Garazi Zabaleta Mendizabal: "Hezkuntzara bideratutako bideo-ekoizpenen egokitasuna landuko dugu ikastaroan"
2024ko irailaren 23a

"Bideogintza hezkuntzan" ikastaroa antolatu dute elkarlanean UEUk eta Nafarroako Gobernuak eta Garazi Zabaleta Mendizabal (Beasain,1987) izango da irakaslea. Telekomunikazio Ingeniaritzako Gradua egin zuen ikus-entzunezko espezialitatean (UPNA/NUP) eta baita Musika Konposizioko Gradua (CSMN) eta Pedagogiako Gradua (UNED) ere. Musikoterapian ere badu graduondokoa (UNIR). Harekin izan gara.
Zergatik da garrantzitsua hezkuntza eta bideogintza lotzea?
Bideogintza, nire ustez, eskura izan dezakegun baliabide bat besterik ez da eta ezinbestekoa da izan ditzakeen onurak ezagutzea haren aldeko hautua egiteko. Teoria egoera praktikoetara eramaten dugun kasuetan, bideoaren abantailak nabariak dira, besteak beste, zalantzak argitu ditzakeelako (esperimentatzeak dituen onurei uko egin gabe) eta edozein momentutan bistaratu dezakegulako nahi adina alditan. Baina hain begi-bistakoak ez diren egoeretan ere, oso aproposa suerta dakiguke. Ikastaro honetan egoera ezberdinen aurrean egin beharreko hausnarketan sakontzen saiatuko gara. Hezkuntzan, funtsean, ikasleek ikaskuntza adierazgarri bat lortzea dugu helburu eta garrantzitsuena pedagogia-arloari arreta ipintzea da.
Zein izan daiteke ikastaro honen erronka nagusia?
Ikastaroaren erronka bideo-ekoizpen bat aurkeztea da. Ekoizpen horrek azalpen-bideo bati erantzun behar dio, salbuespenak salbuespen. Hori dela eta, ikasleak hautatuko du bere ekoizpenaren gaia. Erronka aurrera eramateko pausoz pauso joango gara: astero egingo ditugun zereginek azken emaitza osatzeko balioko digute.
Zer arlo landuko dira ikastaroan?
Hezkuntzara bideratutako bideo-ekoizpenen egokitasuna landuko dugu, hau da, jarraitu behar diren irizpideetan sakonduz hasiko dugu ikastaroa. Egile-eskubide eta lizentzien inguruan ere jardungo gara, hezkuntzan egon daitezkeen berezitasunei erreparatuz. Ondoren, aukeratu dugun gaiari dagokion gidoia nola prestatu ikasiko dugu arreta berezia ipiniz atal honi. Izan ere, une horretan pedagogia eta sormena uztartzeaz arduratuko gara. Gidoia lokutatu eta bideo-baliabideak nola lortu ikasiko dugu, modu xumean. Online dauden tresna apropos batzuk ezagutuko ditugu eta bideo-editoreekin egingo dugu lan; software librearen alde egingo dugu, nahiz eta pribatiboan ditugun aukerak ere ezagutuko ditugun.
Online emango da ikastaroa. Zenbat iraungo du eta zein izango da jarraituko den metodologia?
Ikastaroaren iraupena 8 astekoa da, eta aipatu bezala, zeregin ezberdinak osatzen joango gara. Gutxi gorabehera 30 orduko lana eskatuko dio ikasleari. Ikastaroak 3 saio sinkrono ditu programatuta, baina irakaslearekin (nirekin) harreman zuzena izateko aukera egongo da ikastaro osoan zehar, ikasle bakoitzak dituen beharrei erantzuten jakitea ezinbestekoa baita. Ikastaro honetan eduki finko bat jasotzen den arren, ikasle bakoitzaren testuingurua eta zalantzak kontuan hartzen dira kasuan kasu azalpenak zabaltzeko.
Nori dago zuzenduta ikastaroa?
Hezkuntzara zuzendutako ikastaroa da, beraz, irakasleez gaiz, esparru horretan lan egiten duen edonori dago zuzendua.