Gema Lasarte: "Eskolak salto handi bat eman behar du, bestela gaizki dauden umeak porrotera bideratzea lortuko dugu"
2023ko urriaren 3a

Gema Lasarte Leonet (Errenteria, 1962) Literatura Zientzietan da doktorea. Literaturaren Didaktikako irakaslea da EHUn, Gasteizko Hezkuntza eta Kirol Fakultatean eta bertako Hezkidetza Batzordearen sortzailea eta koordinatzailea izan da hainbat urtez. Uztaron, UEUren giza eta gizarte-zientzien aldizkarian argitaratu ditu "Esperientzia gogor goiztiarrak bizi izan dituzten haurren eskolaratze-prozesuak. Ikastetxe baten kasu-azterketa" ikerketaren emaitzak. Harekin izan gara.
Esperientzia gogor goiztiarrak bizi izan dituzten haurren eskolaratze-prozesuaren inguruan ikertu duzue. Nola sortu da gaia ikertzeko aukera?
Aukera ez da sortu, sortu dena beharra da. Hemen Euskal Herrian, Espainian nahiz Frantzian (Frantzian agian aurreratuxeago daude) defizit handiak ditugu eskolaratze-prozesuetan. Asko oinarritzen gara curriculumetan eta edukietan zer eskatzen den, baita gizarte neoliberalari edo gizarte arrakastatsuak behar duenari nola erantzun. Curriculumak hornituta daude liderrak izateko, baina multidibergenteak edo arazoak dituzten ikasleak ez daude curriculumetan kontenplatuta. Legeak esaten du inklusiboa izan behar duela, denek sartu behar dutela curriculumean, denak berdinak garela, ikasketa-prozesua pertsonalizatua dela... Azken curriculumak ere oso-oso epizentroan jartzen du heziketa sozioemozionala eta lagundu beharra, baina gertatzen zaiguna da diskurtsoak egiten badakigula, baina hortik aurrera ez dakigula ezer. Ez ditugu formatzen unibertsitatean irakasle izango direnak eta gizartean ere arrakastarako diskurtsoa dago, ez dago porroterako diskurtsorik, porrotean daudenak ez dira existitzen. Beraz, gizarteak norabide hori markatzen du, curriculumak dio egin behar dela eta irakasleak ez daude formatuta. Gainera, mediatizazioa oso gogorra da. Porrotarentzat, lodientzat, gaixoentzat, arazo mentalak dituztenentzat... ez dago lanik, ez dago lekurik, ez dago hezkuntzarik, ez dago akonpainatzerik. Eta azkenean hezkuntza laguntzea da, akonpainatzea.
Zertaz ari gara esperientzia gogor goiztiarrez ari garenean?
Gu batez ere hasi ginen seme adoptatuak genituelako eta ikusten genuelako eskolan izugarrizko egurra jasotzen zutela. Gure planteamendua zera zen: gu hemengo gurasoak izanik, euskaldunak, ekonomikoki ondo daudenak, gure semeak gaizki daudenean babesten ditugu ekonomikoki, akademiak behar badituzte jartzen dizkiegu, psikologikoki gaizki baldin badaude terapiara bidaltzen ditugu eta hala eta guztiz ere gaizki daude. Eskolak ez daki haiekin zer egin. Gure egoera zaila bada... zein ez da izango kanpotik datozen milaka emigrante horien egoera? izugarrizko disfuntzioekin, familia deseginetan, arazo larriekin, hizkuntza-arazoekin, adbertsitate izugarriekin...
Hortik abiatuta hartu genuen Felittik erabiltzen duen kontzeptua. Felittik ikerketa garrantzitsu bat egin zuen eta berak esaten zuen txikitan adbertsitate bat baino gehiago pasatutako umeak zahartzaroan traumak garatzen zituela. Berak hori batez ere familien disfuntzioan ikusten zuen: familian abandonu fisikoa edo emozionala zegoenean, indarkeria zegoenean, banaketak, drogak, kartzelak... baina gero Felittiren familiaren kontzeptuari gehitzen joan zaizkio soziala, naturala... Esaterako, sozialak izan daitezke bullynga, arrazagatik, LGTBI izateagatik, diferente izateagatik, pobre izateagatik... adbertsitate soziala hain zuzen. Eta adbertsitate naturalak ere badaude, gero eta gehiago gainera. Klima-aldaketaren ondorioz egon diren suteetan pobrezian sartu diren herrialdeak, etxerik gabe geratuak... Adbertsitateen kontzeptua familiatik bakarrik hasi bazen ere, aberasten joan da.
