Enara Retes Nuñez: "Genero-desberdintasunak eta estereotipatutako jarrerak Haur Hezkuntzako etapatik gertatzen dira"

2025ko urtarrilaren 28a

Enara Retes Nuñez: "Genero-desberdintasunak eta estereotipatutako jarrerak Haur Hezkuntzako etapatik gertatzen dira"

"Jolasaren arakatzea eta planteamendua genero-ikuspegitik Haur Hezkuntzako bost urteko gela batean" ikerlana aurkeztu du UEUren Uztaro aldizkarian Enara Retes Nuñezek (Abadiño, 2001). Haur Hezkuntzako Gradua du berak eta ikerlanaren gainean gehiago jakiteko izan gara berarekin.

Jolas sinbolikoaren eta generoaren arteko harremana ikertu nahi izan duzu. Zergatik?

Agerikoa da mendez mende igaro eta izan dela emakume eta gizonen arteko desberdintasuna. Horrekin batera, gizarteak helarazi eta barneratu dituen rolak esleitu zaizkie bai emakume zein gizon gisa irakurritako pertsonei. Gaur egun ere, nahiz eta alderdi askotan aldaketa handia gertatu den, horietariko estereotipo eta rolak aintzat hartu eta atxikitzen jarraitzen dugu gure egunerokotasunean, betiere, generoaren araberakoa izanik. Hori dela eta, gure haurrek, gizartearen partaide direnez gero, ikusten duten guztia ikasten eta imitatzeko joera dute. Horiek horrela, interesgarria iruditu zitzaidan haurrengan duen eragina eta, batez ere, haien jolasa bideratzeko orduan gertatzen ziren desberdintasunak aztertzea.

Aldi berean, hezkuntza-komunitateari egoera honen berri emateko aukeratzat ere ikusten dut azken finean, etorkizuneko gizartea hezten baikaude. Garrantzitsua iruditzen zait egoera honen kontzientzia hartzea eta hezkuntzatik zer egin genezakeen pentsatzea, eta ekitea.

Haur Hezkuntzako gela batean egin duzu behaketa. Zein izan da prozedura?

Ikerketa-prozesuari hasiera emateko, ezinbestekoa izan da informazioa biltzea eta gaiaren inguruan sakontzea. Behin hori eginda, hiru asteko iraupena izan duten behaketa ez parte-hartzailea gauzatu da Haur Hezkuntzako 5 urteko gela batean. Behaketa horietan, hiru asteetan zehar txokoetan zein jolas sinbolikoa aurrera eramaten zuten momentuetan gertatu diren genero-adierazpenak jaso dira. Halaber, txokoen aukeraketa behatua izan da, aldi berean, inauteri egunean aukeratutako mozorroak ere aztertu ziren. Datuak bildu ahal izateko, zenbait behaketa-orri sortu dira eta behin datuak esku artean izanda, kategorikoki antolatu dira, era egokian interpretatu eta aztertzeko xedearekin.

Zer erakutsi dute behaketaren emaitzek?

Behaketa xume bat izan den arren, esan genezake behaketako emaitzek erakutsi dutela, besteak beste, genero-desberdintasunak eta estereotipatutako jarrerak Haur Hezkuntzako etapatik gertatzen direla, genero-estereotipoak eta genero-rol desberdinak behatuak izan baitira hiru aste horietan.

Ondorio moduan, gainera, haien jolasean eta jolasteko eran zein materialen erabileran, gainerakoekin harremanak izateko eran eta txokoen edota mozorroen aukeraketan eragina izan zutela ondorioztatu da.

Genero-arrakala ikusita hezkuntza-komunitateak oraindik betebehar handia duela diozu. Zeintzuk dira erronka nagusiak?

Hezkuntza-komunitatea ezinbesteko kolektiboa da arazo honi aurre egiteko, nahiz eta halabeharrezkoa den aldaketari ekiteko grina sentitzea. Horretarako, garrantzitsua da kontzientzia hartzea, hau da, arazoa hor dagoela eta irakasle moduan betebehar handia dugula barneratzea. Horretarako, irakasle moduan, hausnarketa pertsonalari ekin behar diogu: Nolako irakaslea nahiz? Nolako irakaslea izan nahi dut? Zer balio helarazi nahi dizkiet nire ikasleei?... Honek, kontzientzia hartzen eta betaurreko moreak janzten lagunduko baitu. Erronka nagusia da, baita ere, komunitateko gainerako eragileen ekimena sustatzea eta elkarlanean aritzea, hezkuntza-sistema aldaketari ekiteko kolektibo garrantzitsua den arren, ezinbestekoa baita gainerako kolektiboek ere norabide berean lan egitea. Azkenik, aurrekoarekin bat eginez, irakasleak garen heinean eta etorkizuneko gizartearekin lanean gaudela kontuan hartuta, aldaketari ekiteko ahalmen handia dugulakoan egon behar dugu, gure esku asko baitago eta batere lan erraza ez den arren, merezi duen lan eta esfortzua baita.

Uztaro aldizkarian argitaratu dituzu ikerketaren emaitzak. Garrantzitsuak dira horrelako plataformak?

Garrantzitsuak baino areago, ezinbestekoak direlakoan nago. Uztaro aldizkariak zein antzeko plataformek gure kezken aburuz egindako lana eta, batez ere, jasotako emaitzak ezagutzera ematen dituztelako eta, aurretik esan bezala, arazoa existitzen dela jakitea, aldaketari ekiteko lehenengo pausoa baita. Bestetik, euskara hutsean lan zientifikoak argitaratu ahal izatea, beharrezkoa delakoan nago, eta eskertzekoa da Uztaro bezalako aldizkariak egotea, azken batean gure hizkuntzatik gure komunitatera zabaltzeko egindako lanak zein ateratako emaitzak. Hori baita ikerketaren bitartez bilatzen duguna, ateratako emaitzen bitartez gizartean eraldaketa soziala bilatzea eta sustatzea, kasu honetan, Haur Hezkuntzako geletako jolas sinbolikoa genero-ikuspegitik aztertuaz.

Jakintza-arloak