laguntza izan dugu landa-lanean. Garatutako beste ekintza batzuk bisita gidatuak eta konferentziak izan dira, eta halakoetan erakunde kultural baten parte-hartzea lortzen saiatzen gara, esaterako, udal-liburutegiak, museoak edo diputazioak.

Gehienbat, esperientzia oso positiboa izan da. Sare sozialetan denetarik aurki dezakezu, troll-ak barne, baina oso pozgarria da jasotako feedback gehiena positiboa izatea. Aipatu ditudan beste aktibitateetan eragin berdina antzeman dugu, horrek bihotza berotzen digu bide honetatik jarraitzeko. Jendeak XIX. mendeko historia eta arkeologia gustuko du, eta hori da, pertsonalki, lan honen guztiaren emaitzarik pozgarriena.

Txiotesian parte hartu zenuen, zer-nolako esperientzia izan zen?

Esan dudanez, Twitterren eragin nabarmena lortu dugu, horri esker gero eta jende gehiagok gehiago daki gerrate karlistei buruz. Plataforma hori aprobetxatuz, 2022an neure burua aurkeztu nuen #HiloTesis lehiaketara. Estatu mailan egiten den ekimena da, bertan, edozein doktoregaik parte har dezake bere tesiaren hari nagusiak azaltzen. Ez nuen estatuko saria lortu, baina bai EHUkoa.

#Txiotesia lehiaketa oso antzekoa izan zen, kasu honetan bereziki euskaraz. Berriro aurkeztuko nintzen nire tesiaren ezaugarri orokorrak aipatzen. Esperientzia itzela iruditu zitzaidan, zeren eta beste lankideen ikerketak ezagutzeko aukera izan bainuen, gainera, akademian erabiltzen den baino hizkera ulergarriago batean. Ikerketa-arloan, bakoitza gai zehatz batean hiper-espezializatzen da, asko dakizu gauza zehatz batez, baina ez daukazu ideiarik ere beste arloetako hainbat gauzez. Hortaz, oso ekimen baliagarria iruditu zitzaidan ikerketen emaitzak gizarteratzeko.

Zeintzuk dira epe laburreko erronkak?

Momentu honetan Argentinan nago proiektu post-doktoral bat gauzatzen, Buenos Airesko Unibertsitateko Arkeologia Institutuan zehazki. Proiektuak bi urteko egonaldia zehazten du, helburua Latinoamerikan XIX. mendeko testuinguruetan egindako arkeologia ezagutzea da. Bertako arkeologoek asko landu dituzte garai hartako arrasto materialak, guk baino askoz gehiago. Hortaz, haien lana abiapuntutzat hartuta, Euskadin XIX .mendean sortutako kultura materiala hobeto ezagutzea eta ulertzea dugu helburu, hutsune hori betetzeko.

Jakintza-arloak