Guk eskoletan, Gasteizen bereziki, ikusi dugu segregazioaren fenomenoa izugarria dela eta emigrazio-tasa izugarria dela, horrek ekartzen dituen arazo guztiekin. Familia horiek normalean desintegrazioa bizi izan dute, ez dira etorri denak batera... horrek ekarri ohi duen sufrimendu guztiarekin eta askotan sortzen duen biolentzia guztiarekin. Eta zer gertatzen da? Lehenengo adbertsitate edo disfuntzio mota horri eransten diogula eskolarena. Eskolak ez dauka kapazitaterik pertsona kopuru hori akonpainatzeko: hizkuntza-arazoak, kultura ez ezagutzea... eta eskolan arropatu eta lagundu beharrean, beste ikaskideen jomuga bihurtzen dira ume horiek. Ez da bakarrik eskolek ez daukatela didaktika bat egokitua, ez daukatela irakasleria bat haientzat preparatuta... gainera, askotan, hemengoak direnentzat, indartsu sentitzen direnenentzat bazterketarako jomuga bihurtzen dira, jo eta txikitzeko muga.
Eskola bateko kasu-azterketa egin duzue. Zer da bertan aztertu nahi izan duzuena?
Gure ikerketa-taldean hauxe esaten dugu: irakasleak ez daude prestatuta, beraz goazen GRALak edo MALak edo tesiak aprobetxatzera eta formatu ditzagun doktoregai, mastergai edo graduatzeko zorian dauden horiek.
Kasu-azterketetarako ikasleak eskola batera edo bitara bidaltzen ditugu eta egiten duguna da batetik irakasle guztiei galdetu zer dakiten adbertsitateaz, ea topatu duten, ea zer egin duten, zer formakuntza jaso duten horren aurrean. Eta bestetik, behatu egiten dugu. Gure ikaslea edo ikertzailea, eskola horretan 3 hilabetez egoten da eta zera frogatu nahi izaten dugu, ea formazioarekin gauza garen adbertsitate hori topatzeko eta ikusteko. Eta azkenik, egiten duguna da erkatu. Eskolan, normalean, orientatzaileak daude, adbertsitatean adituak daude eta haiekin ikusi sortzen diren disparitateak. Hau da, irakasleak ikusten du izugarrizko beharra dagoela adbertsitateak detektatzeko eta erantzuteko, formazio eskasa dagoela dio... eta ikusten duguna da detektatzea zaila egiten zaion arren, benetan ez dakiena dela adbertsitatearen aurrean zer egin. Generoa ere ikertzen dugu eta generoarekin ere antzeko gauza bat gertatzen zaigu. Formazio falta izugarria dago eta zaila egiten zaigu eskatzen den momentu horretan aplikatzea.
Kasu-azterketa bat da begirada diferentea jartzea adbertsitate hori topatzeko eta horren aurrean ekiteko.
Zer erakutsi dute emaitzek?
Guk izan dugu ikertzaile bat hiru hilabetez behatzen eta ikertzaileak adbertsitatea antzeman du, gatazka non zegoen. 200 ikasle behatu baditu, gatazka topatu du 12-14 bat ikaslerengan, eta informazioa orientatzailearekin, adituekin... erkatzera joan denean, ikusi dugu formazio batekin gure ikertzailea adbertsitatea bilatzeko gauza izan dela.
