"Ezinbestekoa da ikertzaileak zientzia komunikatzeko prestatuta egotea, ikertzaileen lanaren ataletako bat egindakoa komunikatzen jakitea da eta"
2025eko martxoaren 25a

"Zientzia dibulgazioa eta ikerketa" ikastaroa emango dute maiatzean online Koldo Garcia Etxebarriak (Basauri, 1982) eta Josu Lopez-Gazpiok (Tolosa, 1987). Garcia Genetikan doktorea eta UEUkidea da. Urte asko daramatza genetikaren dibulgazioan eta zientziaren gizarteratzearen garrantzia lantzen .Lopez-Gazpio Kimikan doktorea eta UEUkidea da. UEUren GOI ikastegiko irakaslea eta ikertzailea da. Zientzia-dibulgatzaile gisa aritzen da Tolosaldeko Atarian eta Zientzia Kaieran kolaboratzen du. Gaian interesa duen edonori zuzenduta dago ikastaroa, baina prezio berezia izango dute doktoretza egiten ari diren ikasleek.
Beharrezkoa da ikerkuntzan egindako lana gizarteratzea?
Bai, noski. Askotan uste dugu produktu zientifiko baten bizi-zikloa bukatzen dela aldizkari zientifiko batean argitaratzen denean. Baina bizi-ziklo hori luzatu daiteke, bizitza berriak eman, gizarteari egindako lana azalduta. Gainera, ez dugu ahaztu behar, zientziaren aurrerapenetan eta sortzen dituen onuretan parte hartzea giza eskubide bat dela. Parte hartzeko, halabeharrez, ulertu behar dira aurrerapen horiek eta, ondorioz aurrerapen horiek egiten dituzten pertsonek azaldu behar dituzte. Horretarako, gure ustez ezinbestekoa da ikertzaileak zientzia komunikatzeko prestatuta egotea, ikertzaileen lanaren ataletako bat egindakoa komunikatzen jakitea da eta.
Euskarazko dibulgazioan lan handia egin da azken urteotan...
Dibulgazioan aritzen garenak komunitate txiki bat bagara ere, euskal hiztunen komunitateari zientzia azaltzeko erantzukizuna argi dugu, bai zientziagatik, bai euskaragatik. Hala, hainbat formaturen bidez, zientzia euskaraz gizarteratu dugu eta produktu oso interesgarri eta onak sortu ditugu. Ez dugu ahaztu behar, orain dela bost urte COVID19aren pandemiaren harira, inoiz egin dugun dibulgazio-ariketa handiena egin genuela eta euskarazko dibulgazioa maila oso altukoa izan zela.
Zientzia-dibulgazioa bai... baina nola egin? Horretarako baliabideak eta aholkuak emango dituzue ikastaroan.
Saiatuko gara oinarrizko lanabesak eta gomendioak ematen, bai sarbide moduan, baita sakontzeko ere. Idatzizko nahiz ikus-entzunezko dibulgazioan murgiltzeko jakiteko beharrezkoak diren alderdiak landuko ditugu. Nabaritu izan dugu ikertzaileak ohituta daudela haien lanak zientzia-aldizkari entzutetsuetan argitaratzera edo biltzar espezializatuetan haien ikerketen berri ematera, baina, zure gai berean aditu ez den norbaiti zure ikerketaren berri ematea ez da lan erraza. Horrek ere entrenamendua behar du.
Zein izango da ikastaroaren metodologia?
Online izango bada ere, ikastaroan izena emango duten pertsonen parte-hartzea sustatu nahi dugu, galdera eta ariketa praktikoen bidez. Gainera, ez dugu nahi norabide bakarreko komunikazioa izatea, baizik eta denon esperientziak partekatzea, ikasle edo irakasle izan. Ikastaroa laburra izanik gako garrantzitsuenak eman nahi ditugu, eta ikaslearen eskura jarri bere jardunean garrantzitsuak izango diren tresnak. Lehen pausoa ematen lagundu nahi diegu, haien lanak dibulgatzen has daitezen.
Nori dago zuzenduta?
Dibulgazioan hasi edo hazi nahi duen edonorentzat, baina, bereziki, gonbita egiten diegu doktoregaiei, beren zientzia-karreraren hasieratik zientziaren gizarteratzean murgiltzeko.
Nabarmentzeko zerbait?
Erantzukizunez eta erantzukizunagatik egiten bada ere, dibulgazioa oso dibertigarria da eta komunitate oso adeitsua osatzen dugu dibulgazioan aritzen garenok. Ikastaroan euskal dibulgatzaileen adibideak ere emango ditugu eta jada badagoen sare honen berri emango diegu ikertzaileei, haiek ere sare horren parte izatera gonbidatuz.