Gema Lasarte Leonet: "Amatasuna izanik jendartearen zaintzaren oinarria eta jendartearen ongizatearen ardura nagusietakoa, kasu gutxi egin zaio"

2024ko uztailaren 5a

Gema Lasarte Leonet: "Amatasuna izanik jendartearen zaintzaren oinarria eta jendartearen ongizatearen ardura nagusietakoa, kasu gutxi egin zaio"

"Euskal literaturaren odolusteak, odolosteak eta odol ustelak" ikastaroa antolatu du UEUren Literatura Sailak 52. Udako Ikastaroen barruan. Gema Lasarte Leonet (Errenteria, 1962) da antolatzaileetako bat, bera, Literatur Zientzian da doktorea. Ikastaroaz gehiago jakiteko izan gara harekin.

Euskal literaturaren odolusteak, odolosteak eta odol ustelak. Zer jarri nahi duzue mahai gainean?

Amatasunaren garrantzia feminismoan hizpide izango dugu. Amatasuna izanik jendartearen zaintzaren oinarria eta jendartearen ongizatearen ardura nagusietako habe bat, kasu gutxi egin zaio gure aldarrien joanean. Harrigarria da feminismoek hain kasu gutxi egin izana. Argi dago patriarkatuak nahiz kapitalismoak bide beretik egiten dutela ibilbidea. Horregatik bizitzaren abiaburuan eta helmugan begirada jartzea ezinbestekoa dugu jendartearen osasunaz mintzatzeko eta derrigorrez zaintza beste modu batera baloratzeko.

Amatasunaren gaia begirada literario desberdinetatik jarriko duzue erdigunean.

Lehenik Erika Lagoma eta Estitxu Fernándezen M ama ume eme liburua (2022) izango dugu hausnarketa-gai. Amatasun diferenteak, esperientzia diferenteak, jarriko dira mahai gainean. Saiakera eder horren egileak izango dira gurekin eta, batez ere, egindako ikerketaren eta amatasun-esperientzia diferenteen inguruan mintzatuko gara. Ondoren, literaturari helduko diogu, Amaia Elizalde irakaslea Karmele Jaioren Amaren eskuak (2006) eleberriaz nahiz Mireia Gabilondok zinemara eramandako bertsioaz arituko zaigu. Segidan, Aintxine Mendizabal idazleak bere Odolekoak (2020) eleberria izango du mintzagai, bati baino gehiagori gurean oso ezagunak ditugun hainbat amatasun gogora ekarriko dizkio. Eta arratsaldean tertuliak egingo ditugu.

Karena eta Amek ez dute liburuetan oinarritutako tertulia antolatu duzue arratsalderako. Zergatik bi horiek?

Liburu horien hautua egin da, batez ere, euskal literaturan amatasunaren inguruan oso ekarpen berritzaileak egin dituztelako. Oso bestelakoak. Amatasunaren ezinak, transgresioak, ez amatasunak. Goiza oso aldizkako amatasunekin hasiko badugu ere, Elizalde eta Mendizabalen eskutik tradizioak ekarri dizkigun amatasunetan soa jarriko dugu, amatasunaren beste mutur apurtzaile batekin amaitzeko Karena eta Amek ez dute eleberriekin.

Nori dago zuzenduta?

Feminista orori, literatura nahiz euskarako irakasleei edota literatura gustuko dutenei. Bost liburu izango ditugu lan-tresna.

Zerbait nabarmentzerik nahi?

Amatasunaz hitz egin, irakurri, hausnartu eta irakur daitekeenaren inguruan ariko gara. Gutxi hitz egin da eta denok dugu gutxienez ama bat gure inguruan. Amaz esaten dugun horren inguruan, askotan hitza ez ezik, haren zerbait gehiago ere badugulako edo bagarelako.

Jakintza-arloak