Orduan, non sortu da arazoa edo gatazka? Ikusi dugu eskoletan badaudela bi profil gatazkatsu. Bata da adbertsitatetik zuzenean doan ikasleria hori. Eta horiek, denak topatu zituen ikertzaileak. Baina gero badago ikasleria bat, beste muturrean, oso ondo nondik datorren ez dakiguna eta izugarrizko beharra duena atentzioa emateko, gatazkan egoteko, protagonismo guztia izateko... ikerketa horretan topatu dugunaren % 10 da gutxi gorabehera (ikastetxe guztietara eraman daitekeen datua dela uste dugu). Ikasle tipo oso gatazkatsu bat sortzen ari zaigu adbertsitate ikusgairik ez duena: emigrazio, biolentzia, sexu-abusu, abandonu... ezagunik ez duena. Horrek beste ikerketa bat eskatzen digu. Eta gatazka hauen aurrean, ikerketa garrantzitsu bat ari gara egiten Zuian. Bertan ikusten ari gara 0-18 urte bitartean zer egin beharko litzatekeen ume horiek gatazkatsuak ez izateko, zeren inguruan mugitzen den ume edo gazteen gatazka-egoera hori eta zer hezkuntza sozioemozional beharko luketen horri aurre egiteko. Eta ikusten dena da gizartea izugarri aldatu dela, beste ezaugarri batzuk dituela, ikasleen hezkuntzan eta etxean gurasoen presentzia txikiagoa dela, drogak, alkohola, digitalizazioa, pornoa... askoz arinago sartzen direla... Argi dagoena da gizarte berri baten aurrean gaudela eta hortik askotan gatazkak sortzen direla.
Ikasgelan adbertsitatea antzemateko irakaslearen begirada lantzen hasi behar dela diozue. Nola?
Bai, zalantzarik gabe. Eta hori, formazioarekin egiten da. Oraintxe, Erresuma Batuan, AEBn eta Europa guztian oso esperientzia gutxi daude honen inguruan, baina badaude trauman informatutako eskolak eta haien printzipio nagusiak horiek dira. Bata, tutorizazio pertsonala. Hau da, arazoak dituen pertsona bakoitzak tutore pertsonal bat izatea, edozein arazoren aurrean identifikatuko duena eta berarekin egongo dena. Bestea, begirada, begirada landu bat. Alegia, gatazkak modu akonpainatuan eramateko, behar den denbora erakusteko, gatazka baten aurrean dagoela eta umea ez dela gatazkatsua jakiteko, baizik eta gaixorik dagoen ume bat... Horren aurrean egin behar den guztia egiten dakien begirada bat.
Zer funtzio izan beharko luke eskolak? Zein da jomuga?
Egin behar dena da hezkuntza inklusiboaz gutxiago hitz egin eta gehiago formatu. Helburu konkretu batzuk jarri behar dira. Galdetu behar dugu: zer egin behar dugu benetan gure eskola inklusiboa izateko? eta gure ahulgune nagusiak identifikatu behar ditugu.
Curriculumean esaten dira hezkuntza pertsonalizatua, sozioemozionala, akonpainamendua, generoan adituak... dena esana dago. Esana dago umea akonpainatzen jakin behar dugula eta, batez ere, akonpainamendu horretatik jakingo dugula detektatzen umea gaizki dagoen edo ez, eta gaizki egonik, zer egin behar dugun. Hemen falta dena da, batetik, eskolak tutore preparatuak izatea, gelaren diagnosia egiten dakitenak. Tutore formatuak izan behar ditut eta eskola koordinatuko duen zuzendaritza talde indartsu bat, adbertsitatean erabat jantzia. Eskolak salto handi bat eman behar du, bestela gaizki dauden umeak porrotera bideratzea lortuko dugu (bideratzen ari gara) eta besteak liderrak izatea. Politika oso argiak egin behar ditu eskolak.
Uztaro aldizkarian argitaratu dituzue ikerketaren emaitzak. Garrantzitsuak dira horrelako plataformak?
Guri interesatzen zaiguna da irakasleengana iristea. Inpaktu soziala behar dugu. COVIDak zerbaiterako balio izan badu, gaia mahaigainean jartzeko izan da. Gaur egun geletan umeen gaixotasun mentalen tasa oso altuak daude, % 17koa dela hitzartuta dago. Lehendik ere buru-osasuneko gaixotasunak hortxe zeuden, baina COVIDak mahaian gainean jarri du gaia, suizidioaren gaia ere bai... alarma pizteko balio izan du.
Inpaktu soziala nahi badugu, irakasleriari, gurasoei, jendeari iritsarazi nahi diegu garrantzitsuak direla gisa honetako plataformak, zabalkundea dutenak, jendearengana iristen direnak eta, batez ere, gizarteratzen lagunduko dutenak. Espero dezagun irakasleek, gurasoek, eta irakasle izango direnek honen gaineko kontzientzia gehiago hartzea.